Osasuna 1-0 Girona

Osasunaren ahaleginak saria izan du: 1-0 irabazi du Gironaren kontra

Gorritxoek erritmo bizian jokatu dute Gironaren aurka. Gola sartzeko aukera garbiak izan dituzte, batez ere Victor Muñozek, baina azkenean 80. minutuan Ante Budimirrek zulatu du aurkariaren atea.

Budimir Osasunako aurrelaria Gironari sartutako gola ospatzen. IÑIGO URIZ / FOKU
Budimir Osasunako aurrelaria Gironari sartutako gola ospatzen. IÑIGO URIZ / FOKU
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2026ko martxoaren 21a
21:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Denboraldi honetan Osasunak Sadarren jokatutako partida guztietan sartu du gutxienez gol bat. Gaur Gironaren aurkako partidan hainbatetan bisitariei gola sartzeko zorian egon arren, bazirudien ezinezkoa zela, Ante Budimir taldeko golegilea agertu den arte, partida amaitzeko hamar minuturen faltan. Victor Muñozek hasi du golaren jokaldia, Kike Barjak erdiratu du baloia, eta kroaziarrak buruz errematatu du sarera. Muñoz ezker hegaleko jokalaria buruhaustea izan da Gironako atzelarientzat, baina hark ez ezik, Barjak ere erakutsi du sasoiko dagoela. Aulkitik aterata, azken hiru partidetan erabakigarria izan da Nafarroako taldearentzat: gol bat eta goleko pase bat egin ditu. Hiru puntuak zakuratuta, Alessio Lisciren taldeak bolada txarra etetea lortu du, azken hiru partidetan irabazi ezinik egon ondotik. 

Liscik bi aldaketa egin ditu Realaren aurkako hamaikakoarekin alderatuta. Ruben Garcia eta Iker Muñoz aritu dira Lucas Torroren eta Raul Mororen ordez. Txuri-urdinen aurkako neurketatik lezioa ikasita, gorritxoak bete-betean aritu dira hasieratik. Estu hartu dute Girona, buruz buru joanda goiko presiora. Garaipen gosez zelairatu dira gorritxoak, eta 11. minutuan iritsi da lehen aukera garbia.

Osasunak ezin hobeto gainditu du Gironaren presio altua, eta, bizpahiru pasetan, Victor Muñozek area barruan egindako jaurtiketa Paulo Gazzaniga atezainak urrundu behar izan du. Muñozek min handia egin du buruz buruko jokaldietan, eta hark izan du gola sartzeko bigarren aukera ere. Berriz ere, baina, Gironako atezainarekin egin du topo.

Bizi-bizi aritu dira gorritxoak lehen zatian; baloia izan dute, eta etxekoek sortu dituzte aukerarik garbienak. Bisitariak ez dira Sergio Herreraren atera gerturatu ere egin. Bien bitartean, eginahalean jarraitu dute nafarrek. Korner baten bitartez gertu izan du gola Enzo Boyomok, baina, beste behin, Gironako atezainak baloia harrapatu du ateko marra azpian. Nafarrek nahikoa meritu egin dituzte atsedenaldira aurretik joateko, baina markagailua hutsean zela joan dira aldageletara.

Barja, aulkitik, erabakigarria

Bigarren zatiak ez du lehenengoaren itxurarik izan. Michel Sanchezek gidatzen duen taldea esnatu egin da aldageletatik bueltan, eta Osasunaren areara gerturatzea lortu du, nahiz eta ez duen ataka larrian jarri Sergio Herrera. Lehen zatiko bizitasuna berreskuratu nahian, bigarren zatiko lehen laurdena pasata, Liscik Kike Barja zelairatu du Aimar Orozen ordez. Arazuriko erdilaria nahiko desagertuta ibili da Sadarreko berdegunean.

Lehen zatian bezala, bigarrenean ere Victor Muñozek izan ditu aukerarik garbienak. 70. minutuan, Gazzaniga Gironako atezainaren aurrean bakar-bakarrik geratu da, baina ez du asmatu, ezta bigarren saiakeran ere, aldaratzea hark jaso ondotik. Segidan, beste aukera garbi bat izan du. Muñozek eskuin hegaletik area zapaldu du, baina jaurtiketa berriz ere Gazzanigak alboratu du, Osasunako jokalariaren etsipenerako.

Bazirudienean baloiak ez zuela Gironaren atean sartu nahi, neurketa amaitzeko hamar minuturen faltan iritsi da gorritxoen gola. Muñozek hasi du jokaldia ezker hegaletik, baloia barrurantz gidatuta. Barjak ezker hegalean baloia jaso, aurkariari izkin egin, eta eskuinez erdiraketa itxia ez du alferrik galdu Ante Budimirrek. Kroaziako aurrelariaren burukada sarera joan da, eta nafarrek azkenean lortu dute merezitako saria. Hamalaugarren gola egin du Budimirrek.

Markagailuan aurrea hartuta, Osasunak atzera bota ditu lerroak, Gironari arriskutsu izateko zirrikiturik ez uzteko. Azken minutuetan bisitariek nafarren zelaian jokatu badute ere, ez dute lortu Osasunako atezaina kikiltzea. Neurketa osoan ez dute Sergio Herreraren atera jaurtiketarik egin. Hiru puntuak zakuratuta, Osasuna bederatzigarren da sailkapenean, eta gora begira jarri da. Europa lau puntura dute.

Osasuna-Girona

Osasuna. Sergio Herrera; Victor Rodier, Alejandro Catena, Enzo Boyomo, Javi Galan; Moncayola, Iker Muñoz (Osambela, 83. min.), Aimar Oroz (Kike Barja, 69. min.), Victor Muñoz, Ruben Garcia (Bretones, 83. min.); eta Budimir (Raul Garcia, 83. min.).

Girona. Gazzaniga; Hugo Rincon, Vitor Reis, Daley Blind, Arnau Martinez (Moreno, 75. min.); Fran Beltran (Abel Ruiz, 86. min.), Axel Witsel, Ounahi, Tsygankov (Lemar, 86. min.), Roca (Echeverri, 60. min.); eta Vanat (Ivan Martin, 75. min.).

Golak. 1-0: Budimirrek (80. min.).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!