Espanyol 1-0 Osasuna

Osasunak galdu egin du Espanyolen zelaian

Romerok bigarren zatian sartu duen golak erabaki du lehia. Catenak abagune ezin hobea izan du luzapenean, baina ez du asmatu.

Oroz eta Lozano lehian, gaur, Bartzelonan. ENRIC FONTCUBERTA / EFE
Oroz eta Lozano lehian, gaur, Bartzelonan. ENRIC FONTCUBERTA / EFE
Paulo Ostolaza.
2025eko abuztuaren 31
21:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Osasuna esku hutsik itzuli da Bartzelonatik. Espanyol Osasuna baino hobea izan da, eta Carlos Romerok 52. minutuan sartutako golak eman dizkie hiru puntuak etxekoei. Catenak berdinketa lortzeko aukera paregabea izan du 92. minutuan, baina atzelariak ez du asmatu.

Lehen minutuetatik, Osasunak arazo ugari izan ditu baloia jokatuta ateratzeko. Espanyolen presioak ito egin ditu gorritxoak, gogotik sufritu dute, eta berdinketari eutsi badiote, Sergio Herreraren zenbait geldiketa bikaini esker eutsi diote. Minutuak pasatu ahala, ordea, hobera egin du Alessio Lisciren taldeak, eta gola ere gertu izan du Budimirrek, Victor Muñozen jokaldi baten ostean. 

Bigarren zatia lehenengoa bezalaxe hasi da, etxeko taldea nagusitu da, eta une hori baliatu du gola sartzeko. Erdiraketa bat urrundu du Osasunako defentsak, baina baloia area ertzean geratu da, eta ederki errematatu du Romerok 1-0ekoa egiteko. 

Golaren ostean pauso bat aurrera eman du Osasunak, baina ez du aukera argirik sortu luzapenera arte. Rosierrek erdiraketa zoragarria bidali du area txikira, Catenak nahikoa zuen baloia bultzatzearekin, baina atzelariak ez du asmatu. 92. minutua zen, eta ez da askoz gehiagorako denborarik izan. Osasuna garaipen bat eta bi porrot zakuan dituela iritsiko da datorren asteko etenaldira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.