Futbolari magikoa izan da Roberto Torres (Arre, Nafarroa, 1989). Haren pase zehatzak eta gol dotoreak zorion iturri izan ziren Sadarren. Gainera, Torresek oso modu erregularrean jardun zuen gorriz jantzita: 353 lehia jokatu zituen, eta 60 gol sartu. Osasunan bizi izandako guztiak arrasto sakona utzi zion Torresi; hainbestekoa, ezen barrenean hutsunea sumatzen baitu oraindik, talde gorritxotik irten eta hiru urtera. Batetik bestera ibili da azkenaldian, eta 37 urte dituen honetan, erabaki du futbol profesionala uzteko tenorea dela.
Irango bi taldetan jardun zenuen Osasunatik atera eta gero. Beharbada, taldekide ohiren bat Munduko Kopan izango duzu orain.
Hala da. Amir Mohammad Razzaghinia taldekide izan nuen Gol Goharren, eta Iranen deialdian sartu da Munduko Kopa jokatzeko. Ni Irandik joan baino apur bat lehenago debutatu zuen, eta hasieratik jokatu ohi du orain. Egia esan, egoera zaila egokitu zaio Irani txapelketa jokatzeko. Iranen ditudan lagunak, behintzat, ondo daude. Esan didatenez, AEBen bonbardaketek puntu estrategikoak izan dituzte jomugan, eta ez biztanleak.
Munduko Kopa goitik behera ikusten duten horietakoa zara?
Ez, opor garaian jokatzen baita. Familiarekin planak egiteari ematen diot lehentasuna. Partida batzuk gustura ikusiko ditut, baina ez naiz itsutzen Munduko Koparekin.
Aurrerantzean ikusle izango zara bakarrik, duela hilabete utzi baitzenion jokalari izateari. Zer moduz zaude?
Oraingoz, ongi. Oporretan nagoela iruditzen zait, eta ez futbolari erretiratua naizela. Izan ere, ekaina libre eduki izan dut beti. Gainera, kirola egiten jarraitzen dut. Oraindik ez dut guztiz barneratu eman berri dudan urratsa; ziurrenik, kluben denboraldia hasten denean ohartuko naiz.
Zergatik erabaki duzu futbola orain uztea?
Futbolean jokatzen jarraitu nahi banuen, Iruñetik kanpo joan beharrean izango nintzen berriro ere, eta familia etxean utzi beharrean. Bada, nekatu egin naiz bizimodu horretaz. Gainera, ez nuen nahi arazo fisikorik agertzea. Orain oso ondo nago, eta etorkizunean osasuntsu egotea oso garrantzitsua da niretzat.
Osasunatik 2023an atera zinen, eta hortik aurrera, futbolari alderrai bihurtu zara. Urte politak izan dira?
Bai, noski. Berez, Osasunan amaitu nahiko nukeen nire ibilbidea, baina oso aberasgarria izan da azken hiru urte eta erdian bizi izan dudana. Bost taldetan jokatu dut [Irango Fooladen eta Gol Goharren, Andorrako ligako Inter d'Escaldesen eta Herrialde Katalanetako Nasticen eta Orihuelan], eta lagun berriak egin ditut bidean, baita zenbait kultura eta hizkuntza ezagutu ere. Zelaian eman dudan mailarekin ere pozik nago. Familia eta lagunak urrun edukitzea izan da gogorrena.
Erretiroa hartzea baino gogorragoa izan zen bere garaian Osasunatik alde egitea?
Bai, zalantzarik gabe. Nire kirol ibilbidean hartu dudan erabakirik zailena izan zen. Nire kluba eta nire etxea zen Osasuna, eta ez nuen beste inon egon nahi. Osasunatik alde egitea erretiroa hartzearen parekoa izan zen niretzat. Hortik aurrera, futbola lan soila bilakatu zen. Erabateko inplikazioa izan dut azken urte hauetan ere, baina Osasunan gauzak beste bizitasun batekin bizi nituen.
«Osasunan beste hiru urtez jokatu izan banu ere, badakit gehiago aritzeko gosez geratuko nintzela»
Zauria zabalik duzu oraindik?
Zintzoki diot: dolua ez dut gainditu oraindik. Osasunan jokatzeak ez du parekorik izan niretzat, eta hori ez du ezerk aldatuko. Bertan beste hiru urtez jokatu izan banu ere, badakit gehiago aritzeko gosez geratuko nintzela.
Zale gorritxoek nola gogoratuko zaituzte?
Ez dakit. Behintzat, jokalari langile eta engaiatu gisa gogoratu nazatela. Dena eman nion Osasunari, lehen egunetik azkenekora arte; hala entrenamenduetan nola partidetan, jokatu ala ez jokatu. Klubaren hobe beharrez jokatu nuen beti, eta zaleek sentipen hori izatea gustatuko litzaidake.
11 denboraldi eman zenituen Osasunaren lehen taldean. Zerekin gozatu zenuen gehien?
Sadarren partida bat jokatzea bera amets handi bat zen niretzat, eta Osasunaren elastikoarekin bizi izan nuen guztia bizi izateak ez dauka preziorik. Era berean, eguneroko lanak ere gogobete egiten ninduen. Goizero Taxoarera joan, taldekideekin eta bestelako langileekin denbora igaro… Oso giro berezia geneukan, eta horren hutsunea nabaritzen dut. Bestalde, oso harro nago maila kolektiboan lortutakoaz. Gorabeherak gorabehera, Osasuna Lehen Mailan egonkorturik zegoen ni atera nintzenean. Alde horretatik, lasai joan nintzen taldetik.
Alabaina, azken denboraldian ozta-ozta eutsi dio mailari, eta teknikaria aldatu du. Zer moduz ikusten duzu taldea?
Ez nuen espero denboraldia horrela amaituko zuenik. Azken urteetan ez dugu sufritu Lehen Mailan jarraitzeko; gainera, Europarako sailkatu gara, eta final bat jokatu dugu. Ezin dugu ahaztu, ordea, Osasuna garela, eta alde horretatik, oinak lurrean izaten lagundu diezaguke denboraldi amaieran gertatu denak.
Etxeko jokalarien garrantzia lausotu egin da Osasunaren lehen taldean. Zer iritzi duzu horren inguruan?
Lehen Mailan jokatzea ez da batere erraza, eta beharbada, azpiko mailetan dabiltzanak oraindik ez daude prest lehen taldera jauzi egiteko. Pazientzia eduki behar da. Neronek ere itxaron beharra izan nuen lehen taldean finkatzeko. Argibidek, Osanbelak eta Herrandok bidea egin dezakete Osasunan, eta beste batzuk ere agertuko dira.
«Ederra izan zen euskal selekzioarekin jokatzea. Ea helburua noizbait lortzen den, eta posible den selekzio ofizial gisa aritzea»
Zu zeu edo Oier Sanjurjo bezalako liderren beharra du taldeak?
Futbola asko aldatu da, gizartea bezalaxe, eta gaur egungo gazteak gutxiago arduratzen dira inguruan dutenaz, eta gauzak beste modu batera egiten dituzte. Gu oso exijenteak ginen taldea kudeatzeko garaian. Horrekin ez dut esan nahi hobeak ginenik. Talde barruan ez dakit zer irudipen daukaten; agian, dena kontrolpean dagoela ikusten dute.
Selekzioen garaia den honetan, aipatzekoa da bost partida jokatu zenituela euskal selekzioarekin. Gehiago aritzeko gosez geratu zinen?
Ederra izan zen partida horiek jokatzea. Oso antzeko ikuskera dugun jokalariak elkartu ginen, eta uste dut oso talde lehiakorra osatu genuela. Helburua ere oso polita zen, gainera. Ea noizbait lortzen den, eta posible den selekzio ofizial gisa aritzea.
Aurrera begira, urrundu egingo zara futbol profesionaletik?
Oraingoz, behintzat, bai. Hilabete batzuen buruan ikusiko dut benetan zer nahi dudan. Irailean teknikari titulua lortu nahiko nuke, badaezpada. Bestalde, emazteak eta biok ongizate zentro bat ireki dugu, eta Fran Meridak eta biok denboraldiaurreko egonaldi bat eskainiko dugu. Duela egun batzuk bigarren entrenatzaile jarduteko eskaintza bat jaso nuen, baina, oraingoz, beste nonbait dut gogoa.
MOTZEAN
Entrenatzaile bat?
Jagoba Arrasate.Taldekide bat?
Oier Sanjurjo.Erreferente bat?
Patxi Puñal.Aurkari bat?
Jordi Alba.Inoizko futbolaririk onena?
Leo Messi.Gol bat?
Pandemiaren aurretik Espanyoli penaltiz sartu niona. Lasaitasun handia eman zigun.Bete duzun amets bat?
Sadarren jokatzea.Eta bete ez duzun bat?
Maila nagusian Osasunarekin titulu bat irabaztea.Bertute bat?
Umiltasuna.Gabezia bat?
Pazientziarik eza. Zaletasun bat?
Korrika egitea, padelean aritzea... Orokorrean, kirola egitea.Futbolari izan ez bazina?
Animaliekin lotura duen ogibideren bat izango nuen.Animalia bat?
Marrazoa.Bizitzeko leku bat?
Arre. Edo bestela, Iruñea. Eta bertan galtzekoa?
Nafarroako edozein txoko. Asko bidaiatu dut, baina etxe ondoan toki zoragarriak ditugu.