Txirrindularitza

Pasaporte biologikoa: txirrindulariak kontrolpean dituen sistema

Oier Lazkano txirrindularia zigortu egin dute behin-behinean, pasaporte biologikoan ikusitako anomalia batzuengatik. Sistemak 2009tik darama indarrean, eta egunero lokalizatuta egotera behartzen ditu txirrindulariak.

Tropela, joan den Vueltako etapa batean. JAVIER LIZON / EFE
Tropela, joan den Vueltako etapa batean. JAVIER LIZON / EFE
Julen Urrestarazu
2025eko azaroaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Oier Lazkano txirrindulariaren behin-behineko zigorrak argitara atera du berriro ere txirrindularien pasaporte biologikoa: 2009tik txirrindulariak kontrolatzen dituen sistema informatikoa da. Ziklistek horren menpe egon behar dute urteko egun guztietan. Txirrindulari askok aitortu dute egoera deserosoak bizi izan dituztela horren ondorioz, baina jakitun daude iraganean izandako dopin kasuen ondorio dela sistema hori indarrean egotea. Aldi berean, onartu dute tranpa egin nahi duenarentzat gauzak zaildu egiten direla sistema horrekin. Horretarako bidea lehen mailako mendate bateko aldapa baten pareko bihurtzen da.

Egindako analisietan debekatutako substantziaren bat aurkitu ez arren, ziklistek zigorra jaso dezakete Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak (UCI) zerbait arraroa sumatzen badu. Horretarako dago pasaporte biologikoa. Sistema horrek txirrindularien datu biologikoak aztertzen ditu, eta dopin kasuak hauteman. Pasaporte biologikoak ziklistei odol bidez egindako dopin kontroletan bildutako datuak aztertzen ditu: hala nola odolaren eta hormonen aldagaiak. Datu horietan aldaketa esanguratsuren bat badago, dopin kasu bat izan daitekeela ondoriozta dezake UCIk, debekatutako substantziarik aurkitu gabe.

XX. mende amaieran eta XXI. mende hasieran, ugaritu egin ziren debekatutako substantzien positibo kasuak, eta UCIk horregatik jarri zuen martxan sistema. «Gaur egungo ziklistak iraganean izandako dopin kasuen ondorioak ordaintzen ari dira», uste du Mikel Iturria txirrindulari ohiak (Urnieta, Gipuzkoa, 1992). Euskadi Fundazioan ibilitako txirrindulariak azaldu du lehiatzen ari zenean «gehienez hamar dopin analisi» egin zizkiotela urte batean. Tadej Pogacarri, aldiz, 40 edo 50 inguru egiten dizkiote: «Zenbat eta itzuli edo lasterketa gehiago korritu, orduan eta analisi gehiago egiten dizkizute». Itzuli handietan, adibidez, hasieran froga bat egiten diete, eta lasterketan zehar beste bat.

Iturriak azaldu duenez, pasaporte biologikoan hematokritoen eta hemoglobinaren emaitzak azaltzen dira, baita beste datu batzuk ere. Datu horiek bildu ostean, offscore datua ateratzen da. Zenbaki horrek hemoglobinaren eta oraindik heldu gabe dauden globulu gorrien kopurua neurtzen du: «Adibidez, zure offscore datua 70 eta 80 artekoa bada eta bat-batean aldatu egiten bada, zerbait arraroa gertatu da». 

Lehen, ziklistek kontrolen datuak ikus zitzaketen, baina duela hiru urte debekatu egin zieten hori: «Uste dut eskubidea eduki beharko genukeela datuak ikusteko, baina, tranpa egiten dutenentzat abantaila bada datuak ikustea, ondo iruditzen zait ezkutatzea». Ulertzen du txirrindularitzak urte asko daramatzala «dopinaren aurka borrokatzen».

«Uste dut eskubidea eduki beharko genukeela datuak ikusteko; baina, tranpa egiten dutenentzat abantaila bada, ondo iruditzen zait horiek ezkutatzea»

MIKEL ITURRIA Txirrindulari ohia

Sistema indarrean jarri denetik, txirrindulari profesionalek egunero jakinarazi behar dute non dauden, dopin analisiak egin ahal izateko. «Derrigortuta zaude egunero ordubete lokalizatuta egotera, baita oporretan ere. Ordu horretan ez bazaude jakinarazi duzun tokian, abisua ematen dizute; eta hirugarrenean zigortu egin ahal zaituzte». Urte osoko lokalizazioak ADAMS plataforman erregistratuta dauzkate, eta 05:00etatik 23:00etara egin diezazkiekete kontrolak. 

Zorroztasun horren ondorioz, egoera deserosoak bizi izan ditu Iturriak: «Tokatu zait oporretan egotea, kontrola egin behar zidana nire ondoan afaltzen egotea, eta ondoren odola ateratzera joatea». Beste behin, lagunekin kalean zegoela, etxera joan behar izan zuen kontrola egitera.

ADAMS sistemak ziklistari «pribatutasuna kentzen» diola esan arren, Iturria sinetsita dago «tranpa egiten duten ziklista gutxiago» daudela, eta tranpa egiten badute, «abantaila gutxiago» ateratzen dutela: «Batzuetan gaizkile bat bezala sentitzen zara, baina txirrindularitzan urte askotan egin den guztiak bultzatu du egoera hau».

Iturriak ere hausnarketa egin du dopin substantzien inguruan: «Norbait dopatzen ari bada, horren atzean beste norbait dago: substantzia hori saldu eta nola erabili erakutsi diona». Dopatzen diren txirrindulariak zigortzeaz gain debekatutako substantziekin «negozioa egiten duen jendea» ere ikertu behar dutela uste du: «Ez badago aukerarik substantziak erosteko eta nola erabili erakusteko, ez da dopatzeko aukerarik izango», ondorioztatu du. 

Oier Lazkanoren kasua

Urriaren 30ean, UCIk Oier Lazkano zigortu zuen behin-behinean, «azalpenik gabeko anomaliak» agertu zirelako haren pasaporte biologikoan, 2022 eta 2024 artean. Hori jakinda, Red-Bull Bora taldeak berehala kanporatu zuen gasteiztarra. Handik hiru egunera, Lazkanok adierazi zuen ez duela «inoiz» dopatzeko substantziarik edo debekatuta dagoen metodorik erabili, eta azaldu zuen «errugabea» zela: «Behar den guztia egingo dut hori erakusteko». 

«Norbait dopatzen ari bada, substantzia eman eta erabiltzen erakutsi diona dago atzean. Horiek ere ikertu behar dituzte»

MIKEL ITURRIA Txirrindulari ohia

2022tik 2024ra, Lazkanok Movistar taldean korritu zuen. Nafarroako taldeak defenditu egin zuen Gasteizko ziklista, eta adierazi zuen taldeari ez ziotela egoeraren berri eman Lazkano zigortu zuten egunera arte. Gainera, gogorarazi zuten ziklistak negatibo eman zuela urte haietan egin zizkioten dopin analisi guztietan.

Lazkano ez da pasaporte biologikoan anomaliak hauteman dizkioten euskal txirrindulari bakarra. 2018an, Espainiako Txirrindularitza Federazioak Ibai Salas zigortu zuen arrazoi berarengatik. Baina auzitegiek absolbitu egin zuten gero: lehenengo, Kirola Arbitratzeko Espainiako Auzitegiak, eta, ondoren, Europakoak. Azkenik, Espainiako Auzitegi Nazionalak ere errugabetu zuen.

Salas ez zigortzeko arrazoia hau izan zen: «Zehaztu gabe dagoen substantzia debekatu bat kontsumitzeko aukera zegoelako» debekatu ziotela parte hartzea, eta ez «araudia hautsi» zuelako. Hala ere, 2021ean Dopinaren Aurkako Espainiako Legea berritu zuten, pasaporte biologikoak garrantzi handiagoa izan dezan legeari dagokionez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.