OSASUNA 2-0 ATLETICO MADRIL

Osasunak inoiz baino gertuago du Europa

Talde gorritxoak Atletico Madrili irabazi dio Sadarren, eta Konferentzia ligarako sailkatzeko lehia bete-betean sartu da. Buruz sartu dituzte etxekoek partidako bi golak: Catenak eta Budimirrek eman diete garaipena gorritxoei.

Osasuna. IÑIGO URIZ / FOKU
Osasunako jokalariak, Catenak sartutako gola ospatzen, partidako lehena. IÑIGO URIZ / FOKU
jon eskudero
2025eko maiatzaren 15a
21:28
Entzun 00:00:0000:00:00

Emozioz beteriko liga amaiera izango du Osasunak. Vicente Morenok entrenatzaile kargua utziko zuela iragarri zuenean zera aitortu zuen, aste honetan zehar: ahaleginak eta bi egingo zituela taldea Europan uzteko. Bada, helburu hori inoiz baino hurbilago dute gorritxoek, balio handiko garaipena eskuratu baitu gaur, Sadarren, Atletico Madrilen aurka: 2-0. Distirarik gabeko partida jokatu dute bi taldeek, baina etxekoen bi zertzeladek erabaki dute lehia. Erasoan buruak izan dy eraginik nagusiena, buruz heldu baitiraOsasunaren bi golak. Catenak egin du estreinakoa lehen zatian, eta Budimirrek ondorengoa bigarrenean. Defentsan, berriz, sendotasunari eta ordenari eustea aski izan du etxeko taldeak, eta Europarako sailkatzeko bidean ezinbesteko puntuak bildu ditu. 

Garaipen garrantzitsua lortu arren, Europarako sailkatzea ez dute euren esku nafarrek oraindik, baina liga amaitzeko falta diren bi neurketak irabazten badituzte helburua lortzeko aukera handiak izango dituzte. Zehazki, 48 puntu dituzte sailkapen nagusian gorritxoek, eta Rayo Vallecanorekin berdinduta daude. Gaur-gaurkoz, Madrilgo taldea joango litzateke Konferentzia ligara, bi taldeen arteko gol aldea haien aldekoa delako. Hots, Europa ligarako sailkatzea ere matematikoki posible luke Osasunak, lau puntura baitauka Celta. Edozer gerta daiteke, baina, egutegiari erreparatuta, itxura ona du Osasunaren egoerak. Espanyolen kontra etxean eta Alavesen aurka kanpoan jokatu beharko du, eta sei puntuak biltzen baditu, bi hankak Europan izan ditzake. 

Emaitzez harago, jokoa eta konfiantza ditu alde. Azken urteetako datuei erreparatuta, borrero handia izan dute aurkari gaur, azken sei partidetan hiru puntuak eramanak baitzituen Sadarretik Atletico Madrilek. Ez da izan gaurko kasua. Premiak hala behartuta, hamaikako erasokorra zelairatu du Vicente Morenok; defentsako lau jokalari atera ditu bost beharrean, eta apustua ongi atera zaio. Lehen minutuak trabatuak izan dira, eta nabaritu da Atletico Madril berak ere ez zeukala ezer jokoan. Zelai erdian lehia handia izan dute bi taldeek, eta baloi geldian heldu da lehen gola. Bryan Zaragozak kornerra atera eta ez du hutsik egin Catenak. Baloi geldian beste behin eraginkortasun itzela erakutsi du Osasunak. Era horretan gol gehien egin duen taldea da denboraldi honetan: gaurkoa izan da 22. gola. 

Budimirren 20. gola

Egoera ikusita, Atletico Madrilek pauso bat aurrera eman du bigarren zatian, eta bost aldaketak oso goiz egin ditu Simeonek. Denak den, erabakiak ez dio fruiturik eman. Oso serio lan egin du Osasunak defentsan, eta, gainera, azken minutuetan 2-0ekoa egin du. Budimirrek buruz aparteko gola sartu du, Kike Barjaren erdiraketa bat baliatuta. Sasoiko 20. gola du aurrelariak. 

Osasunaren garaipenak eta Rayo Vallecanoren berdinketak Realari egin dio kalte gehien. Izan ere, matematikoki Europarako sailkatzeko aukerarik gabe geratu baita. Imanolen agurra tartean dela, sasoia ahalik eta duinen amaitzea izango dute xede.

OSASUNA-ATLETICO MADRIL
Osasuna. Herrera; Areso, Catena, Boyomo, Juan Cruz (Bretones, 80. min.); Lucas Torro, Ibañez (Moncayola, 71. min.), Ruben Peña (Kike Barja, 60. min.); Aimar Oroz (Moi Gomez, 87. min.), Bryan Zaragoza (Iker Muñoz, 71. min.) eta Budimir (Raul, 87. min.).
Atletico Madril. Oblak; Llorente, Gimenez, Le Normand, Javi Galan (Azpilikueta, 46. min.); De Paul, Koke (Griezmann, 64. min.), Simeone (Samu Lino, 46. min.), Barrios (Nahuel Molina, 52. min.); Julian Alvarez (Correa, 64. min.) eta Sorloth (Gallagher, 67. min.).
Golak.1-0: Catenak (25. min.). 2-0: Budimirrek (82. min.).  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.