Memoria ona behar zen Osasunak bisitari gisa lorturiko azken garaipenaz oroitzeko. Izan ere, gorritxoek bederatzi hilabete luze igaro dituzte Iruñetik urrun irabazi gabe. Sasoi honetan, soilik Sadarren izan dira puntuak hirunaka batzeko gai; harik eta gaur eguerdian Rayoren zelaian nagusitu diren arte. Boladak amaiezina zirudien, baina noizbait iritsi behar zuen etxetik kanpoko lehen garaipenak. Eta iritsi da, baita modu epikoan iritsi ere: luzapenera arte itxaron behar izan du Alessio Liscik zuzentzen duen taldeak norgehiagoka apurtzeko.
Lehen zatian aurrea hartu du markagailuan, baina aldea ezerezean geratu da aldageletatik itzuli ondoren. Gidoi hori gehiegitan ikusi dute azkenaldian zale gorritxoek. Amaieran, ordea, begiak igurtzi beharrean izan dira, Victor Muñozen korrikaldi ikusgarri bati esker berriz ere aurretik ipini baita Osasuna. Jarraian, 1-3koa egin du Osanbelak, eta, modu horretan, etxetik kanpoko mamuak uxatu dituzte iruindarrek.
Jakina zen Moncayola hamaikakora itzuliko zela, eta Boyomok zigortutako Catenaren tokia hartuko zuela. Hori horrela, berritasun nagusia Iker Muñozen parte hartzea izan da; Torro ordeztu du euskarrian. Raul Morok, berriz, aulkian hasi du neurketa, Osasunara iritsi berritan. Kataluniarrarentzat ez da lan erraza izango titular bilakatzea, hegaletan erabakigarriak baitira Victor Muñoz eta Ruben Garcia. Bata tximista bezain azkarra da, eta besteak kalitate handiko ezker oina dauka. Ezaugarri horiek ederki plazaratu dituzte Rayoren zelaian. Victorrek erotu egin ditu atzelariak, eta Ruben Garciak Osasunaren lehen goleko jokaldia abiatu du, korner pozoitsu baten bidez. Rayo bigunegi agertu da, eta Budimirrek ez du barkatu. 29. minutuan, 0-1.
Presioa izan da gorritxoen bereizgarri nagusietako bat lehen zatian. Oso deseroso sentiarazi dituzte etxekoak, baloiaren atzetik oldarkor jokatuta. Rayok apenas sortu duen arriskurik kontrako arean; hasi berritan De Frutos sukalderaino sartu da, baina azken unean baloia ostu dio Javi Galanek. Atzelaria funtsezko bihurtu da Osasunara iritsi bezain laster, eta lehen zatian erakustaldia egin du. Defentsan sendo aritzeaz gain, mehatxu handia izan da Rayorentzat ezker hegaletik gora egin duenean. Budimirren golaren aurretik, Batalla gelditu ederra egitera behartu du Galanek, eta 37. minutuan langarekin egin du topo, Ruben Garciak faltaz izandako aukera baten ondoren.
Sufritu eta gozatu
Atsedenaren ostean, zaharrak berri: Victor abiada bizian sartu da ezker hegaletik, atzelariak aztoratuta. Ordea, ezin izan du jokaldia biribildu, Batallak ondo itxi baitio bidea. Neurketa nahiko kontrolpean zuen Osasunak, defentsan oso seguru baitzebilen. Haatik, 58. minutuan Alvarok lehen abisua bidali die gorritxoei, kontraeraso azkar batean. Sergio Herrerak kornerrera urrundu du baloia, eta segidan iritsi da Rayoren gola. Isik erosoegi erdiratu du, eta Pathe Cissi ere erraztasunak eman dizkiote buruz baloia sarera zezan. Senegaldarra Boyomo eta Herrandoren artean agertu da.
Gorritxoak makaldu egin dira, baita asaldatu ere, penalti eske Rubenek ateratako falta batean. Chavarriaren eskua zigortzeko ere eskatu dute azken txanpan, eta lehenago, kexu agertu dira Victorri gola baliogabetu diotelako; Budimirrek Lejeuneri falta egin diola erabaki du epaileak. Egoerak ez zuen itxura onik, eta desegiteko arriskuan izan da Osasuna. Golaz geroztik, askoz errazago zatitu da, eta Rayori hutsuneak utzi dizkio trantsizioetan. Gutxienez, kornerretan urduritasuna eragin dio aurkariari. Eta luzapenean, etekin handia atera dio Victorren bakarkako jokaldi ikusgarriari. Jozhuak bere atean sareratu du baloia, baina aurrez, aurkari artean maisuki eraman du Victorrek. Osanbelak hirugarrena sartu du, eta Osasunak arindua hartu du.
Rayo Vallecano-Osasuna
Rayo Vallecano. Batalla; Espino, Lejeune, Pathe Ciss, Pep Chavarria; Pedro Diaz, Oscar Valentin (Alemao, 46. min), Isi Palazon (Jozhua, 72. min); Carlos Martin (Akhomach, 46. min), Alvaro Garcia (Perez, 90. min) eta Jorge de Frutos (Camello, 72. min).
Osasuna. Sergio Herrera; Rosier, Boyomo, Herrando, Javi Galan; Iker Muñoz (Osanbela, 67. min), Moncayola, Aimar Oroz (Raul Garcia. 81. min); Ruben Garcia, Victor Muñoz (Torro, 94. min) eta Ante Budimir (Bretones, 81. min).
Golak. 0-1: Budimirrek (29. min); 1-1: Pathe Cissek (59. min); 1-2: Jozhuak, bere atean (91. min); 1-3: Osanbelak (94. min).