Osasuna 1-2 Bartzelona

Osasunak galdu egin du etxean, penalti eztabaidagarri baten eraginez

Galdu arren, taldearen jokoarekin pozik zegoen Jagoba Arrasate entrenatzailea: «Hau da bidea», esan du.

Ortiz Arias epailea rabakigarria izan zen emaitzan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
2023ko irailaren 04a
07:53
Entzun

Epaileen erabakiak garaipena eman zion Bartzelonari atzo Iruñean. Gorritxoek estu hartu zituzten kataluniarrak bigarren zatian, baina, jokaldi eztabaidagarri baten ostean, epaileek Osasunaren aurkako penaltia ebatzi zuten, partida amaitzeko hamar minutu falta zirela.

Europako lehian aste honetan bertan jokaturiko partidaren ostean, jokalari taldea fresko zelairatzea erabaki zuen Jagoba Arrasate entrenatzaileak.

Kataluniarrek lehenengo aukera eduki zuten partida hasi eta bi minutura, Frenkie De Jongek baloi bat Osasunaren ateko eskuineko zutabearen aurka bota zuenean. Bartzelona baloiaren jabe izan zen lehenengo zatian, baina gorritxoek abiadarekin erantzun zioten, kontraerasoaren bila.

Halakoetako batean, gola sartzeko zorian egon zen Aimar Oroz. Aresoren eta Ruben Garciaren artean, jokaldia sortu zuten, eta Orozi hanketan jarri zioten baloia Bartzelonaren arearen barruan. Baina saririk gabe geratu zen jokaldia. Nabarmentzekoa da Ter Stegen atezainaren lana.

Atsedenaldiaren aurretik heldu zen kataluniarren lehenengo gola. Koundek erraz eginiko tiroak aurreratu zituen bartzelonarrak.

Beste partida bat jokatu zuten bigarren zatian. Partidaren lema hartu zuten nafarrek. Izan ere, Arrasatek Chimy Avila, Barja eta Budimir zelairatu zituen, eta horrek bultzada eman zion taldeari. 76. minutuan, gola ekarri zuen erasoaldi batek. Ezkerrarekin baloikada gogorra jaurti zuen Avilak, eta, zutabea jo ostean, Stegenen sarean sartu zen.

Halere, partida epaileek ebatzi zuten. Jokaldi zalantzagarria gertatu zen Osasunaren arearen barruan, partida amaitzeko hamar minutu falta zirela. Ortiz Arias epaileak bideoaren bidez aztertu behar izan zuen, baina zalantza gutxi agertu zuen: Osasunaren kontrako penaltia ebatzi zuen, eta Catenari txartel gorri zuzena ateratzea, Lewandoskiri heldu ziolakoan. Azken horrek sartu zuen penaltia.

«Hau da bidea»

Emaitzak emaitza, Arrasate pozik zegoen partidarekin, ostean eginiko agerraldian. Osasunaren bertsio ona ikusi zuela esan zuen. «Harro gaude, baina pena dugu partida ederra egin dugulako, saria jaso ez badugu ere».

Arrasatek nabarmendu zuen taldeari bederatzi jokalari aldatuta ere, ondo jokatzeko gai izan dela. «Pozik nago jende horren maila ikusita. Jokalariak gehitu dizkiogu geure kausari. Hau da bidea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Irakurrienak
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.