Otsoa aipatu, otsoa azaldu

San Antoniok Gummersbach indartsua izanen du aurkari Europako Errekopako finalerdietan

Edune Elizondo
Iruñea
2010eko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Hiru aukeren artean, nahi ez zuena. San Antoniori multzoko aurkaririk gogorrena egokitu zaio Europako Errekopako finalerdietarako Vienan atzo egin zuten zozketan: Gummersbach Alemaniako taldea. «Zailena da», onartu zuen atzo nafarren entrenatzaile Chechu Villaldeak. Zozketaren emaitzari alde ona ikusten saiatu zen, hala ere. «Gehien motibatzen gaituen taldea ere bada».

Iruñeko taldeak Volendam, Eskilstuna eta Berna Muri utzi ditu Europako Errekopatik at orain arte. Talde apalak izan dira guztiak, eta argi dago Gummersbach beste maila batean dagoela, nahiz eta, San Antoniori gertatu bezala, gauzak nahi bezala ez atera azken denboraldietan. Iragan sasoian, halere, EHF kopa irabazi zuten alemaniarrek. Txapeldunen Liga bost aldiz eskuratu duen talde batentzat, akaso, ez da askorik. Europako azken txapela, dena den, 1983an irabazi zuen. Geroztik, gauzak anitz aldatu dira taldean. Alemaniako Ligan seigarren da egun. Lehiaketa hori hamabi aldiz irabazitakoa da.

San Antonioren baitan ere gauzak anitz aldatu dira. Azken urteotako denboraldirik zailena izaten ari da hau nafarrentzat, gora-beheraz betetakoa. Europako Errekopa bilakatu zuen egoera horrek iruindarren helburu nagusi, eta, lortu ahal izateko, Gummersbach bazterrean uztea izanen da egin beharreko hurrengo urratsa. Egungo San Antoniorentzat hori ez da inondik inora lan makala. Azken finean, Gummersbach da Errekopa irabazteko faborito nagusia.

Kontua, orain, egoera hori bere alde profitatzea izanen da San Antoniorentzat. Presioa aurkariari pasatzea eta lasaitasunez jokatzea. Sasoiko aurpegirik onena erakustea. Hutsik ez egitea. Lehen partida Alemanian jokatuko dute bi taldeek, hilaren 24an edo 25ean; itzulikoa, berriz, Iruñean, maiatzaren 1ean edo 2an. «Itzulikoa etxean jokatzea abantaila izanen litzateke guretzat, baldin eta pabiloia betetzea lortuko bagenu; hori, ordea, ez da gertatu azken partidetan», onartu zuen Villaldeak. Datu bat: Berna Muriren aurkako partidan 300 ikusle eskas izan ziren NUPeko pabiloian.

Harmailetan egon daitekeen giroa bazter utzita, pistan izanen da finalerako txartela jokoan San Antoniorentzat. Nafarren entrenatzaileak argi du zaila izanen dela alemaniarrak mendean hartzea, baina zailtasunak pizgarri bilakatu nahi ditu, jokalarientzat makulu.

Entrenatzaileak argi du jokalariek zer izanen duten aurrean finalerdian. «Munduko atezainik onenetako bat dute alemaniarrek, Stojanovic; Szylagyi erdikoa ere jokalari aparta da, bai eta Vukovic eta Zrnic kroaziarrak ere; jokalariok dira, Gunnarsson eta Pfahlen gisako hegaleko gazteekin batera, taldearen oinarria».

San Antonioko jokalari Davor Dominikovicek entrenatzailearen iritziarekin bat egin zuen, eta Vukovic eta Zrnic jo ditu aurkarien artean arriskutsuenak. Dominikovicek ere ez zuen nahi Gummersbach finalerdietan. Baina zozketak ez ditu nafarren nahiak kontuan hartu. Zoriak alemaniarrak jarri dizkie aurrean.

Gummersbachen defentsa nabarmendu zuen Villaldeak. «Ez dute ohiko 6-0eko defentsa sendoa egiten, baina 3-3ko, 5-1eko edo 4-2ko euren defentsa zabalarekin presio handia egiteko gai dira». Alemaniarrek Kastrioti-Ferizag, Braga eta Holstrebo taldeak utzi dituzte Europako Errekopatik at orain arteko bidean.

Denboraldia jokoan

Hilaren amaiera bitarte izanen du San Antoniok Europako Errekopako kanporaketa prestatzeko denbora. Bertze finalerdian Steaua Bukarest eta Granollers ariko dira lehian. Argi dago txapelketa garrantzi handikoa dela Iruñeko taldearentzat, eta denboraldi osoa dagoela jokoan, neurri handi batean, finalerdietan. Duela bost urte irabazi zuen San Antoniok azken txapela, eta, geroztik, maldan behera egin du.

Europako Errekoparen aurretik, asteon bertan Bartzelona izanen du aurkari San Antoniok, Asobal ligako 24. jardunaldian. Etzi jokatuko dute norgehiagoka, 21:00etan, Palaun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.