Esaera zaharrak dioen bezala dabil Osasuna: kalean uso, eta etxean otso. Talde gorritxoak hiru partida jokatu ditu Sadarren, eta horietatik bi irabazi ditu, eta bat berdindu. Etxetik urrun, ordea, bi jokatu ditu, eta biak galdu; azkena, gaur gauean, Vallecasen, Rayoren aurka: 3-1.
Vicente Morenok entrenatzen duen taldea hobeto aritu da Gironan baino (Herrialde Katalanak); ez zen zaila, Montilivin itxura oso eskasa eman baitzuen, eta astindua hartu: 4-0. Hobeto aritu da gaur, baina ez nahikoa punturen bat eskuratzeko. Osasunak sartu du lehen gola, baina gero ez da gai izan aldeari eusteko, eta, azkenerako, Rayok irauli egin du emaitza.
Ez da ukitu behar ondo dabilena. Horixe pentsatu du Vicente Morenok, eta azken neurketan Celtari irabazi zion hamaikako ia berberaren alde egin du. Aldaketa bakarra egin du, eta behartua izan da, Budimir kili-kolo ibili baita azken egunetan, Kroaziako selekzioarekin jokatu eta gero. Raul Garcia de Harok ordezkatu du.
Aldaketa ondo atera zaio Osasunako entrenatzaileari, aurrelari kataluniarrak sartu baitu norgehiagokako lehen gola, 27. minutuan. Muminek gaizki urrundu du baloia defentsan, Raul Garcia del Harok jaso du baloia area kanpoan, dotore, eta oraindik eta dotoreago jo du buelta erdian, zuzenean Rayoren atearen eskuairara. Gol horrek zelaian nabari zen parekotasuna hautsi du. Hala amaitu da lehen zatia. Osasunak aldeko zuen lehia.
Bi gol hamazazpi minutuan
Baina aldea ezerezean geratu da bigarren zatia hasi eta berehala. 50. minutuan, Muminek baloia jaso du ezker hegalean, eta jaurtiketa ikusgarria egin. Baloia ziztu bizian atera da Sergio Herreraren aterantz, eta zutoina ukitu eta gero, sareetara joan da. Gola sartuta, Rayoko atzelariak arindu egin du gorritxoek gola sartzean egindako hutsa.
Berdinketak etxeko taldea hauspotu du, eta Osasuna oso estu hartzen hasi da. 61. minutuan, Camello gola sartzear izan da, baina Herrerak salbatu egin ditu gorritxoak. Beste horrenbeste egin du handik gutxira Isik area kanpotik egindako jaurtiketa bat urrunduta. Hirugarrenean, ordea, ezin izan du ezer egin. 67. minutuan, Chavarriak erdiraketa egin du ezkerretik, Ratiuk area erditik errematatu du, eta baloia ate barrura joan da Pablo Ibañezek ukitu eta gero. Hamasei minutuan, Rayok buelta eman dio emaitzari.
Bigarren gola kolpea izan da gorritxoentzat, eta etsipenak zenbait minutuz iraun die. Nola edo hala egin dute aurrera, eta saria lortzekotan egon dira: 83. minutuan, Abel Bretonesek ezkerretik erdiratu du, eta Ruben Peñaren burukadak zutoina orraztu du.
Osasunak ez du asmatu. Bai, ordea, Rayok. 95. minutuan, Unai Lopezek baloia hartu du bere zelaian, Osasunaren arearaino eraman, eta jaurtiketa neurtua egin du. Gol horrek eman die azkena gorritxoei. Berriro esku hutsik egingo dute etxerako bidaia. Larunbatean arindu beharko dute atsekabea, Sadarren, Las Palmasi irabazita.