Mendiko gidaria

Lur Uribarren: «Patroiaren eta mendiko gidariaren lanak antzekoak dira gauza askotan»

Mera Peak eta Baruntse mendietara igo berri da Uribarren Nepalen; biak dira 7.000 metro ingurukoak. Arraunean ibili ondoren, mendian dabil orain. Bien inguruan pasioz hitz egiten du.

Lur Uribarren mendi gidaria. MARISOL RAMIREZ / FOKU
MARISOL RAMIREZ / FOKU
Unai Ugartemendia.
Elantxobe
2025eko abenduaren 10a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irribarretsu azaldu da hitzordura Lur Uribarren mendiko gidaria (Elantxobe, Bizkaia, 1987). Aurpegian nabari zaio eguzki izpien arrastoa, eta kolore bikaina ekarri du. Talde berri batekin egingo duen hurrengo espedizioa antolatzen pasatu du azken ordubetea. Ez du lanik falta.

Elantxoben jaiota, normalena arraunean saiatzea da, ezta?

Bai. Txikitatik, eskolatik ateratzean, portura jaisten ginen jolastera. Batelean sartu, eta han ibiltzen ginen denbora-pasa. Handik etorri zitzaidan arraunerako zaletasuna. Oso umetan hasi, eta goi mailan amaitu nuen.

Patroi aritu al zinen beti?

Nire adinekoen artean argalena eta baxuena nintzen, eta oso umetan hasi nintzen trainerua gidatzen. Badirudi ondo egiten nuela, eta nire postutik ez nintzen mugitu urte haietan guztietan. Sei taldetan ibili nintzen. 16 urterekin jokatu nuen estreinako estropada Eusko Label Ligan, Urdaibain.

Zergatik utzi zenuen arrauna?

2013an arrauna utzi nuen denbora batez. Garai hartan eskalatzen hasi nintzen lagunekin, eta orduan konturatu nintzen zerk betetzen ninduen gehien. Lagunek ere esaten zidaten, patroi ibili ondoren banuela zerbait barruan arraunarekin. 2018an Joseba Fernandezek deitu ninduen, berriro ere Urdabaira itzultzeko. Hamabi urte neramatzan tailer batean lanean. Baina lana utzi, eta arraunean hasi nintzen berriro ere. Aldi berean, mendi gidari izateko ikasten hasi nintzen. Oso argi ikusi nuen aukera hura. Lehen bi urteetan buru-belarri aritu nintzen arraunean, eta ikasketak gaindituz joan nintzen. 2019an lesio bat izan nuen Kontxaren atarian, eta 2020ko denboraldia ez hastea erabaki nuen. Hala ere, Deustutik deitu ninduten berriro ere hasteko. Nire egoera zein zen azaldu nien, eta ikasketekin segitzeko aukera eman zidaten. 2021ean berdin ibili nintzen, orduan Kaikun. Eusko Label ligara igo ginen, baina ordurako hartuta neukan arrauna uzteko erabakia.

Urdaibain goi mailan aritu zinen arraunean. Nola kudeatzen zenituen presioa eta lehia?

Oso lo gutxi egiten nuen. Askotan joaten nintzen mendira korrika egitera pisua jaisteko, eta oso gutxi jaten nuen egunean zehar. Oso gogorra zen. Bermeon, gainera, gauza bakarrak balio zuen: irabazteak. Urte guztia hipotekatzen genuen udan emaitza onak lortzeko. Onena eman behar genuen beti, eta ezin izaten genuen hutsik egin. Nik, gainera, banekien arraunlariek ez zutela hutsik egingo. Zerbait gertatuz gero, erruaren zatirik handiena nirea izaten zen. Urteak aurrera joan ahala, zama hori eramaten ikasi nuen.

Arrauna utzi eta gutxira, mendian hasi zinen.

Bai. Ordurako jada talde bat neukan praktikak egiteko eta Europako mendietan lanean hasteko. Oso argi neukan behin mendian hasita ez nintzela arraunera itzuliko. Halere, askotan arraunak sortzen zidan adrenalinaren falta sumatzen dut oraindik ere. Ahalik eta estropada gehien ikusten saiatzen naiz.

«Oso argi neukan behin mendian hasita ez nintzela arraunera itzuliko. Hala ere, oraindik ere haren falta sumatzen dut askotan»

Arraunean lehia betean ibiltzen zinen; mendian, berriz, lasai. Nolakoa izan zen aldaketa hori?

Ondo joan zen aldaketa, eta gustura egin nuen. Dena den, mendian jendea gidatzeak ere badu adrenalina puntu hori. Arraunlari guztiak ez dira berdinak, bakoitzak bere izateko modua dauka, eta denei ezin diezu berdin hitz egin. Mendian ere antzekoa gertatzen da. Mendizale edo alpinista bakoitzaren ezaugarriak ezagutzen joan behar duzu, eta zein gaitasun dituen ikusi behar da. Ezinbestean, antz handia dute patroiak eta mendi gidariak. Aurretik lan handia egitea eskatzen duten aldagai asko daude bietan.

Gogoan al dituzu mendi gidari moduan egindako lehen irteerak? Nolakoak izan ziren?

Beldur handiz hasi nintzen. Betiko lana utzi, eta autonomo gisa hasi nintzen lanean. Ziurgabetasun handia neukan, gainera. Urte batzuk igaro dira jada, eta oso pozik nabil. Ez dut lan faltarik. Pasioz bizi dut nire lana. Ondo bereizten ditut lana eta nire proiektuak. Nire mugak zeintzuk diren jakiteko ere balio izan dit lan honek.

Askotan gertatu al zaizu bezeroak nahi duenaren aurka egin behar izatea?

Bai, batzuetan gertatzen da. Halere, zorte handia izan dut bezeroekin. Askotan, haiek deitzen didate, eta hori zerbaitegatik izango da. Zaila da bezero bati esatea ezin duela aurrera jarraitu edo eguraldiagatik geratu egin behar dugula. Baina hori da gure lana. Gure eginkizun nagusia zera da: haien segurtasuna bermatzea. Halakoetan, gauzak ondo azalduz gero, ez da arazorik izaten. Gehienek aintzat hartzen dituzte gure gomendioak. Oso-oso pozik nago urte hauetan guztietan izan ditudan bezeroekin.

Kanpora trekking bat egitera joan aurretik, taldearekin elkartzen al zara?

Bai. Gainera, oso garrantzitsua iruditzen zait hori egitea. Noizbait gertatu izan zait baten bati zera esan behar izatea: egitera doan trekkinga gehitxo dela berarentzat. Horregatik, gustuko izaten dut aurretik jendea ezagutzea. Han, gainera, egun osoa egoten gara elkarrekin, eta zailtasunak daudenean jendearen jarrera asko aldatzen da.

Azken urteetan batez ere Himalaian ibili zara lanean. Gustura aritzen zara han, ezta?

Oraintxe bertan, Nepal nire bigarren etxea da. Han hasi nintzen, eta duela bost urtetik ume txiki bat ere badut han harreran. Han nagoenean asko jasotzen dut. Bailara sakonenetan egoten naiz normalean, ez betiko bideetan. Everesteko bailara oso komertziala da gaur egun, baina Makaluko eta Lantangeko bailaretan oraindik ere gauza asko daude egiteko. Han ibiltzen naiz, eta bertakoek ere asko ezagutzen naute. Txoko txiki bat egin dut han.

Orain zenbat irteera egiten dituzu Nepalera?

Hiru edo lau irteera egiten ditut urtean. Horiez gain, nire espedizioak ere egiten ditut. Trekkingak hango eta hemengo agentzien bitartez kudeatzen ditut. Bertako agentziek kontratatu egiten naute, baina askotan taldeak hemendik osatzen ditut. Orain, Madrilgo beste agentzia batekin ere lanean hastekoa naiz. Oso gogotsu nago urte berrirako.

Zein da mendi gidari izatearen alderik onena?

Jendearen ametsak betetzea. Helburua betetzen dutenean izaten duten irribarrea ikustea ederra da; baita jasotzen dugun esker ona ere. Nahiz eta helburua ez bete, gure lanari balioa ematea ere izugarria da. Gauza on asko ditu gure lanak. Bezeroak berriro ere zuregana itzultzen badira, seinale ona izaten da. Alde horretatik ez dut kexarik. Bezero asko izan ditut Nepalen egon ondoren Pakistanera etorri direnak. Askotan bezeroek berek eskatzen didate leku berrietara joateko.

«Bezero asko izan ditut Nepalen egon ondoren Pakistanera etorri direnak. Askotan bezeroek berek eskatzen didate leku berrietara joateko»

Zure lanak ba al du alde txarrik?

Arazoren bat dagoenean, mendi gidariok ahalik eta ondoen konpontzen saiatu behar dugu. Orduan ikusten da mendi gidari bat ona edo erdipurdikoa den. Lanbide honetan garrantzitsua da kontaktu onak izatea. Trekking batean gauzak okertzen direnean, gauak ematen ditut lorik egin gabe. Konpondu arte ez naiz lasaitzen. Espedizio batean, ardura zurea da, eta batzuetan egunak ez dira amaitzen.

Igo zaren azken bi mendiak 7.000 metro ingurukoak izan dira. Zortzimilakoren batera igotzea gustatuko litzaizuke?

Orain arte ez dut horretarako dirurik izan. Etorkizunean gustatuko litzaidake saiakeraren bat egitea. Altuerarekin ez dut arazorik izan, ez Mera Peaken, ez Baruntsen. Horrek lasaitasuna ematen dit. Probatzea gustatuko litzaidake, eta, ahalko banu, Jorge Egocheagarekin izatea gustatuko litzaidake. Harreman estua dugu, eta sokakide izateko lagun bikaina da.

Zer aurreikuspen duzu datorren urterako?

Ia urte guztirako lana daukat, eta alde horretatik oso pozik nago. Dosierrak prestatzen ari naiz orain, eta lanerako gogoz nago.

Zein aholku emango zenioke zuk eman zenuen pausoa eman nahi duen gazte bati?

Bere garaian nik zalantza asko izan nituen. Hipoteka bat nuen ordaintzeko, eta lan finko bat uztera nindoan. Askok zera esan zidaten: nola utzi behar nuen lana mendi gidari izateko. Baina urratsa egitea erabaki nuen. Ametsak betetzeko dira. Azkenerako, pozik ikusi naute nire lanean. Jendea pausoa ematera animatuko nuke. Beti dago atzera egiteko aukera.

MOTZEAN

Kirolean egin duzun lagunik onena?  
Asko, baina beti ondoan izan dudan bat esango dut: Alain Colunga arraunlari ohia.


Mendi bat? Anboto.


Igotzeko duzun bat? 

Makalu

 

Beste kirol bat?


Bizikleta.

 

Kirolari bat?
Jorge Egocheaga alpinista.

 

Sare sozialetan gehien jarraitzen diozun kirolaria?
Mendiaren inguruan ibiltzen diren kirolariak.

 

Musika talde bat? Kaleko Urdangak.

 

Abesti bat? Maixa eta Ixiarren Bexamela eta pastela.

 

Oporretarako leku bat? Euskal Herria.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.