Partida bat, hiru helburu

Erabateko lasaitasuna lortu eta Intertotora gerturatu nahi du Athleticek, gaur Valentziari irabazita

haritz gallastegi
2008ko apirilaren 20a
00:00
Entzun


Erabateko lasaitasuna lortu eta Intertotora gerturatu nahi du Athleticek, gaur Valentziari irabazita
haritz gallastegi

Bilbo

«Azken jardunaldietan denborapasa ibiliko garela esaten duena gezurretan ari da. Era guztietako kritikak onartzen ditugu, baina gure profesionaltasuna ezbaian jartzea errespetu falta da». Joseba Etxeberriak esandakoa da. Elgoibartarrak taldeko kapitain gisa egin zuen berba. Jokalariei ez die graziarik egin Deportivoren aurka galdu ostean entzun behar izan zituzten kritikak. Galiziako taldearen aurka txarto jokatu zutela onartzen dute, baina inolaz ere ezin dute ontzat eman ez zutela garaipena eskuratzeko gogorik izan entzutea. Jakin badakite jarraitzaileen artean gogo barik jokatzen ari direla zabaltzen bada -gezurra izan arren- ez dietela bakean utziko.

Horrenbestez, Valentziaren aurkako gaurko partida garrantzitsua da talde zuri-gorriarentzat. Gauza asko daude jokoan: batetik, salbazioa bermatzeko behar dituen puntuak irabazteko aukera izango du Athleticek. Zuri-gorriak ez daude egoera txarrean, baina jaitsierako postuetan edo inguruan dauden taldeek emaitza onak lortzen badituzte, baliteke urduritasuna bueltatzea. Horrelakorik gerta ez dadin, komenigarria da lehenbailehen puntuak eskuratzea. Bat nahikoa izan daiteke, baina hiru irabazita lasaiago egingo dute lo zuri-gorriek. Bestetik, Intertoto Koparako sailkatzeko aukera dago. UEFA Kopara zuzenean sailkatzeko aukerarik ez dutela argi dute Athleticeko jokalari eta entrenatzaileek. Beraz, B plana ipini beharko dute abian. Intertoto Kopa gozoki interesgarria bezain arriskutsua izan daiteke. Kanporaketa bat gainditzea nahikoa da UEFA Koparako sailkatzeko. Baina bere alde txarra ere badauka. Athleticek gainerako talde gehienak baino lehenago hasi beharko luke denboraldi-aurrea, eta, beraz, atseden hartzeko denbora gutxiago izango luke. Bestalde, talde zuri-gorriak bi lehiaketari aurre egiteko gaitasuna zalantzan jarri duenik ere badago. Lehiaketa batekin arazoak baditu, zer gertatuko da bi jokatuz gero? Bide batez, gaur irabaziz gero, Riazorren jokatutako partida negargarria lehenbailehen ahazteko aukera izango du Joaquin Caparrosek zuzentzen duen taldeak.

Gauza horiek guztiak Valentziaren aurka eskuratzeko aukera izango dute zuri-gorriek. Ez da nolanahiko neurketa. Athletic eta Valentzia Espainiako Ligako historikoen artean daude. Makina bat txapelketa irabazi dute bien artean, baina egun ez daude euren sasoirik onenean. Athletic bere historiako mementorik txarrenean dago. Valentzia, berriz, azken denboraldiotan baino askoz gutxiago jokatzen ari da. Hala ere, Espainiako Kopa irabazi berri du, Getaferi finalean 3-1 irabazita. Horrelako lorpenak talde handiek baino ez dituzte eskuratzen. Krisian egon arren, lehiaketak irabazteko gai dira.

Baina Ligan ez dabil fin Herrialde Katalanetako taldea. Etxean azken hogei denboraldiotako emaitza txarrenak lortu ditu. Ronald Koemanek Quique Sanchez Florez ordezkatu eta taldea hartu zuenetik, berriz, jaitsierako postuetan ari diren taldeen mailan ari da. Filosofia kontua izango da beharbada. Izan ere, entrenatzaile herbeheretarrak gustuko duen jokatzeko erak ez baitu lekurik Valentzian. Azken urteetan Europako talde onenetarikoa izateko aukera eman dion jokoarekin zerikusi gutxi du behintzat. Ondorioz, Kopako ospakizunak atzeratu egin behar izan dituzte. Villak eta enparauek ezin dute arreta galdu. Partida pare bat irabazitakoan izango dute petardoekin gozatzeko aukera. Koemanek, aldiz, ez dauzka sei jardunaldi helburua lortzeko. San Mamesen galduz gero, kargutik kenduko dute ziurrenik. Herbeheretarra kargutik kentzeak izango zuen kostuarengatik mantendu omen dute aulkian orain arte Valentziako agintariek.



USTARITZ ETA SUSAETA HAMAIKAKOAN. Koemani buruko min handiagoa ematea da Athleticen asmoa, hain zuzen ere. Horretarako, Caparrosek hiru aldaketa egingo ditu hasierako hamaikakoan gaurko partidarako. Erasoan baliteke Joseba Etxeberriak berriro jokatzea. Deportivoren aurka aulkitik ikusi behar izan zuen neurketa osoa. Elgoibartarra ez dago horretara ohitua. Duela bi jardunaldi, aldiz, bigarren zatian zelairatu zuten. Bietan Garmendiak hartu zion aurrea. Hirugarrenean bere ohiko lekua berreskuratuko duela dirudi. Jokatzen badu, Ligan 413. aldiz jantziko du elastiko zuri-gorria. Ondorioz, Txetxu Rojoren marka berdinduko du. Jose Angel Iribar bakarrik izango du aurretik.

Hasierako hamaikakoko beste albisteetako bat eskuin hegalean egongo da. Izan ere, Markel Susaetak nagusiekin jokatuko du aste honetan. Joan den jardunaldian bigarren taldeari laguntzeko eskatu zion Caparrosek. Bada, Liñeroren taldeak egoera bertsuan jarraitu arren, oraingoan ez du eibartarraren beharrik. Athleticek UEFA Kopan sartzeko zituen aukera apurrak galdu dituenean, hain zuzen ere. Gauzak txarto egiten hasita, ezin dira aldrebesago egin. Atzealdean, berriz, Ustaritzek jokatuko du, Aitor Ocioren partez. Gasteiztarrak aroazoak ditu oraindik ezker belaunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.