Ezuste handirik ezean, Osasuna gaur UEFAko finalerdietara sailkatuko da. Bayer Leverkusen hartuko du Iruñean (20:45, Espainiako Canal Plus), hiru goleko aldearekin hartu ere, joanekoan 0-3 irabazi zuelako. "Orain bai, faboritoak gara eta ezin dugu hutsik egin", esan du Jose Angel Ziganda Osasunako entrenatzaileak. Michael Skibbe Bayer Leverkuseneko entrenatzaileak, berriz: "Aurrera egiteko batere aukerarik ez dugu une honetan".
Osasuna finalderdietara sailkatuko balitz, Sevilla edo Tottenham izango luke kontrario. Joanekoan 2-1 irabazi zuen Sevillak. Beste finalerdian, Espanyol-Benfica (3-2 joanekoan) eta AZ Alkmaar-Werder Bremen (0-0) kanporaketako garaileak ariko dira.
Hain zuzen, apirilaren 20an eta maiatzaren 3an jokatuko dira UEFAko finalerdiak. Finala, maiatzaren 16an, Glasgown (Eskozia).
Futbola