Pilota. Eskuz binakako finala

«Oso harro gaude»

Aitor Elordiren osaba, aitabitxia eta botileroa da Garikoitz Txakartegi. Dioenez, «gozatzen» ari dira familian hura gozatzen ikusita. «Lan handia egin du, eta merezitako saria jasotzen ari da».

Garikoitz Txakartegi eta Aitor Elordi, besarkatuta, partida baten amaieran. BERRIA.
Julen Etxeberria.
2023ko apirilaren 02a
00:00
Entzun
«Asko kostatu zait hona iristea; oso bide luzea izan da». Horixe da azkeneko urtean onenekin nor baino nor gehiago ari denetik Aitor Elordik (Mallabia, Bizkaia, 1996) gehien errepikatu duen esaldia. Bide luze horretan, Garikoitz Txakartegi osaba izan du bidelagun (Mallabia, 1972). Ondoan izan du haren kirol ibilbideko garairik ederrenetan, baina baita txarrenetan ere. «Horretarako dago familia: onean, eta batez ere, txarrean animoa eta babesa emateko. Gainera, Aitorren aitabitxia naiz, bigarren aita, eta zaindu egin behar dut», esan du.

Ikusi gehiago:Nagusia oso pozik daukate

Osaba, aitabitxia eta botileroa; lau eta erdian eta buruz burukoan. «Egia esan, ez dakit zergatik esan zidan botilero izateko; Gontzalek [Urionabarrenetxea, Elordiren prestatzaile fisikoa] eta Jokinek [Etxaniz, Aspeko zuzendari teknikoa] nik baino askoz gehiago dakite kirolaz eta pilotaz. Pentsatzen dut lasaitasuna helaraziko zion gertuko norbait nahi zuela. Lagundu ahal badiot, ni pozik».

Kantxako aulkian eserita, ilobaren gorakadaren lekuko pribilegiatua izan da; lau eta erdian onenei irabazten ikusi du: Joseba Ezkurdiari eta Unai Lasori, besteak beste. «Gozatu egin dut, baina baita sufritu ere. Batzuetan, batez ere, une zailetan, ez da erraza asmatzen zer esan. Altunaren aurkako finalerdietan ez zen ondo aritu, baina Altuna Altuna da. Halere, txapela kentzeko txapelketa egin zuen. Lan eder horrek, gainera, saria izan zuen: lehen aldiz binakako nagusia jokatzea; norekin, eta Zabaletarekin. Sekulako poza hartu genuen familian».

Binakakoan ez da izan botilero, baina «asko» hitz egin du ilobarekin, eta behin baino gehiagotan joan da frontoira hura ikustera. «Bikain» aritu dela dio, «onenen pare». «Asko hobetu du defentsan, eta pilotari abiadura handiagoa ematen dio, eskuinez zein ezkerrez. Buruz, berriz, heldu egin da. Harrituta geratu nintzen partida batean ikusi nuenean bera ari zela gomendioak ematen Zabaletari».

Lehen aldia izan arren, «oso erregular» aritu dela azpimarratu du. Hala da: hamazazpi partida jokatu ditu, eta bakarrean aritu da eskas, finalerdietako ligaxkako bigarrengoan, Unai Lasoren eta Ander Imazen aurka, Labriten. Tentsioak jota, ezinean aritu zen hasi eta buka. Txakartegik uste du «normala» dela. «Txapelketa luzea da, eta normala da egunen batean huts egitea. Nik neuk uste nuen lehenago huts egingo zuela. Baina azkeneraino ez du huts egin. Gainera, buelta eman zion, eta oso ondo aritu zen azken partidan, Bilbon. Finalean ere ausart jokatu behar du, eta Zabaletarekin bikotea egin. Orain arte, oso ondo moldatu dira elkarrekin».

Txakartegik ez du huts egingo, eta Iruñean izango da gaur, Nafarroa Arenan (17:00, ETB1). Ilobak aurrenekoz irabaz dezake Lehen Mailako txapel bat, eta familian ez du ezerengatik galdu nahi. «Han izango gara denak; non bestela? Mallabitik ere autobus bat joango da, eta joango ez direnentzat pantaila erraldoi bat jarriko dute herrian. Giro ederra egongo da».

Itxaropentsu dago: «Bikoterik onena izan dira Aitor eta Zabaleta. Lehen ligaxkan bezala jokatzen badute, faborito argiak dira. Txapela irabazten badute, sekulako poza hartuko dugu Aitorrengatik. Hala ere, txapela irabazi edo ez, gu beti egongo gara oso harro».

Ogitartekoa eta pilota

Gozatzen ari da Elordi, eta gozatzen haren inguruko denak. «Ilusio handiz ari gara bizitzen azkenaldian Aitorri gertatzen ari zaion guztia. Txikia zenetik ibili gara harekin aurrera eta atzera; asko sufritu eta gozatu dugu harekin, eta, orain, onenekin zein ondo ari den ikusteak sekulako poza ematen digu». Haren ustez, gertatzen ari zaion guztia «ondo merezia» du. «Badirudi pilotarien lana dela frontoira joatea, ordubete jokatzea, eta kito. Baina horren atzean lan handia dago, ordu pila bat sartu behar dira, eta sakrifizio asko egin. Aitorrek asko egin ditu. Lan handia egin du, eta orain, ereindakoaren fruitua jasotzen ari da».

Atzera begiratu du, eta irribarretsu gogoratu du nola piztu zitzaion pilotazaletasuna Elordiri. «Nire aita, Aitorren aitona, haren bila joaten zen eskolara, eta beti eramaten zuen ogitarteko bat eta pilota bat. Eskolatik zuzenean joaten ziren frontoira, pilotan jokatzera». Herriko pilota eskolan ere aritu zen, eta laster hasi zen nabarmentzen: «Bi eskuekin moldatzen zen ondo. Hala ere, guri gustura aritzeak axola zigun, eta Aitor oso gustura aritzen zen; zaletasun handia izan du beti».

Ondoren etorri ziren gazte mailako txapelketak, afizionatuenak, profesionaletako debuta, iritsi berrien ordainsaria, lehen txapelak eta gora iristea. Txakartegik nabarmendu du hastapenetako ilusioari eusten diola, eta arrakastak ez duela aldatu. «Oso umila da. Txapela irabazita ere betiko lagunei eutsiko die. Ez da aldatuko, ziur. Beti izan da pertsona oso ona: hamarrekoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.