Osasunak muturreraino sufrituta eutsi dio mailari

Gorritxoek 1-0 galdu dute Getafen, eta aurkarien emaitzei esker lortu du helburua Gironak Elxi beste gol bat sartu izan balio, Nafarroako taldea Bigarren Mailan egongo zen

Osasunako Rosier eta Getafeko Arambarri, lehian. KIKO HUESCA / EFE
Osasunako Rosier eta Getafeko Arambarri, lehian. KIKO HUESCA / EFE
Ainara Arratibel Gascon
2026ko maiatzaren 23a
23:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sufritu egingo zuela jakina zen. Baina sufrimendu hori muturrekoa izan da gaur Osasunarentzat. Gorritxoek 1-0 galdu dute Getafen, eta aurkarien emaitzei esker lortu du mailari eustea. Gironak gol bat gehiago sartu izan balio Elxi, Osasuna Bigarren Mailan izango zen orain. Ez da halakorik gertatu, eta Getaferen golaren ostean nafarren artean ikusi diren negar malkoak poz bihurtu dira azkenerako. Beste urte batez gorenean jarraituko baitute.

Alessio Liscik jokatzeko marrazkia aldatu du. Bost atzelarirekin aritu da. Aurrean, berriz, bi jokalarirekin: Budimirrekin eta Raul Garcia de Harorekin. Ondo ekin diote partidari gorritxoek. Jakitun ziren zer zuten jokoan, eta, astean zehar Kike Barjak eta Braulio Vazquezek iragarri moduan, bete-betean eta beldurrik gabe zelairatu dira. Lehen bi minutuetan bi korner jaurti dituzte, eta Torrok gertu izan du gola horietako batean. Baina buruz egin duen errematea Soriak geratu du. Lehen minutu horietan Osasuna nagusi izan da. Getafek, berriz, ez du arriskurik hartu. Eusten saiatu da, eta Lisciren jokalarien akatsen bat baliatzen. 

10. minutuan gola sartzeko aukera oso argia izan du Raul Garcia de Harok. Ondo irabazi die bizkarra Getafeko atzelariei, eta bizi egin du aurrera. Soriaren aurrean bakarrik geratu da, baina bigun eta erdira errematatu du. Hurrengo minutuetan Getafe jokoa makaltzen saiatu da, jokaldi luzeak eginez, eta baloia patxadaz mugituz. Gainera, gehiago jokatu du Osasunaren zelaian. Baina berriro ere geldikako jokaldi batean eman dute abisua nafarrek: erremate hori ere Torrok egin du, baina ez du asmatu. 

Hortik aurrera partida asko parekatu da. Jokoa baino gehiago, buruz buruko lehiak izan dira, eta horretan eroso aritu da Getafe. Bi taldeei mesede egiten zieten beste zelaietako emaitzek, eta ez batak ez besteak ez dute arriskatu nahi izan: zelaiaren erdian egon da batez ere baloia. Atsedenaldira bitarte aukera argiena Getafek eduki du, luzapeneko azken jokaldian. Abqarrek gogor jo du baloia, baina Sergio Herrerak ondo atera du eskua.

Getaferen gola

Bigarren zatia antzera hasi da, oso lehiatua eta parekatua. Ez da gol aukera argirik izan. Baina Getaferi indar handiagoz ikusi zaio, eta pixkanaka aurrera egin du. 60. minutua betetzear zela, gola sartu dute etxekoek. Herrandok akatsa egin du jokaldi batean, baloia Millari iritsi zaio area ertzean. Hark jaurti, eta baloia erdira zihoan, baina Cetanari jo dio, eta sareetarako bidea hartu du. 

Emaitza horrekin Gironak gol bat sartuz gero, Bigarren Mailan zen Osasuna. Lisciren taldeak aurrera egin behar zuen, berdinketa lortu eta arnasa hartzeko. Izan ere, amildegia urrats bakar batera zuen. Hegaletik erdiraketak bilatu eta, min gehiago egin asmoz, Barja eta Ruben Garcia irten dira jokora, 70. minutuan. Ruben Garciak bi minutu baino ez ditu iraun zelaian. Izan ere, min hartu du, eta berehala eskatu du aldaketa. Negarrez utzi du zelaia, eta lesio larria izan dezake.

Sufrikarioa amaigabea izan da, Getafe hobeto aritu baita azken txanpan ere. Beldurrak hartu du mendean talde gorritxoa, eta ez da gerturatu ere egin Soriaren atera. Alderantziz: etxekoak izan dira Osasunaren atera gerturatu direnak, eta partida kontrolpean izan dutenak.

87. minutuan Osambelak buruz egin duen erremate bat eta Garcia de Haroren erremate bat izan dira gorritxoen jokaldirik arriskutsuenak. Epaileak sei minutuko luzapena adierazi du, eta azken jokaldietako batean Raul Garcia de Harok gertu izan du gola, baina horrela bukatu da neurketa azkenean. Malkoak pozarenak izan dira azkenerako. 

Garaipenik ez

Beste hiru euskal taldeek ere gaur amaitu dute liga, eta bakar batek ere ez du garaipena lortu. Alavesek 1-2 galdu du Rayoren kontra, Athleticek 4-2 Real Madarilen kontra, eta Realak puntu bat urratu du Espanyolen zelaian, bana berdindu baitu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA