Txirrindularitza. Espainiako Vuelta

Pedersen izan da garaile Galizian, protesta artean

Berrogei lagun baino gehiagoko ihesaldia izan da, eta Lidl-Trek taldeko esprinterra izan da azkarrena. Lasterketa eteteko zenbait saiakera izan dira gaur ere, eta Espainiako Poliziak lagun bat baino gehiago atxilotu ditu.

Mads Pedersen garaipena ospatzen, gaur, Monforte de Lemosen. JAVIER LIZON / EFE
Mads Pedersen garaipena ospatzen, gaur, Monforte de Lemosen. JAVIER LIZON / EFE
Paulo Ostolaza.
2025eko irailaren 7a
19:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Behingoz lortu du saria Mads Pedersenek (Lid-Trek). Danimarkakoak etapa garaipena gertu izan du zenbait bider aurtengo Espainiako Vueltan, baina gaur bikain erantzun die aurkarien eraso guztiei, eta merezimendu osoz altxatu ditu besoak Monforte de Lemoseko helmugan (Galizia). 

Poliziaren presentzia itogarriak lagunduta, txirrindulariak aurreikusitako orduan abiatu dira A Veigatik (Galizia). Bidean zehar, ordea, ugariak izan dira Israel Premier Tech taldearen presentzia salatu eta errepidea oztopatzeko saiakerak, Palestinaren aldeko zenbait taldek Galizian ere horretarako deialdiak egin baitituzte, aurrez Katalunian, Euskal Herrian eta Asturiasen bezala. Espainiako Poliziak haietako zenbaiten aurka jo du, eta atxilotuak izan dira. Ekintzaileek Vueltako barne irratia ere hackeatu dute, eta protestan ari zen lagun baten atzetik abiatu den guardia zibil batek Javier Romo (Movistar) txirrindularia erorarazi du, hura ihesaldian zihoala.

(ID_15294645) ESPAÑA CICLISMO VUELTA
Txirrindulariak manifestarien paretik pasatzen, gaur, tartean Polizia dela. ELISEO TRIGO / EFE

Jakina zen gaurkoa egun aproposa zela ihesaldietarako, eta txirrindulariak gogotik ahalegindu dira saiakera ona harrapatzen. Horregatik, azkenean osatu den taldean berrogei lagun baino gehiago elkartu dira, izen handiak tartean: Pedersen, Ciccone, Vine, Bernal, Buitrago, Aular, Kueng... helmugan hamahiru minutu eta erdiren aldea atera diote tropelari.

Horiei guztiei aurrea hartuta ia ehun kilometro egin dituzte Jay Vinek (UE) eta Louis Vervaekek (Quick-Step). Hamar kilometro falta zirela harrapatu ditu Pedersen, Bernal, Sheffield, Buitrago, Aular, Dunbar eta Frigo txirrindulariek osatutako taldetxoak, eta, ordutik aurrera, begirada guztiak Pedersen elastiko berdedunari begira jarri dira. Bernal eta Buitrago ahalegindu dira urrunetik alde egiten, baina bikain erantzun die Lidl-Trekekoak.

(ID_15294480) ESPAÑA CICLISMO VUELTA
Espainiako Polizia manifestari bat atxilotzen, gaurko etapan. ELISEO TRIGO / EFE

Azken metroetan erori egin da Bernal, eta Marco Frigok (Israel) hasi du esprinta. Horixe falta zitzaion aurtengo Vueltari: Israelgo txirrindulari batek etapa bat irabaztea. Baino italiarrari indarrak ahitu zaizkio, eta aurrea hartu diote Pedersenek eta Oularrek (Movistar). Amorruz ospatu du garaipena esprinterrak. Sailkapen nagusian ez da aldaketa garrantzitsurik izan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.