ALMERIA 0-3 OSASUNA

Osasunak nagusitasunez irabazi du Almerian

Arnaizek eta Budimirrek gol bana sartu dute lehen bederatzi minutuetan, eta garaipena bideratuta utzi. Almeria suspertu egin da, baina Iker Muñozek erabakita utzi du partida 61. minutuan, hirugarren gola sartuta.

Osasunako jokalariak, lehen gola ospatzen, Jose Arnaizek sartutakoa, partidako lehen minutuan. CARLOS BARBA / EFE
Osasunako jokalariak, lehen gola ospatzen, Jose Arnaizek sartutakoa, partidako lehen minutuan. CARLOS BARBA / EFE
Julen Etxeberria.
2024ko martxoaren 30a
18:07
Entzun

Bereziak izango dira liga amaitu arte Osasunak jokatuko dituen partidak. Bereziak, gero eta gutxiago faltako baita Jagoba Arrasatek aulkian esertzeari uzteko. Zortzi partida eskas falta zaizkio entrenatzaile berriatuarrari. Horiek jokatutakoan esango du agur, eta amaiera emango dio sei urteko aro gogoangarriari. 

Osasunak asko zor dio Arrasateri, hari esker sendotu baita Espainiako Lehen Mailan. Baina Arrasatek ere asko zor dio Osasunari, hari esker lortu baitu ospe handia. Halako harreman berezi eta emankorrak amaierarik onena merezi du. Eta ez dago amaiera hoberik taldea ahalik eta gorena geratzea baino. Hori da helburua liga amaitu artean, eta horretan ariko dira taldeko kide guztiak bete-betean. Pizgarri ederra da. 

Eta ezin hobeto hasi dira. Osasunak irabazi egin du Arrasatek taldea zuzenduko duen azken bederatzi partidetako lehena. 0-3 nagusitu da gaur Almerian (Espainia). Garaipenari esker, batetik, urrats ia erabakigarria egin du mailari eusteko: zortzi jardunaldiren faltan, 39 puntu ditu, Cadiz azken-bigarrenak baino hamalau gehiago; eta, bestetik, irabazita, bigarren urtez jarraian Europarako sailkatzeko ametsari eutsiko dio. Partida bat gehiago jokatuta, hiru puntura du zazpigarren sailkatua: Betis. Athleticek Espainiako Kopa irabaziko balu, zazpigarrenak Konferentzia liga jokatuko luke. Erronka oso zaila da, baina handia da saria. Erremate ederra emango lioke Osasunaren eta Arrasateren artekoari. 

Osasunak arratsalde ederra izan du Almerian. Berehala izan du lehen poza, partida hasi eta minutura gola sartu baitu. Erasok baloia erdiratu du eskuinetik, eta Arnaizek bikain errematatu du area barrutik. Nekez has zitekeen hobeto partida. Baina, bai, hobeto has zitekeen, bederatzigarren minutuan Budimirrek bigarren gola sartu baitu. Radovanovicek lehenbizi, eta Maximianok ondoren, huts larria egin dute, eta aurrelari kroaziarrak ez du barkatu ligako hamaseigarren gola sartzeko. Jude Bellinghamekin berdinduta dago gol gehien sartu dituztenen sailkapeneko lehen postuan. 

Neurketa hasi besterik ez zen egin, eta nafarrek oso bideratua zuten garaipena. Almeria jota zegoen. Kosta egin zaio suspertzea, baina lortu duenean ez da gai izan gola sartzeko. Gainera, 61. minutuan, Iker Muñozek kolpetik eten du etxekoen susperraldia, jaurtiketa ederrarekin hirugarren gola sartuta. 

Derbia Mendizorrotzan

Bihar, derbia jokatuko dute Alavesek eta Realak Mendizorrotzan (18:30, Movistar La Liga). Etxekoek irabazi egin nahi dute, mailari eusteko bidean pauso ia erabakigarria emateko. Donostiarrek, berriz, garaipena nahi dute, Europarako sailkatzeko lehia betean jarraitzeko. 

Athleticek, berriz, Espainiako Kopako finala jokatu aurreko partida jokatuko du. Ez du nolanahiko neurketa, Real Madril liderraren zelaian ariko baita (21:00, Dazn). Ikusteko dago Ernesto Valverdek finalari begira jokalariak gordeko dituen edo ez.

eibarrek berdindu egin du, eta realak, galdu

Puntu bakarra bildu dute euskal taldeek gaur Sevillan (Espainia). Eibarrek hutsean berdindu du Betisekin. Hala ere, beste urrats bat egin du mailari eusteko helburuan. Sasoian dago Yerai Martinen taldea, azken sei jardunaldietan partida bakarra galdu baitu. 

Realak, berriz, sei jardunaldi daramatza irabazi gabe. Gaur, 4-2 galdu du Sevillaren kontra. Lehen zatian oso maldan gora jarri zaio lehia, hiru gol sartu baitizkiote. Emma Ramirezek eta Franssik aldea murriztu dute, baina etxekoek laugarren gola sartu dute gero. 

Bihar, Athleticek Levante Las Planas hartuko du Lezaman (16:00, Dazn). Zuri-gorriek seigarren partida irabazi nahi dute jarraian ligan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.