Osasunak irabazi egin dio Realari, aspaldiko partez

Budimirren gol batek garaipena eman die gorritxoei Anoetan, bertan azkenekoz irabazi eta hemeretzi urte geroago. Txuri-urdinak gogotik saiatu dira atsedenaren ostean jasotako kolpeari erantzuten, baina golik sartu gabe geratu dira laugarrenez jarraian.

(ID_13589468) (Jon Urbe/@FOKU) 2024-02-10, Donostia. Futbola
Osasunako jokalariak Budimirren gola ospatzen. JON URBE / FOKU
enaut agirrebengoa
2024ko otsailaren 10a
19:36
Entzun

Kolore txuri-urdina zuten aspaldidanik Realaren eta Osasunaren arteko derbiek. Eskuarki, donostiarrek egin dute irri, eta nafarrek ezin izan dute haien nagusitasuna kolokan jarri: hamabi urte eta hamazazpi partida eman dituzte Realari irabazi gabe. Are gehiago, Anoetan duela hemeretzi urte gailendu ziren azkenekoz. Haatik, hasten den oro bukatu egiten da. Eta Osasunak gaur apurtu du madarikazioa, Budimirrek bigarren zatia hasi orduko sartu duen gol bati esker. Aurrea hartu ostean, gorritxoek izerdiaren bidetik eutsi diote aldeari. Erresistentzia izan da haien esentzia, eta, halaber, agortu egin da txuri-urdinen pazientzia. Lau partida daramate jarraian golik sartu gabe. Garai txarrean iritsiko zaizkie Txapeldunen Ligako final-zortzirenak.

Erritmo bizian jokatu da lehen zatia, eta hainbat fase izan ditu. Hasieran, gehiago izan da Reala. Baloia bizi mugitu du batetik bestera, eta sarkor aritu da ezker hegaletik. Txuri-urdinek jokalari asko pilatu dituzte barrutik, eta Aresok ez du laguntzarik eduki Galani eusteko. Hegal horretatik iritsi da neurketako lehen aukera, 10. minutuan: Zakharianek izkin egin dio Aimarri, eta, angelua egokiena ez zen arren, jaurtiketa gutxirengatik joan zaio kanpora. Ondoren, Galanek beste barneraldi bat egin du ezkerretik, eta haren erdiraketa kanpora errematatu du Andre Silvak, buruz.

Realak ez du hamaikako apurtzailea zelairatu: Kopako partidaren ondoren, eta Parisera bidaiatu aurretik, bost aldaketa egin ditu Imanol Alguacilek. Osasunak egutegi lasaiagoa du, baina Jagoba Arrasatek sei jokalari berri plazaratu ditu. Deigarriena, dena den, Ruben Peñaren kokapena izan da: aurrelari bezala ipini du Arrasatek, Arnaiz min hartuta egonik. Bada, hura izan da gorritxoen pizgarri nagusia lehen zatian. Nonahi agertu da, eta buruhausteak eragin dizkie atzelari txuri-urdinei. Baita Remirori ere: asmo txarreko jaurtiketa egin du urrundik 23. minutuan, Zubimendiren akats baten ondoren, eta gelditua egitera behartu Realeko atezaina.

Beste agerraldi arriskutsu bat izan du hortik gutxira, eta, segidan, Aimarri falta egin diote area ertzean. Gorputz osoa area barruan zeukan, kolpea jaso duen hanka izan ezik. Penaltia egiteko zorian izan da Turrientes. Gero, zelaiaren beste muturrean kexu agertu da Silva, Torrok lurrera bota duelakoan. Osasuna beldurtu egin da, eta Realak pare bat hurbilketa on izan ditu atsedenaren aurretik, Kuboren lemapean. Lehenik, Mojicaren bizkarrera korrika egin, eta erdiraketa zitala egin du eskuinetik; eta, gero, Herreraren eskuekin egin du topo.

Etsi-etsian, erauntsia

Lehen zatiko lanarekin konforme zeuden gorritxoak, eta poz handia hartu dute aldageletatik itzuli eta berehala: Moncayolak erdiraketa zehatza egin du kornerrez, eta hor agertu da Budimir, jauzi indartsu eta burukada zital batekin. 0-1. Berehalakoa izan da etxekoen arrapostua: Zakharianek erdiraketa egin du ezkerretik, eta Kubok aukera ona izan du area barruan. Hortik aurrera, norabide bakarra izan du neurketak. Reala gogotik saiatu da emaitza berdintzen, eta Imanolek esku hartu du: Brais, Barrenetxea eta Sadiq sartu ditu lehenik, eta Traore eta Olasagasti ondoren.

Txuri-urdinak area inguruan paratu dira, eta, baloia galdu ostean, berehala berreskuratu dute. Osasunak itolarria sentitu du sarri, eta Aimarren kalitatea izan du arnasbide. Baina nafarren garaipena, batez ere, defentsako ahaleginean oinarritu da. Ondo zurkaiztu dira area barruan, eta jaurtiketak eragotzi ez dituztenean, desbideratu egin dituzte. Hala, Realari asko kosta zaio aukera garbiak sortzea, behin eta berriro saiatu arren. Kubok erremate behartu bat egin du Mojicari aurrea hartu ondoren, eta Braisen burukada gurutzatu bat zutoinetik gertu irten da. Donostiarren ahaleginak ez dira aski izan aurrean topatu duen harresia eraisteko. Hala, derbietako bolada puskatu, eta irabazle mozorroa hartu dio Osasunak Realari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.