Osasunak Europako postuei begira pasatu ditu azken asteak, borroka horretan aritu nahian, eta ez dio mesede egin. Nafarrek jokatutako azken lau partidetatik hiru galdu dituzte, eta bakarra irabazi, etxean, Sevillaren aurka. Oraindik ere badituzte aukerak Europarako sailkatzeko, baina hobe dute ez itsutu sailkapenari begira. Izan ere, hiru partida falta dira liga amaitzeko, eta hauxe da egoera: gorritxoek hiru puntura dituzte Europako postuak, baina bostera jaitsierakoak.
Beraz, badakite zer egin: irabazi, eta gero gerokoak. Nafarrek gaur jokatuko dute Atletico Madrilen aurka, Sadarren (21:30, Movistar Plus). Etxetik kanpo ezinean ari da Nafarroako taldea, eta jokalariek eskertuko dute zaleen babesa. Gorritxoek hiru puntuak behar dituzte mamuak uxatzeko, eta azken txanpara konfiantzaz heltzeko ere bai.
Gainera, kolpe latza hartu zuten joan den astean. 3-2 galdu zuten Levanteren aurka, erarik mingarrienean. Alessio Liscik zuzendutakoek bi gol sartu zituzten lehen 11 minutuetan, eta, ustez, partida bideratuta utzi. Baina ezta hurrik eman ere. Levantek lehen zatian bertan berdindu zuen neurketa, eta, atsedenaldira iristear zirela, epaileak txartel gorria erakutsi zion Sergio Herrera atezainari. Hori nahikoa ez, eta Levantek 3-2koa sartu zuen 90. minutuan.
Horiek horrela, aho zapore txarrarekin bukatu zuten astea gorritxoek, eta horri buelta ematea dute orain helburu. Horretarako, Atletico Madrili irabazi nahi diote gaur. Victor Muñoz min hartuta dago oraindik, eta deialditik kanpo geratu da. Sergio Herrerak ere ezingo du jokatu, eta, beraz, Aitor Fernandezek babestuko du atea.
Partida zaila
Atletico Madril ez dago bere onenean, eta, gainera, jokalari asko falta izango ditu: min hartuta daude Julian Alvarez, Giuliano Simeone, Jose Maria Gimenez, Nico Gonzalez, Johnny Cardoso, Nahuel Molina eta Pablo Barrios, eta zigortuta dago Alex Baena. Baina Madrilgo taldea beti da aurkari gogorra, eta zaila da hari irabaztea: «Joko estilo argia dute, eta oso ondo landua. Jokalari oso onak dituzte, eta, aritzen dena aritzen dela, partida zaila izango da», esan zuen atzo Liscik.Â
Hala ere, entrenatzaileak argi utzi zuen zaleak poztu nahi dituztela: «Oso estu dago dena. Ez dakit mailari eusteko edo Europan aritzeko ari garen borrokan. Ez dugu hori izan behar gogoan, eta ondo jokatu behar dugu, zaleak gustura egon daitezen. Harro sentiarazi behar ditugu».
Bi partida segidan jokatuko ditu Osasunak etxean: gaur Atletico Madrilen aurka ariko da, eta, igandean, berriz, Espanyolen kontra. Asko dute jokoan, eta irribarrez agurtu nahi dute Sadar.