Getafe 3-2 Osasuna

Osasunak galdu egin du Getafen, azken minutuetan gola sartu baitiote

Maksimovitxek 86. minutuan sartu du garaipenaren gola, buruz. Osasunaren golak Iker Muñozek eta Budimirrek sartu dituzte.

Aimar Oroz baloiarekin, gaur, Getafen. FERNANDO ALVARADO / EFE
2023ko irailaren 17a
18:12
Entzun

Osasunak ez du punturik lortu Getafen. Etxeko taldeak hiru gol sartu dizkio buruz, bi geldikako jokaldietan, eta Iker Muñozen eta Budimirren golak ez dira nahikoa izan. Bartzelonaren aurkakoaren ostean, Osasunak bigarren porrota du jarraian.

Lehen ordu erdia geldoa izan da. Bi taldeak euren zelaian sendo zeuden, eta arrisku gutxi sortu dute erasoan. 36. minutuan iritsi da neurketa aztoratu duen jokaldia: Mitrovitxek buruz errematatu du korner bat, indartsu, eta Sergio Herrerak ezin izan du ezer egin. Osasuna, ordea, zertxobait hobea izaten ari zen, eta atsedenaldiaren aurretik jaso du saria. Iker Muñoz izan da golegilea.

Lehen zatia amaitu bezala hasi da bigarrena, bi golekin. Lehenengoa, buruz, Carmonak etxekoentzat; bigarrena, penaltiz, Budimirrek bisitarientzat. Kroaziarrari berari egin dio penaltia David Soria atezainak.

Bi taldeetako bat ere ez da, ordea, berdinketarekin konformatu, eta erasora jo dute biek. Azken minutuetan, aldaketei esker, hobea izan da Getafe, eta nagusitasun hori markagailura eramatea lortu du. Maksimovitxek sartu du gol erabakigarria, 86. minutuan, buruz, beste korner bat errematatuta. Moi Gomezek izan du neurketa berdintzeko aukerarik onena, 96. minutuan, baina gutxigatik kanpora joan zaio jaurtiketa.

Sailkapen nagusiari dagokionez, behin-behinean hamabigarren da Osasuna. Datorren larunbatean Sevilla jasoko du Sadarren (16:15, Dazn).

Getafe: Soria; Damian, Duarte (Arambarri, 61'), Mitrovitx, Gaston (Diego Rico, 88'); Djene, Maksimovitx, Carmona (Aleña, 61'), Mata (Oscar, 61'); Mayoral eta Latasa (Greenwood, 77').

Osasuna: Herrera; Ruben Peña (Areso, 88'), David Garcia, Herrando, Juan Cruz; Iker Muñoz, Moi, Oroz (Ibañez, 79'); Avila (Ruben Garcia, 68'), Barja (Arnaiz, 68') eta Budimir (Raul Garcia, 79').

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.