Osasunak azken jardunaldira arte borrokatu beharko du mailari eusteko. Liga bukatzeko jardunaldi baten faltan, Nafarroako taldeak ez du oraindik ziurtatu datorren denboraldian Espainiako Lehen Mailan jokatzea. Bere esku du hori egitea: nahikoa du larunbatean Getafen (Espainia) berdintzea helburua lortzeko. Hori egiten badu, ez du beste taldeek egiten dutenaren zain egon beharko, eta beste partidetan gertatzen dena gertatzen dela, mailari eutsiko dio.Â
Galduta ere mailari euts diezaioke, baina beste taldeek egiten dutenaren mende geratuko litzateke: Gironak ezingo lioke etxean Elxi irabazi, ezta Mallorcak ere etxean Oviedori. Kontrakoa gertatuko balitz, gorritxoek maila galduko lukete. Ez litzateke batere harritzekoa izango Gironak eta Mallorcak irabaztea, biek ala biek jokatuko baitute etxean, beren zaleen aurrean. Gironak aurkari zuzen bat jasoko du: Elx. Mallorcak, berriz, maila galdu duen kontrario bat: Oviedo.
Dena oso gaizki atera beharko luke Osasunak maila galtzeko, baina talde gorritxoa krisi betean dago, azken lau partidak galdu baititu. Txakalaldia, gainera, aspaldikoa da, jokoan egon diren azken 24 puntuetatik bost baino ez baititu eskuratu. Lehenbailehen suspertu beharra du, lasai zihoan denboraldia modurik okerrenean bukatzea nahi ez badu. Â