Jose Luis Mendilibarrek beste urtebetez jarraituko du Osasunaren entrenatzaile karguan. Hala baieztatu du Miguel Artxanko presidenteak, Sadarren. "Helburua bete dugu, eta ez dago arrazoirik kontratua eteteko". Zuzendaritza eta entrenatzailea elkarrekin hizketan aritu ziren atzo, eta klubean "aho batez" hartu zuten erabakia. Mailari eutsiz gero automatikoki karguan jarraitzeko akordioa zeukan Mendilibarrek klubarekin. "Eta kontratua luzatu ez, horixe errespetatu dugu". Azkenaurreko jardunaldian lortu zuen Osasunak helburua, Sevillari, Sadarren, 2-1 irabazita. Laugarren denboraldia beteko du bizkaitarrak nafarren aulkian. Mailari eutsi dio hiruretan, eta, denboraldi bikaina eginda, zazpigarren amaitu zuen iaz, 54 punturekin, Europako postuetatik puntu bakarrera.
Mendilibarrek jendaurrean eskerrak eman dizkie Artxankori eta zuzendaritza guztiari. "Niregan izan duten konfiantzagatik". Datorren denboraldiari begira, Osasunako presidenteak argitu du %15 merketuko direla bazkideen kuotak.