Pauso txikiek, sari handia

Bi urteren ondoren, San Miguel ligara itzuli da Zumaia. Ezustea izan da batzuentzat. Patxi Frances entrenatzaileak igoeraren atzean zer dagoen azaldu du, eta 2016ra begira jarri da.

Patxi Frances, Zumaiako egungo prestatzailea. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
Donostia
2015eko irailaren 24a
00:00
Entzun
Ezustea izan dela diote batzuek. Ezetz beste batzuek. Bat izan edo bestea izan, garbi dago Zumaia San Miguel ligan izango dela datorren denboraldian. Bi urte egin ditu kanpoan, KAE 1 ligan, eta bietan Patxi Frances (Donostia, 1958) izan du entrenatzaile. Datorren denboraldian ere hura izango du buru arraunlari multzoak. Francesek onartu du ezustearena: «Logikoa da hala pentsatzea, ikusirik nola geunden iazko udazkenean. Aurreko denboraldiko taldetik sei-zazpi arraunlari falta genituen, eta trantsizio urtea izango zela uste genuen guk ere».

Baina kirolaren handitasunak ez dauka mugarik, eta joan zen denboraldiaren hasieran lanean isilik hasi zen talde hark balentria handia lortu du. Pausoz pauso joan zen taldea konfiantza hartzen eta bere buruarengan sinesten. Hala kontatu du Francesek. Orain urtebete jarri du aurreneko mugarria: «Iazko igoera kanporaketa bukatu eta hurrengo egunean, B ontziko arraunlariekin entrenatzen hasi ginen Rafa Gonzalez de Txabarri prestatzaile fisikoa eta biok. Landu beharra zegoen mutil horiekin uretan, eta azaroan talde osoa entrenatzen hasi baino lehen egitea egokia iruditu zitzaigun».

Azkar ikasi zuten iazko B taldeko arraunlari haiek: «Talde osoa, A-koak eta B-koak elkartu, eta uretan lehen saioa egin genuenean, arraunlari beterano batzuek esan zidaten ontzia ondo zebilela. Denek iaz baino hobeto barneratua zeukaten arraunketa berria». Francesek bazekien iaz B ontzian ibilitako batzuekin osatuko zuela aurten Telmo Deun.

Bigarren pauso txikia martxoan izan zen, Pasai San Pedroko jaitsieran: «Aurreneko konfiantza kolpea izan zen taldearentzat. Gazteak izanagatik gehienak, atzetik aurrerako estropada egin genuen, sei arraunlari berrirekin, eta trainerua ondo zihoala ikusi genuen». Hirugarren bultzada ontzi txikien estropada batean jaso zuen Zumaiak. Lehia ez-ofizial batean. Zumaian bertan izan zen, San Telmo jaietako trainerilletako estropadan: «Bi egunetan bakarrik landu genuen, eta ederki aritu ziren bi taldeak. Aurrera segitzeko laguntza eman ziguten bi emaitza on horiek».

Kaikurekin lehian

Hurrengo pauso txikia uda gainean zela izan zen. Ondarroan. «Kaikuk bakarrik irabazi zigun. Gure ligako taldeak atzetik sartu zitzaizkigun». Anekdota polit batek ondo azaltzen du zumaiarren asmoak zein ziren hastear zen denboraldirako: «Arraunlariek esan zidaten ea zergatik joan zen Kaiku estropadara; bestela guk irabaziko genuela. Triste zeuden, pentsatuz ez zutela udan banderarik irabazteko aukerarik edukiko». Lau irabazi ditu KAE 1 ligan. «Ondarroakoa pasatu eta gero, estrategiak zehazten hasi ginen. Taldea aukeratu genuen, eta gauzak planteatzen hasi ginen».

Heldu zen Zumaia KAE 1 ligara, eta ez zion hasiera ona eman, baina: «Zarauzko lehen bi estropadetan emaitza ez zen ona izan, baina bigarren egunean asko hobetu genuen estropadari eusteko moduan. Hiru luzetan, behintzat, lehian ibili ginen». Halako azalpena entzunda, harritu egin daiteke bat, eta Francesek honela biribildu du: «Arraunlari berrientzat gauza berria zen lehian aritzea, eta luze egin zitzaien aurreneko estropada. Esan nien lau luzeetan egin behar zela lan, eta ez lehen bietan dena bota eta gero indar faltan ibili. Azkar ulertu zuten, beteranoen laguntzari esker».

Elantxobeko pauso txikiak erakutsi zuen azkar ari zirela ikasten berriak: «Irabazi egin genuen, eta oilo ipurdia jartzeko modukoa izan zen hura. Esandako eta landutako guztia egin zuten arraunlariek estropadan. Gazteak izanagatik, heldutasuna ikusi nuen taldean», azaldu du entrenatzaileak. Konfiantza betean, hurrengo estropada ere irabazi egin zuen Zumaiak Santurtzin.

Baina bi arraunlari titularrek min hartu, eta garai txarra pasatu behar gero: «Getariako estropada arte ez genituen osatu, eta eskerrak taldeak aurrerapausoa eman zuela beste biak falta zirenean. Ez zuten etsi, eta oinarri sendoa eman zigun geroko». Getariako Bandera irabaztea eta kanporaketan sartzea egon ziren gero horretan: «Esaten zidaten arraunlariek sartuko ginela, eta bai sartu ere».

Kanporaketan zer gertatu den kontu jakina da. Zumaiak irabazi zituen bi estropadak. «Konfiantza betean geunden. Mutilek bazekiten lehen egunean hiru segundo ateragatik, irabaztera atera behar zutela bigarrenean ere. Bazekiten irabazi egingo zutela». Pausoz pauso joan da Zumaia joan zen udazkenetik, eta Francesek Zumaia aipatzen duenean «klub osoa» esan nahi du: «Arraunlariek, zuzendaritzakoek, klubean egoten direnek, laguntzaileek... denek egin dute lan, eta datorren urtean ere hala egin beharko dugu, San Miguel liga oso lehiakorra delako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.