Gozoa eta Raul Garcia de Haroren kontura. Halakoa izatekoa zen Osasunaren lehen tragoa Espainiako Kopan. Baina azken unean ozpindu egin zaio. Izan ere, Iker Benitok zorigaiztoko lesio izan du belaunean, partida amaitzear zela. Gorritxoak hurrengo kanporaketan izango dira, aise irabazi baitute Sant Jordiren zelaian: 0-5. Gainera, Raul Garcia de Harok hiru gol sartu ditu. Baina Osasunako kideak burumakur itzuliko dira etxera, probak egiteko zain, baliteke eta Iker Benitok denbora luzea ematea jokatu gabe.
Osasunak bost kategoria beheragoko taldea zuen aurrean: Sant Jordi, Mallorcakoa (Herrialde Katalanak). Hamaikakoan aldaketak egin ditu Alessio Liscik, eta Osasunaren bigarren taldeko lau jokalari hasieratik aritu dira: Mauro, Pedroarena, Osanbela eta Jon Garcia. Agertoki aparta zen hiru gazteentzat, lehen taldean egoteko aukerak dituztela erakusteko. Aulkian utzi ditu, berriz, minutu gehien jokatzen dituzten jokalariak.
Partida motel joan da, erritmo gutxirekin. Osasunari kostatu egin zaio neurketari beste martxa bat sartzea. Baloiarekin hobeto aritu da, baina ez du lortu aukerarik sortzea. Sant Jordikoak, berriz, bi aldiz gerturatu dira Aitor Fernandezen atera. Horietako batean, Pedro Rodriguezi langatik gertu joan zaio erremate bat. Ausart lehiatu dira etxekoak, galtzeko baino irabazteko gehiago zutenaren jakitun.
Osasunan jokalaririk arriskutsuenak hauek izan dira: Iker Benito eta Raul Garcia de Haro. Gorritxoek hiru abagune izan dituzte partidaren lehen ordu erdian, baina ez dute asmatu. Osasunari kostatu egin zaio zelai erditik aurrera jokoa lotzea; zelaiaren egoerak ere ez die lagundu. Izan ere, Sant Jordiren futbol zelaia belar artifizialekoa da, eta baloiak bote asko egiten zuen.
Azkenean, 34. minutuan kendu dio Osasunak giltzarrapoa San Jordiren ateari. Penaltiz sartu du gola. Custodiok aurretik eraman du Pedroarena area barruan, eta epaileak zigorra adierazi du. Raul Garcia de Harok jaurti du. Alejandro Collek asmatu egin du baloiaren norabidea, baina gogorregi zihoan, eta baloia sarean sartu da.
Gol horrek patxada eman behar zion Osasunari, eta hala argitasun gehiago izatea lortu behar zuen. Sant Jordi duin lehiatu da ordutik aurrera ere, baina gorritxoek bigarren gola sartu dute 43. minutuan. Berriro ere Raul Garciak sartu du, jokaldi on bat biribilduta. Alde hori lortuta, Osasuna lasai joan da atsedenaldira.
Bigarren zatia hasi eta berehala, bi aukera on izan ditu etxeko taldeak. Hortik aurrera norgehiagokaren erritmoa jaitsi egin da, kanporaketa ia erabakita zegoelako. Dena den, Sant Jordik eutsi egin dio, eta aukera izan duenean ondo atera da erasora, eta abaguneren bat izan du gola sartzeko; Olmedok eta Gallardok, hain zuzen. Baina golak sartu dituena Osasuna izan da, beste hiru. Hirugarrena ere Raul Garcia de Harok sartu du, Iker Benitok emandako pase on bati esker (61. min). Hala, baloiarekin joango da etxera. Laugarrena Budimirrek sartu du, area txikian egindako erremate bati esker (83. min.). Aurrelariak atera ahal izan du igandean Celtaren aurka huts egin zuen penaltiaren arantza. Bosgarrena Barjak sartu du, jaurtiketa on baten bidez. Aurrena langan jo du baloiak, baina azkenean atean sartu da.
Bost minutu falta ziren neurketa amaitzeko. Dena erabakita zegoen. Halakoetan gauza bakarra nahi izaten da: inork minik ez hartzea. Baina gaurkoan, zoritxarrez, bestela izan dira gauzak. Iker Benitok tupust egin du Sant Jordiko jokalari batekin, eta belauna lurrean jartzerakoan konturatu da zerbait larria zuela. Min keinuak etengabeak ziren, eta negarrez zegoen jokalaria. Proben zain daude, baina litekeena da belaunean zerbait larri izatea. Aho zapore txar horrekin amaitu da neurketa.
Portugaleteren ezustea
Gaur jokatu duten beste euskal taldeen artean, Portugaletek eman du ezustea. 1-0 irabazi dio Valladolidi, eta hurrengo kanporaketarako sailkatu da. Eibarrek ere lortu du aurrera egitea, 2-4 hartu baitu mendean Naxara. Mutilverak, haatik, galdu egin du Zaragozaren aurka (1-3), eta Arenasek 3-0 egin du Numantziaren kontra. Bihar, Eguesibarrek Andorra jasoko du (19:30), eta derbia izango dute Getxok eta Alavesek (20:00).
Sant Jordi-Osasuna
Sant Jordi: Alejandro Coll (Verger, 83. min); Cameron, Gary Ruiz, Custodio (Alex Valiente, 53. min), Font, Gallardo; Llinas (Caseiro, 53. min), S. Roque (Olmedo, 67. min), Olmedo;  Pons (Caseiro, 67. min) eta Pedro RodrĂguez.
Osasuna: Aitor Fernandez, Iker Benito, Jon Garcia (Arroyo, 46. min.), Jorge Herrando, Juan Cruz (Chasco, 61. min); Etxegoien (Budimir, 66. min), Iker Muñoz, Pedroarena (Torro, 61. min); Osambela, Raul Garcia (Ruben GarcĂa, 77. min) eta Kike Barja.
Golak: 0-1: Raul Garciak (penaltiz, 34. min). 0-2: Raul Garciak (43. min). 0-3: Raul Garciak: (62. min). 0-4: Budimirrek (83. min). 0-5: Kike Barjak (86. min).