Aljerian dago Yaser Hamed (Leioa, Bizkaia, 1997). Palestinako selekzioak bi prestaketa partida jokatu berri ditu hango selekzioaren aurka. «Partidarik garrantzitsuena euskal selekzioaren aurkakoa da», esan du berehala. «Ahalik eta argien» mintzatuko dela agindu du, baina jarraian zehaztu du «futbolaria» dela, «ez politikaria». «Nik gauza bakarra egin dezaket: han gertatzen ari denari ahotsa jarri. Baina ezin naiz sartu politika kontuetan».
Su etena indarrean sartu da Palestinan. Nola hartu duzue albistea?
Sekulako poza dugu. Badirudi, behingoz, Gazan dauden palestinarrek lasai egin dezaketela lo, kezkarik gabe. Ikusiko dugu hau nola garatzen den, baina, hasiera batean, behintzat, berri ona da, eta Palestinako herria asko poztu da.
«Hasiera batean» diozu. Zuhurtziaz jokatu nahi duzu?
Bai. Berri ona da, baina tentuz hartu behar da: egiazkoa izan behar du; hau da, adostutakoa bete behar da. Lehen fasea da, baina Palestinak urte pila bat daramatza denetarik sufritzen, eta, Qatarrek eta Egiptok bitartekari lanetan egindakoari esker, akordioa lortu dute. Ea dena ondo doan. Hori espero eta nahi dugu.
Familia duzu Gazan. Zer diote haiek?
Aitak hitz egiten du gehien haiekin [Gazakoa da], eta kezkatuta zeuden han zuten egoeragatik: jendea hiltzen ari zen, eta horien artean senitarteko batzuk zeuden. Ni buru-belarri nabil selekzioarekin, baina gizakia naiz, eta beti dut oso presente han gertatzen ari dena. Selekzioko jokalariok haiek ordezkatzeko daukagun erarik onena da barruan dugun guztia ematea eta ahalik eta ondoen aritzea.
«Ez dago ikusi nahi ez duena baino itsu okerragorik; izugarria zen gertatzen ari zena. Ezinezkoa zen beste alde batera begiratzea»
Nola bizi izan dira azken urteetan?
Jendeak azken bi urteetan izan du han gertatzen zenaren berri gehiago, baina hau oso aspalditik dator: Gazak denbora asko darama libre izan gabe. Espero dezagun dena laster bukatzea, benetan oso-oso gaizki pasatu baitute: erasoez gain, noski, beste arazo nagusia izan da ez dutela izan jatekorik, eta gose handia pasatu dutela; desnutrizioa oso arma delikatua da. Elektrizitaterik ere ez dute izan. Oso-oso gaizki pasatu dute.
Zuk nola bizi izan duzu?
Nik oso gaizki pasatu dut: askotan jarri naiz haien tokian, eta amorru handia sentitu dut ezin nielako lagundu, ez nuelako hori egiteko ez indarrik ez botererik. Nire ustez, mundu guztiak sentitu du hori.
Noiz egon zara azkenekoz Gazan?
Ni ez naiz inoiz egon Gazan; oso eremu kontrolatua da, eta ezin zara sartu. Ni Zisjordanian egon naiz, Ramallahn. Duela bospasei urte izan zen.
Zer sentitzen duzu telebistan eremu horretako irudiak ikusten dituzunean?
Tristura handia sentitzen dut ikusten dudanean mundu hau zer bihurtu den. Behin baino ez zara bizitzen, eta zoriontsu bizi behar duzu, eta mugitzeko eta hitz egiteko askatasuna izan. Tristura handia eragiten dit ikusteak herrialde batek ezin duela hori egin.
«Niretzat Palestina ordezkatzea ardura handia da zentzu guztietan, ez bakarrik kirol arloan. Oso harro nago ardura hori izateaz»
Aspalditik dago Palestina egoera zailean, baina azken bi urteetan azaleratu da gehien, eta hori salatzeko protestak gero eta ugariagoak izan dira.
Ez dago ikusi nahi ez duena baino itsu okerragorik; izugarria zen han gertatzen ari zena. Ezinezkoa zen beste alde batera begiratzea. Mundu guztiak ikusi du zer gertatzen ari zen, baita politika interesatzen ez zaion jendeak ere. Irudia argi-argia zen, eta jendeak zera esan du: «nahikoa da, honek bukatu beharra du».
Zer sentitzen du horrenbeste sufritzen ari den herrialde bat ordezkatzen duen kirolari batek?
Palestinako milioika herritarren artean, pribilegiatu bat naiz ni, nire herrialdea ordezka baitezaket. Nire egitekoa munduan zehar nire lana ahalik eta ondoen egitea da. Txapelketa garrantzitsuetako partidak jokatzen ditugu herrialde askotan, eta niretzat Palestina ordezkatzea ardura handia da zentzu guztietan, ez bakarrik kirol arloan. Oso harro nago ardura hori izateaz: beti defendatuko dut Palestina, eta zelaira irten naizen aldiro emango dut nire onena Palestina ahalik eta gorenean egon dadin.
Urteak daramatzazue etxean jokatu gabe. Traba handia da hori.
Hala da. 2020tik ez dugu jokatu Palestinan. Bai gure federazioak eta bai jokalariok Palestinan jokatu nahi dugu, eta hori eskatu diegu FIFAri [Nazioarteko Futbol Federazioari] eta AFCri [Asiako Futbol Konfederazioari]. Gure estadioan indartsuagoak gara: gure jende guztia dator gu ikustera, eta babes hori oso garrantzitsua da guretzat. Adibidez, Saudi Arabiarekin hutsean berdindu genuen, eta Uzbekistani 2-0 irabazi. Traba handia da etxean ez jokatzea. Hala ere, jokatzen dugun ia herrialde guztietan oso ondo hartzen gaituzte.
«2020tik saiatu naiz partida hau joka dadin, eta, azkenean, ametsa egia bilakatu da. Nire bizitzako egunik ederrenetako bat izango da»
Al-Rameko Faisal Al-Husseini estadioan jokatzen zenuten. Nolakoa da han jokatzea?
Izugarria da: Palestinako herri guztiaren hatsa eta babesa sentitzen duzu partida osoan. Berdin dio irabaziz edo galduz joan, etengabe animatzen zaituzte. Estadioa lepo betetzen da: jendea estadioaren hormetara igotzen da; denek ikusi nahi dute nola ordezkatzen dien euren selekzioak mundu mailan. Hori ikusteak sekulako indarra ematen dizu. Nola ez duzu utziko arima jokaldi guztietan?
Haientzat ez da partida soil bat?
Ez. Palestina hemen dagoela, bizirik dagoela, bizirik jarraituko duela eta borrokatzen jarraituko duela esateko modua da.
Etxetik urrun jokatu arren, gero eta hobeto ari zarete.
Selekzioa oso lan ona egiten ari da azken urteetan, eta jokalari berriak iritsi dira. Oso pozik gaude, gero eta hobeto ari baikara. Baina anbiziotsuak gara, eta gehiago nahi dugu. Duela urte batzuk nazioartean lehiatze hutsarekin jendea zoriontsu zen, baina, orain, emaitza onak lortzea eskatzen digute, gero eta selekzio hobea baitugu. Guretzat pizgarria da guri gehiago eskatzea. Omanek luzapenean sartu zigun penalti eztabaidagarri batengatik ez ginen sailkatu Munduko Koparako. Kolpea izan zen, baina garrantzitsuena da gero eta hobeto ari garela. Espero dezagun historian arrastoa uzten jarraitzea.
Azaroaren 15ean jokatuko duzue hurrengo partida, San Mamesen, euskal selekzioaren aurka. Berezia izango da?
Oso, eta irrika bizia dut jokatzeko. Oso partida erakargarria da, Palestinak babes handia baitu Euskal Herrian. Gainera, izaera solidarioa izango du, eta irabazi guztiak Palestinaren alde aritzen diren erakundeentzat izango dira. Oso polita da hori. Oso eskertuta gaude Palestinaren alde dagoen jende guztiarekin. Argi esan dezaket palestinar guztiok izugarri eskertuta daudela, eta balio handia ematen diotela.
Askotan pentsatzen duzu partida horretan?
Bai; ezin diot horretan pentsatzeari utzi. 2020tik saiatu naiz partida hau joka dadin, eta, azkenean, ametsa egia bilakatu da. Nire bizitzako egunik ederrenetako bat izango da; ez dut sekula ahaztuko.
«Zaleak etxekoen alde egongo dira, baina bi selekzioek sekulako babesa jasoko dugu. Gau zirraragarria izango da»
Bitartekari aritu zara?
Nire esku zegoen guztia egin dut. Nik aspaldi proposatu nien Palestinako eta Euskadiko federazioei partida hau jokatzea, eta, azkenean, ados jarri dira. Izugarri pozik nago. Mundu mailan historikoa izango da.
Noizbait jokatu duzu San Mamesen?
Ez. Lehen aldiz jokatuko dut San Mamesen, eta horregatik ere oso pozik nago, nire betiko ametsa beteko baitut. Gauza handia izango da, paregabea.
Partidaren aurkezpenean hunkitu bazinen, nola egongo zara egunean bertan?
Ea egun horietan minutu bat lo egiterik dudan; zaila izango da, oso urduri egongo bainaiz, baina oso pozik aldi berean. Emozio askoko egunak izango dira. Nire bizitzako bi koloreak nahastuko dira: batetik, jaio eta hazi naizen tokiko kolorea; eta, bestetik, nire jatorriarena, mundu osoan ordezkatzen dudanarena. Eta hori guztia zelai batean egingo dut, milaka lagunen aurrean. Ez dut hitzik topatzen biziko dudana azaltzeko. Espero dezagun guztiok asko gozatzea.
Zer esan diezu selekziokideei?
Sekulako matraka eman diet partidarekin. Palestinako enbaxadorea naizela esaten didate [barrez], eta galdetu ea kapitainaren besokoa eramango dudan. Haiek ere izugarri pozik daude San Mamesen jokatuko dutelako, estadio mitiko batean, eta jokalari handi asko dituen selekzio baten aurka ariko direlako.
Haiek badakite sekulako babesa izango dutela?
Badakite. Ez bakarrik orain, denbora asko daramate ikusten sareetan Palestinako zenbat bandera dauden estadioetan, kaleetan eta balkoietan. Oso eskertuta daude.
Noren alde egongo dira zaleak: euskal selekzioaren alde edo Palestinaren alde?
Nire ustez, etxekoen alde egongo dira, baina bi selekzioek sekulako babesa jasoko dugu. Gau zirraragarria izango da.