Osasunak ez du denboraldi amaiera lasaia izango. Nafarroako taldea asmo handiagoko helburuetan hasi da pentsatzen denboraldiko helburu nagusia bete aurretik: mailari eustea. Arreta galdu du Europarako sailkatzeko aukeran pentsatzen, eta garesti ordaindu du, galdu egin baititu azken bost partidetatik lau; azkena, gaur gauean, Sadarren, Atletico Madrilen aurka (1-2).
Bolada txar horren ondorioz, zaildu egin zaio egoera, hiru puntura besterik ez baititu jaitsiera postuak, jardunaldi hau hasi baino bi puntu gertuago. Bi partida falta zaizkio jokatzeko: lehena, Espanyolen aurka, Sadarren, eta, azkena, Getafen (Espainia). Lehenbailehen suspertu beharra du, eta etxeko lanak azkar egin, azken orduan gogotik sufritu nahi ez badu.
Osasunak hiru puntura ditu ere Europarako sailkatzeko postuak, baina lehia horretan ari diren talde gehienek ez dute jokatu oraindik jardunaldi honetan. Gertatu zaiona ikusita, komeni zaio kontu horiek bazter batean uztea. Arreta osoa izan behar du mailari eusteko helburuan.
Gaur, hirugarrenez jarraian galdu du, bigarrenez jarraian Sadarren. Seinale txarra da hori, Osasuna inon talde sendoa baldin bada, bere zaleen aurrean baita. Baina eskas dabil azkenaldian: defentsan, sendotasuna falta zaio; zelai erdian, argitasuna; eta, erasoan, eraginkortasuna. Gabezia horiek guztiak azaleratu ditu gaur, eta Atletico Madrilek etekina atera die.
Osasunak gogotsu ekin dio partidari, baina kolpea jaso du hasi eta gutxira: hamabigarren minutuan, Mendoza bakarrik geratu da Aitor Fernandezen aurrean, jaurti egin du, eta atezainak aldaratu. Griezmannek harrapatu du aldaratzea, eta berriro jaurti. Baloiak Galanen eskuan jo du. Epaileak ez du ezer adierazi, baina iritzia aldatu du jokaldia telebistan ikusi eta gero. Lookmanek bota du penaltia, eta 0-1ekoa sartu du. Partida eta egoera zailtzen ari zitzaien gorritxoei.
Ez dute behera egin, eta gogotsu aritu dira. Budimirrek bi aukera izan ditu hurrengo minutuetan, baina ez du asmatu. 37. minutuan, bigarren kolpea jaso du Osasunak, Raul Morok min hartu baitu, eta zelaia utzi behar izan baitu. Kike Barjak ordezkatu du. Handik gutxira, Pubillek gutxigatik ez du sartu bigarren gola, baina Aitor Fernandezek geldiketa bikaina egin dio. Horrek ere ez ditu kikildu gorritxoak, eta ekinean jarraitu dute. Lehen zatia amaitzear zela, erdiraketa batean Mussok Budimir jo du eskuarekin, eta epaileak penaltia adierazi du. Baina bigarren aldi honetan ere iritzia aldatu du jokaldia telebistan ikusi eta gero, eta baliogabetu egin du penaltia. 0-1ekoarekin bukatu da lehen zatia.
Bigarren zatian gogotsu atera da berriro Osasuna, eta Kike Barjak lehen aukera izan du. Gutxigatik ez du sartu gola. Askoz gertuago izan du gola Budimirrek 66. minutuan, buruz, baina Mussok geldiketa ederra egin dio. Budimirrek izan ez duen eraginkortasuna izan du Sorlothek handik gutxira, eta Atletico Madrilen bigarren gola sartu du. 71. minutua zen. Bigarren gola jaso eta gero, gorritxoei ia ezinezko jarri zaie punturen bat lortzea.
Epaileak txartel gorria atera dio Marcos Llorenteri 79. minutuan, eta jokalari bat gehiagorekin estutu egin du Osasunak. Kike Barjak aldea murriztu du 91. minutuan, are barruan jaurti eta gola sartuta. Azken txanpan, heldu egin diote Budimirri area barruan, baina epaileak adierazi du aurrelariak eskuarekin ukitu duela baloia. Osasunako jokalariak kexatu egin dira epaileak egindako lanarekin. Horrela bukatu da norgehiagoka. Â
OSASUNA-ATLETICO MADRIL
Osasuna. Aitor Fernandez; Rosier, Catena, Boyomo, Galan (Bretones, 60. min.); Torro (Aimar, 72. min.), Moncayola; Ruben Garcia (Raul, 60. min.), Moi Gomez (Osanbela, 72. min.), Raul Moro (Kike Barja, 37. min.); eta Budimir.
Atletico Madril. Musso; Marcos Llorente, Pubill, Hancko, Ruggeri; Vargas, Koke, Mendoza (Le Normand, 18. min.); Almada (Sorloth, 46. min.), Griezmann eta Lookman (Lenglet, 82. min.).
Golak. 0-1. Lookmanek, penaltiz (15. min.). 0-2. Sorlothek (71. min.). 1-2. Kike Barjak (91. min.).