Osasunak Espainiako Ligan Sadartik urrun irabazi ezinik jarraitzen du. Urte erdi pasatxo darama etxetik kanpo hiru puntuak kolpe batez batu gabe. Ezintasun hori goia jotzen ari zen denboraldi honetan, kanpoan jokatutako bost partidak galdu baitzituen. Gaur ere ez du irabazi Oviedon (Espainia), baina, gutxienez, ez du galdu. Berdindu egin du, hutsean, eta, horri esker, puntu bat eskuratu du, hau da, sasoi honetan lehen aldiz ez da esku hutsik etxeratuko. Bada zerbait. Hala ere, ez dio balio azpiko postuetatik urruntzeko: gaur-gaurkoz, bi puntura besterik ez ditu jaitsiera postuak. Â
Joera aldatzeko, jokatzeko sistema aldatu du Alessio Liscik: orain arte erabilitako 5-3-2 sistema baztertu du, eta 4-4-2aren alde egin. Moncayola, Boyomo, Catena eta Abel Bretones zelairatu ditu hasieratik defentsan; Victor Muñoz, Moi Gomez, Lucas Torro eta Ruben Garcia, zelai erdian; eta, Raul Garcia de Haro eta Budimir erasoan. Bi aurrelari peto horiek zelairatuta, erasokorrago jokatu nahi zuen Osasunako entrenatzaileak.
Partida ez da ongi hasi gorritxoentzat. Lehenik, aurreneko bost minutuetan bi aukera garbi izan ditu Oviedok. Bigarren aukeran, Sergio Herrerak geldiketa bikaina egin dio Ilyasi. Eta, 11. minutuan, Lucas Torrok min hartu du ezker orkatilan, eta zelaia utzi behar izan du handik gutxira. Goizegi zen jokatzeko sistema aldatzeko, eta Liscik aldaketarik logikoena egin du: Iker Muñoz zelairatu du Lucas Torroren ordez.
Neurketak ia ez zuen erritmorik, etengabe baitzeuden faltak eta kolpeak: Lucas Torrok min hartzeaz gain, Nacho Vidal Osasunako jokalari izandakoak kolpe handia jaso du buruan. Hark, baina, jokatzen jarraitu ahal izan du. Talderen batek gola sartzekotan, jokaldi bakartu batean sartuko zuen. Gutxigatik ez du hori egin talde gorritxoak ordu erdia betetzear zela, baina Aaronek geldiketa ikusgarria egin dio Budimirrek buruz egindako erremateari. Ez da beste ezer aipagarririk gertatu atsedenaldira arte. Osasuna Oviedo baino pixka bat gehiago izan da, baina ez nahikoa aurretik egoteko.
Bigarren zatia lehengoaren bide beretik hasi da: faltak eta kolpeak egon dira etengabe. Oviedo Osasuna estutzen hasi da, eta 69. minutuan, Fede Viñasek aukera garbia izan du, baina ez du asmatu Sergio Herreraren aurrean errematatzen. Taldea suspertu nahian, Liscik Aimar zelairatu du 69. minutuan, Ruben Garciaren ordez. Oinazpiko lesio bat dela-eta, hilabete eta erdi pasatxo egon da jokatu gabe Osasunako erdilari fina, eta taldeak haren falta sumatu du. Gaur berriro agerian geratu da funtsezko jokalaria dela, hura zelairatzeak mesede egin baitio taldeari: patxada eta zentzua eman dio gorritxoen jokoari. Hala, aspaldiko partez, Osasunak aukerak sortu ditu, Abel Bretonesek lehena, eta, Aimarrek berak bigarrena, baina ez dute asmatu.
Liscik ontzat eman du puntu bat lortzea, eta, 85. minutuan, Kike Barja eta Herrando zelairatu ditu Moi Gomezen eta Budimirren ordez. Argi zegoen zer nahi zuen entrenatzaile italiarrak: gutxienez, berdinketari eustea. Eta helburua lortu du. Osasunak etxetik kanpo irabazi ezinik jarraituko du, eta jada urte erdi pasatxo darama hori egin gabe. Baina, gutxienez, oraingoan ez da esku hutsik itzuliko etxera. Datorren larunbatean dauka beste aukera bat aspaldiko partez kanpoan irabazteko. Sevillan (Espainia) ariko da, Sevillaren aurka.
OVIEDO-OSASUNA
Oviedo. Aaron; Nacho Vidal, David Costas, David Carmo, Javi Lopez (Rahim, 86. min.); Dendoncker, Colombatto; Ilyas (Hassan, 70. min.), Reina (Ilic, 82. min.) Fede Viñas (Pablo Agudin, 82. min.); eta Rondon.
Osasuna. Sergio Herrera; Moncayola, Boyomo, Catena, Abel Bretones; Victor Muñoz, Moi Gomez (Kike Barja, 85. min.), Lucas Torro (Iker Muñoz, 18. min.), Ruben Garcia (Aimar, 70. min.); Raul Garcia de Haro eta Budimir (Herrando, 85. min.).
FIFAK BERRETSI EGIN DU facundo GARCESI JARRITAKO URTEBETEKO ZIGORRA
Nazioarteko Futbol Federazioak (FIFA) atzera bota du Malaysiako Futbol Federazioak Facundo Garcesen auzian jarritako helegitea. FIFAk urtebeteko zigorra ezarri dio Alaveseko jokalari argentinarrari, Malaysiako selekzioarekin jokatu ahal izateko dokumentuak faltsutu izana egotzita. Malaysiako Federazioak helegitea aurkeztu zuen, baina FIFAk atzera bota du, eta berretsi egin du Garcesek urtebeteko zigorra bete behar duela. Malaysiako Federazioak hiru asteko epea du orain Kirola Arbitratzeko Epaitegian (TAS) beste helegite bat aurkezteko. Garcesen zigor berbera bete behar du Jon Irazabal euskal futbolariak.
Â