Pedersen garaile, eta Traeen lider

Lidl taldea maisuki aritu da ihesean, eta etapako lehen bi postuak lortu ditu, Pedersen eta Simmonsen bitartez. Danimarkarra hirugarrenez gailendu da Tourrean; gaur, sendo igo ditu aldapak. Pogacarrek ez du lidergoa defendatu, eta Traeenek eskuratu du.

Mads Pedersen, eskua gora duela, garaipena ospatzen. GUILLAUME HORCAJUELA / EFE
Mads Pedersen, eskua gora duela, garaipena ospatzen. GUILLAUME HORCAJUELA / EFE
enaut agirrebengoa
2026ko uztailaren 7a
18:12
Entzun 00:00:00 00:00:00

Tropeleko ziklistarik azkarrenetako bat izateaz gain, iheslari fina ere bada Mads Pedersen (Lidl). Hala erakutsi du gaur, Tourreko laugarren etapan. Esprintean nagusitu da Foixen, baina ez beste esprinterren artean, gaurko ihesaldi jendetsuan nabarmendu diren hamar ziklisten artean baizik. Sendotasun handiz igo ditu etapako mendaterik gogorrenak, eta ederki baliatu du etaparen amaiera laua. Haren garaipena Lidl talde osoarena izan da, bikain jokatu baitu estrategikoki. Pedersenek bi taldekide izan ditu ihesaldian, Quinn Simmons eta Mathias Vacek (Lidl), eta funtsezko lana egin dute haiek etapa garaipena esprintean joka zedin. Gainera, Simmons bigarren izan da helmugan, Pedersenen atzetik eta Raul Garcia Piernaren aurretik (Movistar).

Uno-X taldeak ere etekin handia atera dio etapari, lehen aldiz eskuratu baitu maillot horia, Torstein Traeeni esker. Norvegiarrak bost minutuko atzerapena zuen sailkapen nagusian, eta lidergoa eskuratzeko Tadej Pogacarren (UAE) onespena behar zuen. Bada, esloveniarrak begi onez ikusi du aginte makila mehatxutzat ez duen ziklista baten esku uztea. Traeenek badaki zer den itzuli handi bateko lider izatea, iazko Vueltan lau egunez izan baitzen sailkapeneko buru. Pirinioetatik horiz jantzita irteteko erronka du orain. Tropelak ia hamahiru minutuko atzerapena izan du, eta Pogacar laugarren postura jausi da; 7.53ra geratu zaio maillot horia. Podiumeko postuetan, gaur ihesean aritutako hiru txirrindulari daude: Traeen, Sean Quinn (Education) eta Vacek, hurrenkera horretan.

Txirrindularitza kirol gogorra da berez, eta zer esanik ez ziklistek eguzki galdatan lehiatu behar badute. Bero sapa izan dute Tourreko lehen etapetan, eta datozen egunetarako ere muturreko tenperaturak daude iragarrita. Horren ondorioz, UCI Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak malgutu egin ditu txirrindulariak urez eta jakiz hornitzeko arauak, egunik beroenetan haien segurtasuna bermatzeko. Horiek horrela, mendateetan ziklista bakoitzak hainbat ur poto eskuratzeko aukera izango du gaurtik hasi eta beroaldiak iraun bitartean. Gaur lau igoerari egin diete aurre, eta, askoren zorionerako, ez zuten gehiegizko zailtasunik: gogorrenak Coudons eta Montsegur ziren, bigarren mailakoak. Ibilbideak 182 kilometro izan ditu osotara.

Egun aproposa zen ihesaldiak aurrenekoz arrakasta izan zezan, eta, Carcasonatik abiatu eta gutxira, 34 txirrindulariko multzoa sortu da tropelari aurrea hartuta. Ehiztari finak ziren horietako asko, hala nola Simmons, Ion Izagirre (Cofidis), Romain Gregoire (Groupama) eta Kevin Vauquelin (Ineos). Sailkapen nagusian ondo kokatutako txirrindulari batzuk ere sartu dira ihesaldian; nagusiki, Traeen eta Quinn. Pedersen, Jasper Philipsen (Alpecin) eta Biniam Girmay (NSN) esprinterrek ere aurrera egin dute, eta Caja Rural lasterketa buruan izan da berriro, Alex Molenaar eta Joel Nicolauren bidez. Movistarrek, berriz, Garcia Pierna, Pablo Castrillo eta Nelson Oliveira aitzineratu ditu.

Hasieran, nahiko gertutik zaindu ditu UAE taldeak, baina soka askatzea deliberatu du Coudonsera iritsi eta gero. Mendate hori helmugatik 90 kilometrora igo dute, eta, behin handik igarota, iheslarien abantaila zazpi minuturaino igo da. Hots, etapa garaipena aurreko multzoan zegoen. Montsegurreko igoeran nabarmen xehatu da ihesaldia, eta Izagirrek ezin izan dio eutsi bidaide indartsuenen joari —hogeigarren sailkatu da azkenean—. Hamar txirrindularik igaro dute azken mendateko galbahea, eta horietatik hiru Lidl taldekoak ziren: Simmons, Vacek eta Pedersen. Danimarkarra etapa irabazteko hautagai nagusia bilakatu da, geratzen ziren kilometro guztiak ordekan egitekoak baitziren.

Garcia Piernak eta Castrillok behin eta berriz egin dute eraso, baina ezinezkoa suertatu zaie Lidlek ezarritako ordena pitzatzea. Azken bihurgunetik atera, eta helmugarantz suziria bezala abiatu da Pedersen. Esprintean ez du aurkaririk izan. Bestela izango da bihar.

Azkarrenak aurrez aurre

Tropel osoaren esprinta ikusteko lehen aukera izango da Pauen, ihesaldia mirariz helmugara iristen ez bada. Esprinterren goseak bide eman diezaioke ikuskizunari, baita arriskuari ere. Txirrindulari askorentzat, ezbeharrak saihestea izango da etapako helburu bakarra. Philipsen, Girmay, Tim Merlier (Soudal) eta enparauek, ordea, dena emango dute Tourreko lehen garaipena eskuratzeko. Lannemezanetik aterako dira txirrindulariak, eta ordekan 159 kilometro egin ondoren iritsiko dira Pauera. Hirugarren mailako igoera bat izango dute helmugatik 27 kilometrora, baina nekez sortuko du anabasa tropelean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA