Gaur abiatu da Italiako Giroa, Bulgariako lurretan, eta Paul Magnierrek (Soudal) irabazi du lehen etapa, amaiera kaotiko batean.
Esprinterrentzat etapa egokia zen, itxuraz lasaia, baina dena korapilatu da. Helmugatik 500 metro ingurura eroriko handi bat izan da, eta horrek baldintzatu du esprinta, tropela eten egin baita. Dozena bat txirrindularik egin dute aurrera, eta horietan azkarrena izan da Magnier. Tobias Lund Andresen (Decathlon) helmugaratu da bigarren, eta Ethan Vernon (NSN) hirugarren.
Eguneko ihesaldia, berriz, Manuele Tarozzi (Bardiani) eta Diego Pablo Sevilla (Polti) txirrindulariek osatu dute. Etapa hasieran jo dute erasoa, eta ehun kilometrotik gora egin dituzte lasterketa buruan. Dena den, tropelak kontrolpean izan ditu une oro, eta helmugarako 23 kilometro falta zirela harrapatu ditu.
Azkenean, Magnier izan da garaile, eta hark jantziko du bihar liderraren maillot arrosa. Biharko eta etziko etapak ere Bulgarian izango dira.
Bestalde, Anna van der Breggenek (Worx) irabazi du gaur Espainiako Vueltako seigarren etapa. Eta Usoa Ostolaza (Laboral Kutxa) 11. izan da. Mendiko etapa gogorra izango da biharkoa: Anglirun bukatuko da.