Pauline Ferrand-Prevot (Reims, Frantzia, 1992) Visma taldeko txirrindulariak irabazi du Frantziako Tourra. Frantziarrak bere ibilbideko lehen Tourra erdietsi du. Orain 35 urte, 1990ean, Catherine Marsalek irabazi zuenetik ez zen frantziarrik igo Tourreko podiumaren gorenera, eta Ferrand-Prevotek bere lehen Tourrean lortu du balentria. Azken bi etapak irabazita lortu du garaipena, gainera. Bigarren Demi Vollering herbeheretarra (FDJ) izan da, 3.42ra, eta, podiuma Katarzina Niewiadoma poloniarrak (Canyon) osatu du, 4.09ra.
Txirrindularitzako ia modalitate guztietan nabarmendu da Ferrand-Prevot, eta, bere ibilbideari ziklo-krosean ekin bazion ere, gehien nabarmendu den modalitatea mendiko bizikleta izan da, modalitate horretan hamar aldiz irabazi baitu Munduko Txapelketa. Horrez gain, errepidean (2014), ziklo-krosean (2015) eta gravelean ere (2022) izan da munduko txapeldun, eta lauretan irabazi duen historiako ziklista bakarra da —errepideko, ziklo-kroseko eta mendiko bizikletan, gainera, denboraldi berean izan zen hiru ortzadar mailloten jabe—. Lorpen horiei aurtengo Paris-Roubaix klasikoa gehitu behar zaie, errepidean.
Vismako txirrindularia Tourrean parte hartzeko zuen gurariaz aritu da, itzulia irabazi ondoren: «Oso pozik nago. Errepidera itzultzea erabaki nuenetik, nire helburu nagusia Frantziako Tourrean parte hartu eta noizbait irabaztea zen. Garaipen hau erabaki ona hartu dudan seinale da».
Euskal herritarrei dagokienez, Ane Santesteban (Laboral Kutxa) izan da onena sailkapen nagusian: 35. postuan sailkatu da, 1.02.37ra. Usoa Ostolazak, berriz, 40. postuan amaitu du, 1.09.07ra.