Urtarrileko aldapa tentetu egin zaio Osasunari. Athleticen aurka puntu baliotsu bat bilduta hasi zuen 2026a, baina kolpe gogorrak hartu ditu hurrengo bi partidetan: duela astebete, esku hutsik geratu zen Gironaren zelaian, eraginkortasunik ezak kalte eginda; eta asteartean, Espainiako Kopatik kanpo utzi zuen Realak. Minutu luzez final-laurdenetan izan ziren nafarrak, lehen zatian 0-2 aurreratu baitziren, baina azken txanpan ez ziren errentari eusteko gai izan. Penaltietan, berriz, zehatzagoak izan ziren txuri-urdinak. Errusiar menditik zorabiatuta irten zen Osasuna. Alabaina, ezin da atsekabeak jota geratu, ligan lan asko baitu egiteko. Hasteko, gaur Oviedori kosta ahala kosta irabazi behar dio Sadarren (18:30, DAZN).
Gorritxoek oraindik ez dute Lehen Mailako talderik garaitu bisitari gisa, eta azken bi partidek ugaritu egin dituzte etxetik kanpo segika dituzten mamuak. Dena alde izan zuten Realaren aurka, baina, bi golen errenta edukita ere, alferrik izan zen. Sadarren, ordea, bestelakoak izan dira gauzak orain arte: soilik etxeko partidak aintzat hartuta, Osasuna zazpigarrena litzateke Lehen Mailako sailkapenean. Zazpi puntu bildu ditu Sadarren gerizpean azken hiru partidetan, eta bolada onari jarraipena ematen ahaleginduko da gaur.
Saiatzea, dena den, ez da aski izango gaur nafarrentzat. Izan ere, ezinbestean irabazi beharreko neurketa bat jokatuko dute. Garaipenak jaitsiera postuetatik urruntzeko abagunea emango lieke —hemezortzigarren postua bi puntu eskasera dute—, eta, bidenabar, aurkari zuzen bat lur jota utziko lukete. Huts egiteak, ordea, kontrako ondorioa ekarriko luke. Gironak urrats garrantzitsua egin zuen joan zen astean Osasunaren bizkar, eta hori bera egin nahiko du gaur Oviedok. Azkena da sailkapenean, baina ez dago guztiz hondoratuta: hamahiru puntu ditu, gorritxoek baino sei gutxiago, eta bultzada handia jasoko luke gaur irabazi ezkero.
Asturiarrak bi garaipenekin heldu dira bigarren itzuliaren hasierara; Reala eta Valentzia dira haien aurka galdu duten talde bakarrak. Azken hamabi partidetatik bakar bat ere ez du irabazi Oviedok, eta bolada txarrak bi ondorio izan ditu: sailkapeneko azken postuan iltzatuta geratzea, eta agintariak urduritzea. Horiek horrela, dagoeneko bi aldiz aldatu dute entrenatzailea. Oviedo Veljko Paunovicen aginduetara itzuli zen Lehen Mailara, 24 urteko itxaronaldiari amaiera emanda, baina sasoi berrian zortzi lehia eskas iraun zuen teknikari serbiarrak. Hura kargugabetzeak haserretu egin zituen zaleak, eta Luis Carrionek ezin izan zuen asaldura apaldu. Hark ere zortzi lehia eskas zuzendu zituen.
Jorge Almada uruguaitarra eseri da Oviedoren aulkian azken hiru jardunaldietan, eta hobekuntza zantzuak erakutsi ditu taldeak, bai jokoan, eta baita emaitzetan ere: puntu bana lortu du Celta, Alaves eta Betisen aurka. Garaipen bat behar du hazkundea berresteko, eta horren bila irtengo da gaur Sadarreko zelaira.
Hutsunea makina gelan
Osasunak jarraipena eman nahi dio 13. jardunaldian Realaren aurka galdu zuenetik izan duen goranzko joerari. Erasoan argiago eta distiratsuago ari da jokatzen Alessio Liscik zuzentzen duen taldea, teknikari erromatarraren gidalerroak xurgatzen ari den erakusgarri. Gaur, ordea, oztopo garrantzitsu bat izango du: Jon Moncayola ez da ariko. Ahalmen fisikoa, adimen taktikoa eta kalitate teknikoa uztartzen ditu erdilari garinoaindarrak, eta hura ordeztea oso lan zaila izango da Liscirentzat. Gainontzeko jokalariak eskuragarri izango ditu, Iker Benito izan ezik, min hartuta baitago. Bestalde, ikusteko dago Boyomoren itzulerak Jorge Herrando aulkira itzultzea dakarren. Anoetan ez zen hala gertatu. Harrobikoak 2030era arte berritu berri du kontratua.
Liscik beste behin esan du «partida erabakigarria» dela. «Denok batera ariteko partida da. Denok gaude oso gogotsu. Etxean ondo ari gara, baina arazoa argi dago etxetik kanpo dagoela. Orain, onena eman behar dugu Sadarren. Datorren astean hitz egingo dugu etxetik kanpo egin behar dugunari buruz. Ez gaude Athleticen aurka jokatu aurretik bezain baikor. Kopakoa kolpea izan da, baina ezin diogu heldu partidari sentipen txarrarekin. Sentipen onekin heldu behar diogu, horrek irabaztera gerturatuko baitigu».
ATHLETICEK SUSPERTU EGIN NAHI DU MALLORCAN
Espainiako Kopan susto galanta izan berritan ekingo dio Athleticek ligari: Mallorcan jokatuko du gaur (16:15, DAZN). Talde zuri-gorria eskas dabil aspaldian, eta joera txar horrek ligan izan du isla: puntu bakarra lortu du azken lau partidetan. Suspertu beharra du, bolada txarra krisi sakona bilakatzea nahi ez badu.
Ernesto Valvederen arabera, «funtsezkoa» da bigarren itzuliari ondo ekitea, eta horretarako, «garrantzitsua» da gaurko partida, «joera aldatzeko».
Jokalariei dagokienez, Berenguer jokatzeko prest dago. Hura baino ez da osatu min hartuta dauden jokalarien artean.
Mallorca ere larri dabil: puntu bakarrera ditu jaitsiera postuak. Jagoba Arrasate kinka larrian dago. Hark ere irabazi beharra du.