Lana gogor egin dute gorritxoek, baina esku hutsik bueltatuko dira etxera. Ligako lehen partida 1-0 galdu dute Real Madrilen aurka, Santiago Bernabeun. Mbappek sartu du neurketako gol bakarra, bigarren zatia hasi eta gutxira, penaltiz. Defentsan lan ona egin du Osasunak, baina ez da nahikoa izan Madrilen punturen bat arrantzatzeko. Bukaeran ez du asmatu aurkaria estutzen. Sentipenak, halere, onak izan dira.
Epaileak txistua jo orduko, Real Madrilek hartu du jokoaren ekimena; patxadaz mugitu du baloia alde batetik bestera, hutsunea non topatuko. Gorritxoek defentsako lanean jarri dute arreta: atzean kokatu dira jokalariak, elkarrengandik gertu, eta ondo eutsi diote Xabi Alonsok zuzendutako taldeari.
Halaxe, elkarri neurria hartu nahian aritu dira biak; ez da ezer esanguratsurik gertatu lehen ordu laurdenean. Parean ligako talde onenetako bat izanda, seinale ona zen hori nafarrentzat. Izar asko ditu Madrilgo taldeak, baina kostatu zaie Osasunari min egitea: ezin taldekako jokaldietan, ezta bakarkakoetan ere. Huijsenek urrutitik jaurti du baloia 18. minutuan, eta orduantxe agertu da aurrenekoz Herrera; arazo handirik gabe urrundu du baloia. Militaok ere egin du saiakera geroago, baina ondo erantzun du gorritxoen atezainak.
Pixkanaka hasi da Real Madril area ingurura iristen eta arrisku handiagoa sortzen, baina askorik sufritu gabe geldiarazi dituzte nafarrek. Konfiantzaz egin diote aurre aurkariari.
Alessio Lisci teknikariaren planteamendua argia izan da: atzean sendo egon, defentsan lagundu, eta erasoan sustoren bat ematen saiatu. Neurri handi batean, lortu du, lehen zatian behintzat. Juan Cruz Osasunako atzelariak hauxe esan du atsedenaldian: «Bagenekien nolako partida izango zen, horretarako prestatu gara. Entrenatzaileak esan digun bezala, disfrutatu egin behar dugu defendatzen. Uste dut ondo ari garela; horrelaxe jarraitu behar dugu. Ezin dugu erritmoa jaitsi, badakigu nolako jokalariak dituzten».
Hautsiago hasi da, baina, bigarren zatia, eta berehala aprobetxatu du Real Madrilek. 50. minutuan epaileak penaltia adierazi du etxekoen alde: Mbappek bota du, baita sartu ere.
Azken minutuan, txartel gorria
Urrats bat aurrera egin du Osasunak, halabeharrez. Horretarako, Liscik ere mugitu du aulkia: Victor Muñoz sartu du Ruben Garciaren ordez. Bi taldeak saiatu dira gola sartzen: Osasuna berdinketarena, eta, Real Madril, lasaitasunarena. Hala ere, nafarrek ez dute jo erasora zoro moduan, jakinda hori eginez gero zaila izango zutela aurkaria kontraerasoan frenatzea.
Azken minutuetara punturen bat lortzeko aukerarekin iritsi dira, eta orduantxe egin du apustua Osasunako entrenatzaileak: 85. minutuan atzelari bat kendu eta aurrelari bat zelairatu du: Raul, Juan Cruzen ordez. Aldaketak, baina, ez du fruiturik eman. Apenas sortu duen arriskurik Nafarroako taldeak.
Gainera, 94. minutuan epaileak txartel gorria atera dio Bretonesi, besoa luzatu eta Gonzalo jo duela iritzita. Hegalekoak ezingo du jokatu ligako hurrengo neurketa, beraz. Ez du partida txarra egin Osasunak, baina galdu eta jokalari bat gutxiagorekin amaitu du lehia; amestutako hasiera ere ez da izan.
Real Madril-Osasuna
Real Madril. Courtois; Trent (Carvajal, 68. min.), Militao, Huijsen, Carreras; Valverde, Tchouameni, Guler (Ceballos, 90. min.); Brahim (Mastantuono, 68. min.), Mbappe eta Vinicius (Gonzalo, 78. min.).
Osasuna. Sergio Herrera; Rosier, Boyomo, Catena, Juan Cruz (Raul, 85. min.), Bretones; Moncayola, Torro; Ruben Garcia (Victor Muñoz, 66. min.), Aimar (Moi Gomez, 78. min.); eta Budimir.
Golak. 1-0: Mbappe (51. min.).