Pedro Garcia: «Ezer arrarorik ezean, finalean sasoi betean egongo da»

Imanol Magro Eizmendi.
2015eko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Zubietak botariko loreak entzunda, ezinbestekoa da Pedro Garcia masajista errioxarraren iritzia jasotzea. «Profesionaletara pasatu berritan Aitorrek eskuetako arazo asko izan zituen. Ubelduz beteta eta minduta bukatzen zuen; pena ematen zuen horrelako morrosko bat pilota ezin mugiturik ikustea. Pilotari izateari uztea pentsatu zuen, baina probak egiten hasi ginen, eta berak proba guztiak aurrenekoa balitz bezala hartzen zituen, eta hala egin genuen topo material egokiekin». Garciarena ahotsaren esperientzia da. Ana Alvarez fisioterapeuta nafarrarekin osatzen du lantaldea, eta urte asko dira pilotarien eskuak tratatzen dituela.

Egun Zubietak eta pilotari askok darabiltzaten takoek ikerketa lan luzearen fruitu dira. Garciak, era berean, «zorionekoa» dela dio, bere takoak «pilotaren 1 Formulan» probatzen direlako zuzenean. Babesak plastiko ezberdinekin egiten ditu, eskuaren elastikotasun beharretara, eta inpaktuaren distribuziora egokitzen direnak. «Badu ingeniaritza lan zerbait», azaldu du. «Mediku, ortopeda, ingeniariekin... kontsultatu izan dut, eta emaitzarekin oso gustura gaude. Bikaintasuna lortu dugu; pentsa, imitatzaileak eta guzti agertu zaizkigu!».

Ez da kasu arraroa

Zubietaren eskuko mina ez da kasu arraroa, «gero eta indar handiagoa izan, pilotari batek min hartzeko aukera gehiago ditu». Pilota eskuan sartu eta zurda bat handitzen zaio Zubietari, hatz nagiaren azpian. Hala ere, txapelketa osoan ez du partida bakar bat ere bertan behera utzi, eta min bakarra unerik ia txarrenean iritsi zaio. Finalerdietarako azken partidara oso justu iritsi zen, baina finalera begira, masajista baikorragoa da. «Gaur egun Aitorren eskuak finalerdietako egunean baino hobeto daude. Aste hartan ez genuen gehiago hobetzeko tarterik. Finalera begira denbora gehiago dugu, eta halakoetan gauzak hobeto irteten dira. Ezer arrarorik gertatu ezean, finalean sasoi betean egongo da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.