Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Santiago Pedrazek galdera egin dio fiskaltzari, jakiteko eskumena ote duen elkarte batek jarritako salaketa bat ikertzeko Espainiako Vueltan egiten ari diren protestak direla eta. Elkarte horrek uste du protesta horietan gorroto delitua egon daitekeela.
Salaketa jarri duen taldea ACOM da, Ekialde Hurbilaren Aldeko Ekintza eta Komunikazioa. Elkarteak horrela definitzen du bere burua: «Espainiako erakunde bat gara. Espainiaren eta Israelen arteko harremanak bultzatzen ditugu, eta antisemitismoaren aurka borroka egiten dugu».
Vueltako «protestak antolatu dituztenak eta horiek bultzatu dituzten erakunde, elkarte eta alderdi politikoak» jarri ditu jopuntuan epaitegietan aurkeztu duten salaketak. Horien artean aipatu ditu, besteak beste, EH Bildu, Podemos, Ezker Batua eta Sumar; baita Kiko Garcia, Vueltako zuzendari teknikoa ere. Gorroto delituaz gainera, desordena publikoa, lesioak eta beste delitu batzuk ere egitea egozten die elkarteak.
Ohar batez bidez, elkarte horrek honela arrazoitu du salaketa: «Protestek arriskuan jarri dituzte kirolarien, antolatzaileen, ikusleen eta segurtasun indarren segurtasuna». Eta horri lotuta, kargu hartu dio Espainiako Gobernuari. Gainera, Jose Manuel Albares eta Sira Rego ministroen jarrera salatu du, «Israel taldea lasterketatik kanpo uztearen alde» azaldu direlako.
Orain fiskaltzaren esku geldituko da erabakitzea Auzitegi Nazionalak eskumena ote duen auzia ikertzeko, eta horren arabera hasiko ditu epaileak diligentziak.