OSASUNA 1-1 ELX

Osasunari azken unean egin dio ihes garaipenak Sadarren, Elxen aurka

Talde gorritxoa 82 minutuz joan da irabazten Victor Muñozek partida hasieran sartutako gol ederrari esker, baina ez da gai izan emaitzari eusteko, eta Elxek 92. minutuan sartu du berdinketaren gola.

Osasuna-Elx. JESUS DIGES / EFE
Pedrosa, berdinketaren gola ospatzen. Sergio Herrera ageri da haren ondoan, etsita, huts egin eta gero. JESUS DIGES / EFE
Julen Etxeberria.
2025eko irailaren 25a
22:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Osasunak denbora zeraman Sadarren otso izaten: irabazi egin zituen aurreko denboraldiko azken lau partidak eta sasoi honetako lehen biak. Are gehiago, inork ez zion golik sartu azken bost partidetan. Gaur arte. Elxek eten egin du gaur talde gorritxoak etxean zeraman bolada ona. Pedrosak 92. minutuan sartutako gol batek utzi du garaipenik gabe Osasuna. Alessio Liscik entrenatutako taldea 82 minutuz joan da aurretik, partida hasi eta gutxira Victor Muñozek sartutako gol eder bati esker. Baina Elxek ez du etsi, eta gogotik estutu ditu etxekoak minutu askoan, eta aukera garbiak izan ditu berdintzeko. Azkenean, partidaren hondarrean lortu du helburua.

Ez da aldatu behar ondo dabilena, eta aurreko partidetan bezala, Liscik ia ez du aldatu hasierako hamaikakoa. Bi aldaketa baino ez ditu egin Vila-realen hasieratik aritu zenarekin alderatuta, eta behartuak izan dira biak: Iker Benitok bete du Rosierren toki, hura zigortuta baitago; Moi Gomezek, berriz, Ruben Garciarena, hura deialditik kanpo geratu baita arazo pertsonalak direla medio. Joko sistemari ere eutsi dio entrenatzaile italiarrak: hiru erdiko atzelarirekin jokatzearen alde egin du berriro. 

Hasieratik geratu da argi talde baten eta bestearen asmoa: Elx baloiaren jabe egiten saiatu da; Osasuna, berriz, hari baloia kentzen ahalegindu da, presioa eginez. Etxekoek berehala lortu dute helburua, baita saria jaso ere. Hamargarren minutuan, Victor Muñozek baloia hartu du, zuzen joan da Elxen arearantz, eta iristear zela sekulako zartakoa eman dio baloiari. Ziztu bizian joan da baloia ezker eskuairara. Gol ikusgarria sartu du Osasunako jokalariak. 

Partida hasi besterik ez zen egin, eta etxeko taldea aurretik zen. Hala ere, ekinean jarraitu du, bigarren gola sartu nahian, eta gertu izan du bitan lehen zatia amaitu aurretik, baina ez Torrok, ez Victor Muñozek ez dute asmatu. Nagusi zen Osasuna, baina gol bat falta zitzaion nagusitasun hori indartzeko.

Bigarren zatian sufritzen

Bigarren zatiaren hasieran aurrerapausoa eman du Elxek, eta hasi eta berehala Hector Fortek sustoa eman die etxekoei: bakarrik geratu da Sergio Herreraren aurrean, baina gorritxoen zorionerako, atezainak gelditu egin dio jaurtiketa. Aukera argiagoa izan du Rafa Mirrek 63. minutuan, baina haren jaurtiketak langa jo du. Elx zen baloiaren jabe, eta oso estu hartzen ari zen Osasuna. 

Taldea suspertzeko asmoz, Liscik bi aldaketa egin ditu 72. minutuan: Juan Cruz eta Becker zelairatu ditu Iker Benitoren eta Victor Muñozen ordez. Baina hurrengo jokaldian Sergio Herrerak atepetik atera du Alvaro Rodriguezek korner batean buruz egindako errematea. Gola sartu behar zuen Osasunak lasai egoteko, eta, hori lortu asmoz, 80. minutuan, Liscik Raul zelairatu du Budimirren ordez. Aldaketak on egin die gorritxoei, eta aurrelari kataluniarrak gutxigatik ez du gola sartu irten berritan. 86. minutuan, berriz, Kike Barjak Moi Gomez ordezkatu du. 

Elxek estutzen jarraitu du, eta, azkenean, lortu du ahaleginaren saria. 92. minutuan, Pedrosa Sergio Herreraren areara iritsi da, eta atezainak baloia bere egingo zuela zirudienean, ihes egin dio, eta Elxeko jokalariak ez du oparia pasatzen utzi gola sartzeko. Gola sekulako kolpea izan da etxekoentzat, eta mutu utzi du Sadar. 

OSASUNA-ELX
Osasuna. Sergio Herrera; Iker Benito (Juan Cruz, 72. min), Boyomo, Catena, Herrando, Abel Bretones; Moncayola, Torro, Moi Gomez (Kike Barja, 86. min); Victor Muñoz (Becker, 72. min) eta Budimir (Raul, 80. min).
Elx. Iñaki Peña; Alvaro (Josan, 84. min), Diaby (Affenburger, 45. min), Victor Chust, Petrot, Hector Fort (Pedrosa, 69. min); Diang (Valera, 69. min), Febas, Aguado; Alvaro Rodriguez eta Andre Silva (Rafa Mir, 55. min).
Golak. 1-0: Victor Muñozek (10. min). 1-1: Pedrosak (92. min).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.