Osasunak gutxienez zail jarri nahi dio Bartzelonari

Gorritxoak garaipenen bidera itzuli ziren astelehenean, eta Bartzelona liderra estu hartzen saiatuko dira gaur. Bisitari gisa oraindik ez dute irabazi, baina onenen zelaietan duin aritu dira. Litekeena da bost atzelariko sistemara itzultzea.

Osasunako Ante Budimir baloia babesten, asteleheneko Levanteren aurkako partidan. VILLAR LOPEZ / EFE
Osasunako Ante Budimir baloia babesten, asteleheneko Levanteren aurkako partidan. VILLAR LOPEZ / EFE
enaut agirrebengoa
2025eko abenduaren 13a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Emaitza bainoago, lehiakortasuna izango da gaur Osasunaren jarduna epaitzeko irizpide egokiena. Camp Noun ariko da, Bartzelonaren zelaian (18:30, Movistar), eta Iruñera punturik gabe itzultzea litzateke logikoena. Galduz gero, zale gorritxoek ez dituzte eskuak burura eramango, betiere taldea ez bada jostailu hautsi bat bilakatzen ligako liderraren aurrean. Osasunak lau puntu bildu ditu azken bi jardunaldietan, eta, Levanteri astelehenean irabazi eta gero, gehiegizko presiorik gabe jokatu ahalko du Camp Nou erdi eraberrituan. Ondo lehiatzea izango da kontua, eta zantzu baikorrak pilatzen jarraitzea.

Eraikitze lanek oraindik luze joko dute kataluniarren estadioan, eta Osasuna ere antzeko fase batean dagoela dirudi. Alessio Lisci buru duen proiektua urrun dago oraindik bikaintasunetik. Teknikari italiarrari zaila egiten ari zaio bere koadernoan ageri diren printzipioak Nafarroako taldean txertatzea, eta, emaitza txarrak kateatu ahala, pragmatismorantz egin du. Gorritxoek bi hilabete pasatu dituzte ligan garaipenik lortu gabe, eta, horiek horrela, apaingarriak alde batera utzi eta lehiakortasuna berreskuratzea jo dute helburu nagusitzat. Alde horretatik, hobera egin dute azken bi jardunaldietan: Mallorcaren aurka, ez zuten etsi bi goleko desabantaila izan arren, eta puntu baliotsua patrikaratu zuten; eta Levanteren kontra, berriz, golik jaso gabe eta gol aukerak ondo baliatuta gailendu ziren. Ildo horri eutsi eta Bartzelonari gutxienez hortzak erakusten saiatuko dira gaur.

Irabazteko itxaropena izatea ere ondo dago, baina Camp Noun apenas izaten duen pitzadurarik Bartzelonak. Sasoi honetan, adibidez, etxean jokaturiko neurketa guztiak irabazi ditu ligan: zortzitik zortzi. Gainera, batez beste hiru gol baino gehiago sartu ditu partida horietan —26 guztira—. Kataluniarrak iaz baino zaurgarriagoak dira, eta gol dezente sartu dizkiete atzeko lerroa asko aurreratzearen ondorioz; baina, era berean, kolpeei erantzuteko gaitasun harrigarria dute oraindik ere —jada zazpi partidatan irauli dute markagailua—. Goi mailan jardun beharra dago Hansi Flickek zuzendutako taldea bere zelaian mehatxatzeko, eta, orain arte, bisitari gisa eskas aritu da Osasuna: zortzitik sei partida galdu ditu, eta oraindik ez du garaipenik lortu. Hori bai, itxura duina eman zuen Real Madril, Vila-real eta Atletico Madrilen aurka. Heldulekutzat balio dezake.

Gorritxoek oso sendo jardun beharko dute gaur, eta, asmo horrekin, bost atzelariko sistema berrezar lezake Liscik. Boyomok, Aimarrek eta Torrok minez bukatu zuten asteleheneko partida, baina jokatzeko moduan daude. Ikusteko dago nor ariko den eskuin hegalean: Argibide, Moncayola eta Rosier dira hautagaiak. Liscik ezingo du Juan Cruz zelairatu, gripeak jota baitago. Teknikari italiarrak aldarte onean dakusa taldea. «Geroz eta konfiantza handiagoa dugu. Olatu txiki bat hartu dugu azken partidetan, eta jarraipena eman nahi diogu». Ez du gaurko lehia «Bartzelonaren festa» bilakatzerik nahi, eta, horretarako, funtsezkotzat jo du trantsizioak behar bezala defendatzea.

Bartzelona: Joan García; Kounde, Cubarsi, Gerard Martin, Balde; Eric Garcia, Pedri; Fermin; Lamine Yamal, Raphinha eta Lewandowski.
Osasuna: Herrera; Rosier, Boyomo, Catena, Bretones; Ruben García, Moncayola, Torro, Aimar; Budimir eta Víctor Muñoz.
Epailea: Adrian Cordero.
Tokia: Nou Camp
Ordua: 18:30 (La Liga).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.