Parekorik ez duen gidaria

Laurentzi Garmendia
2003ko urriaren 14a
00:00
Entzun
unduko txapeldun sei aldiz, hirurogeita hamar garaipen, ehun eta hogeita bi aldiz podiumean, berrogeita hamabost pole position, eta oraindik ere betiko motibazioa. Gora iristea baino zailagoa da goian irautea, batez ere 1 Formula gaur egun dagoen moduan. Maila horretan hamar urtez aritzeko, onena izan behar da. Beste zenbait gidari iritsi da munduko txapeldun izatera, baina ez dute asko iraun.

Ziurrenik, Alain Prost 1 Formulako zale askoren gogoan izango da, gidari frantziarrak lau titulu irabazi baizituen; baina, Ferrarirentzat korritu bazuen ere, ez zuen lortu Scuderia txapeldun izaterik. Eta, aldi berean, Prost oso urrun ikusiko du zale horrek, aspaldiko zerbaiten moduan. Michael Schumacher, beste garai bat osatu badu ere, sudur okerraren azken urteetan 1 Formulan zebilen. Eta Prostek azken txapela irabazi zuenean, 93an, alemaniarrak Estorilen bere bigarren proba irabazi zuen, eta han bertan, matematikoki, frantziarra munduko txapeldun izan zen, laugarrenez.

Horren aspaldiko garaia Schumacherren agintaldiaren hasiera izan zen. Izan ere, hurrengo urtean bertan, Benetton-Ford B194 auto ederrarekin, maisu izan zen, eta lehen txapela eskuratu zuen. Ez zen oso lorpen garbia izan, urte hartan Senna galdu baitzuen kirolak, eta Benettonek estrategia ilunak erabili zituen zenbait kasutan. Baina Schumacher beti sendoaritu zen, eta modu miragarrian gidatu zuen.

95ean ere irabazi zuen, Benetton-Renault auto petralarekin. Motor ona zuen, baina inguruko osagaietan ez ziren maila berekoak. Ordurako, Schumacherren estilo zikina ere agerikoa zen, eta hori da curriculum distiratsuan duen orbanik handiena.

Damon Hill, Jacques Villeneuve, Mika Hakkinen... guztiak ere munduko txapeldun izan dira, Michael Schumacherren ondoren. Baina haietako inor ez dabil gaur egun 1 Formulan. Schumacherrek hamar urte daramatza guztien aurka, eta, gorabehera batzuekin bada ere, inork ezin izan du bere aldaretik jaitsi.

Ez da azkar gidatzea soilik

Flavio Briatore italiarrak garrantzi handia du Michael Schumacher izeneko izarraren sorreran. Hark lapurtu zion Jordan taldeari, lasterketa bakarra korritu ondoren, eta Benettonera eraman. Litekeena da Briatore berezi eta xelebrea izatea, baina 1 Formulan bista izugarria duen azeri zaharra da. Eta, Schumacher azkarra bada ere, auto berarekin diferentziak oso txikiak lirateke. Briatorek hauxe esan zuen duela zortzi urte: «Auto berean, hamar gidari dira 1 Formulan segundo baten buruan gidatzeko gai direnak».

Munduko txapeldun izan nahi duenak horretarako gai den autoa ere behar du, eta Schumacherren taldeek ez zuten gaitasun hori alemaniarra taldera iristean. Inoiz ez da joan garaile zen talde batera. Benetton eta Ferrari ez zeuden garairik onenean 92 eta 96an, baina gidari desberdina da Michael, eta haren lana ez zen pistakoa bakarrik. Gaur egun oraindik inor ez da gauza talde barruan horrenbeste agintzeko, eta ongi agindu, gainera. Berak gertatzen den guztiaren berri dauka, eta erabaki batzuetan eragina ere badu.

Hori bai, bere erregetza kolokan jar dezakeen inor ere ez du nahi alboan. Irvine eta Barrichello lehen mailako gidariak dira, baina ez munduko txapeldun izateko modukoak. Benettonen garaian ere ez zuen aparteko taldekiderik: Martin Brundle, Ricardo Patresse eta Jos Verstappen. Izan ere, sei txapelketa irabazi dituena lasterketetatik kanpo ere estratega bikaina da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.