GIRONA 1-0 OSASUNA

Osasuna ezinak jota dabil oraindik Iruñetik urrun

Nafarrek kolpe mingarria hartu dute Gironaren zelaian. Ez dira aurkaria baino gutxiago izan, baina galdu egin dute halere. Zehaztasuna falta izan zaie ate aurrean; Girona gutxiago iritsi da, baina Vanatek garaipena eman dio. Amaiera beroa izan du lehiak.

Gironak gola sartu duenekoa. Irudian, Sergio Herrera Osasunako atezaina, baloia geratu ezinik. DAVID BORRAT / EFE
Gironak gola sartu duenekoa. Irudian, Sergio Herrera Osasunako atezaina, baloia geratu ezinik. DAVID BORRAT / EFE
enaut agirrebengoa
2026ko urtarrilaren 10a
21:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Osasunak oraindik ez daki zer den Sadarretik kanpo irabaztea. Gaur madarikazioa apurtu zezakeela sinetsita zegoen Nafarroako taldea, sasoiko garairik gozoenean egonik. Aurkari zuzen baten aurka neurtu behar zituen indarrak; beraz, sekulako balioa zuen garaipenak. Bada, ez hiru, ez bat: puntu bakar bat ere ez du zakuratu Gironari egin dion bisitan, eta beste aste batez, ligako talderik kaskarrena izango da etxetik kanpo.

Merezi baino kolpe handiagoa hartu du Alessio Liscik zuzentzen duen taldeak. Gol aukera ugari sortu du, eta talde lehiakor eta ausarta izan da askotan, baita sendoa ere. Atzean huts bat egitea aski izan da, ordea, Gironak markagailuan aurrea hartu zezan. Unerik txarrenean izan da, atsedenaldiaren atari-atarian. Lehenago, gorritxoak ez dira gai izan erasoko saiakerak biribiltzeko, eta bigarren zatian ere ez dute asmatu ate aurrean. Haien kalterako, gainera, lehia erabat katramilatu da azken txanpan. Gironak jokalari bat gutxiago zuela amaitu du neurketa, Lass Aimarri oldartu zaiolako.

Alessio Lisci pozik geratu zen bere taldeak Athleticen aurka erakutsitakoarekin; hainbesteraino, ezen hamaikako bera plazaratzea erabaki baitu. Zalantza nagusia zen ea nork jokatuko zuen defentsako ezker hegalean. Bueltan zen Abel Bretones, zigorra bete eta gero, baina Javi Galanek joan zen astean izandako debut aparta saritu du Liscik, Atletico Madriletik iritsi den jokalaria berriz ere titular gisa ipinita.

Nafarrak irabazteko asmoz irten dira, eta baloia bere egin dute neurketaren hastapenean. Gironak, ordea, ezbaian jarri du gero bisitarien nagusitasuna. Ia sasoi osoa jaitsiera postuetan igaro dute kataluniarrek, baina kalitate handiko jokalariak dituzte, eta azken asteetan distira egiten hasiak dira. Osasunak ere goranzko joera izan du, eta ez da ezkutatu Montilivin. Horiek horrela, bi taldeek lehia bizi eta parekatua izan dute lehen zatian. Aukera gehien gorritxoek izan dute, eta horregatik, are mingarriagoa izan da Vanat ukrainarrak atsedena ate joka zela sartu duen gola. Osasuna merezi gabeko kolpea hartuta joan da aldageletara.

Horren aurretik, barneraldi ugari egin ditu ezker hegaletik, Victor Muñozen eta, batez ere, Javi Galanen eskutik. Erdiraketetan Gironak duen ahulezia baliatu nahi zuten nafarrek, eta Budimirrek lau jaurtiketa egin ditu area barruan; alabaina, ez da gai izan baloia aterantz bideratzeko. Protesta egiteko beta ere izan du kroaziarrak, erremate bat egiten saiatzean heldu egin diotela eta. Victorrek, berriz, trabarik gabe jaurti du 35. minutuan, arearen bihotzean: Ruben Garciaren akrobazia goleko pase bilakatu da, baina kataluniarrak oker errematatu du. Gironari dagokionez, Tsigankovek faltaz egindako jaurtiketa zehatz bat izan da 1-0ekoa sartu aurretik etxekoek izan duten aukerarik garbiena. Baloia zutoinetik gertu irten da.

Urduriegi gauza onerako

Defentsan bigun agertu den jokaldi bakanetako batean, lehen gola sartu diote Osasunari. Alex Morenori sukalderaino sartzen utzi, eta Vanatek sotilki gainditu du Sergio Herrera. Hortik aurrera, gorritxoei kosta egin zaie erasoan txinparta piztea, baina, edozein moduz, hiru aukera garbi izan dituzte banako gola egiteko. Horietako bik Ruben Garciaren sinadura izan dute: 57. minutuan langara jaurti du areaz kanpotik, eta lehia bukatzeko ordu laurdena falta zela, falta bat oso gutxirengatik joan zaio kanpora. Hortik gutxira, Torro bakarrik agertu da penalti puntuan, baina ezin izan du buruz baloia sareratu.

Erasoan gutxi agertu arren, kosk egiten saiatu da Girona: Herrera gelditu bikaina egitera behartu du Bryan Gilek, eta Vanatek baliorik gabeko gol bat sartu du; jokoz kanpo zegoen, doi-doia. Osasuna urduritu egin da azken minutuetan, partida katramilatu ahala. Hainbat ika-mika izan da, eta aulkian zeuden jokalari gorritxoak tximista bezala atera dira Lass Aimarri oldartu zaionean. Haserreak penari eman dio bide, atzerako urratsa egin baitu Osasunak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.