OSASUNA 0-1 VALENTZIA

Osasunak galdu egin du Sadarren Valentziaren aurka

Osasuna Valentzia baino gehiago izan da, baina bisitariek etxekoen huts bat baliatu dute partida hasieran neurketako gol bakarra sartzeko. Budimirrek penalti bat huts egin du 97. minutuan. Gorritxoei izugarri zaildu zaie Konferentzia ligarako sailkatzea.

Jorge Herrando, etsita, aukera bat huts egin ondoren. JESUS DIGES / EFE
Jorge Herrando, etsita, aukera bat huts egin ondoren. JESUS DIGES / EFE
Julen Etxeberria.
2024ko apirilaren 15a
23:07
Entzun

Osasunak atzerapausoa eman du zazpigarren postuan sailkatu eta Konferentzia liga jokatzeko helburuan. 0-1 galdu du gaur gauean Sadarren Valentziaren aurka. Gehiago merezi izan du, aurkaria baino gehiago izan baita. Baina ez du asmatu ate aurrean, eta garesti ordaindu du partidan egin duen huts bakarra. Hori aski ez, eta 97. minutuan aukera izan du gutxienez berdintzeko, baina Ante Budimirrek penaltia huts egin du.

Gaur galdu eta gero, talde gorritxoari izugarri zaildu zaio liga zazpigarren postuan amaitzea. Zazpi jardunaldi falta direlarik, Valentzia dago postu horretan, 47 punturekin. Osasuna, berriz, 11. postuan dago, zortzi puntu gutxiagorekin: 39. Balentria handia egin beharko lukete nafarrek bigarren urtez jarraian Europarako sailkatzeko.

Igarri egin da Osasunak hilabete zeramala Sadarren jokatu gabe, eta lehen partida zela etxean Jagoba Arrasatek sasoi amaieran kluba utziko duela jakinarazi zuenetik. Taldeak eta zaleek gogotsu ekin diote partidari. Baina berehala izan dute lehen sustoa, hamalaugarren minutuan. Sergio Herrera gaizki irten da, eta Hugo Duro bakarrik geratu da atearen aurrean hura hutsik zegoela. Gorritxoen zorionerako, Jorge Herrando oso azkar ibili da, eta baloia kendu dio Valentziako aurrelariari.

Baina bisitariek ez dute barkatu. Hemezortzigarren minutuan bizi irten dira kontraerasoan, Osasunako atzelariek huts egin dute, eta bakarrik utzi dute Andre Almeida, hark eskuinkada ederraz gola sar zezan. Golak jota utzi ditu etxekoak, eta garesti ordaintzekotan egon dira, Valentziak aukera bat baino gehiago izan baitu hurrengo minutuetan bigarren gola sartzeko.

Baina, zaleen animoei esker, pixkanaka suspertu egin dira Arrasatek entrenatutakoak. Lehenbizi, aginte makila hartu dute; eta, gero, lehen aldiz arriskua sortzen hasi dira. Moi Gomezek izan du aukerarik garbiena lehen zatian, 39. minutuan, baina haren jaurtiketak zutoina jo du baloiak Javi Guerra ukitu eta gero. Jokaldi horrek hauspotu egin ditu etxekoak, eta aurkaria estu hartuz bukatu dute lehen zatia. Hala ere, ez dute lortu gola sartzea.

Ekinean jarraitu dute bigarren zatian, baina asmatu ezinik aritu dira. Budimirrek izan du lehen aukera, 64. minutuan, baina aurrelari kroaziarrak gaizki errematatu du Ruben Garciak eskuin hegaletik egindako erdiraketa. Budimirrek izan du beste gol aukera bat, 75. minutuan, baina haren jaurtiketa kanpora joan da gutxigatik. Herrando ere gola sartzear egon da, buruz, 88. minutuan.

Eraso betean ari zen Osasuna, eta, 93. minutuan, Hugo Guillamonek ostikoa eman dio Budimirri area barruan. Epaileak ez du ezer adierazi, baina penaltia adierazi du jokaldia telebistan ikusi eta gero. Budimir joan da botatzera, baina, jaurtitzear zela, nahastu egin da, eta mantso eta Giorgi Mamardaxviliren eskuetara bota du baloia. 97. minutua zen. Ez da gehiagorako astirik izan. Modurik krudelenean amaitu da partida.  

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.