Osorik jokatu da gaur Vueltako hamazazpigarren etapa. Gazako sarraskia salatzeko protestak bezperan baino lasaiagoak izan dira, eta, beraz, txirrindulariek ikuskizuna eskaintzeko aukera izan dute. Morredero mendate itogarrian zegoen helmuga, eta lehia bizia izan zitekeen faborito nagusien artean. Bada, ez Jonas Vingegaard (Visma), ez Joao Almeida (UAE): Giulio Pellizzari (Red Bull) izan da azken igoerako protagonista. Sailkapeneko bi onenek ez dute zirkinik ere egin, eta soilik Jay Hindleyk (Red Bull) erakutsi du aurkariak xaxatzeko intentzioa. Hura saiatu ostean oldartu da Pellizzari, eta bakarrik egin du handik helmugara artekoa. Bigarren Tom Pidcock (Q36.5) izan da, 16 segundora, eta bi segundo geroago iritsi da Hindley. Vingegaardek eta Almeidak, berriz, 20 eta 22 segundoko atzerapena izan dute, hurrenez hurren.
Etorkizun oparoko txirrindularia da Pellizzari, eta aurten, goi mailako igotzaile gisa finkatzen ari da. Giroa seigarren bukatu zuen, eta, gaur, bere lehen garaipena lortu du txirrindulari profesional gisa. Morredero ingurua erabat kiskalita zegoen, abuztuan izan diren suteen eraginez. Bada, erabat belztutako paisaian, Pellizzarik distira egin du gazterik onenaren maillot zuriarekin. Elastiko horren lehian Matthew Riccitello (Israel) du aurkari, eta haiek ipini diote gatza eta piperra azken kilometroetako borrokari. Maillot gorria irabazteko bi hautagai nagusiek, ordea, oso zuhur jokatu dute. Almeidak arazoak izan ditu aurkarien erritmo aldaketei erantzuteko, baina Vingegaardek ez du haren ahulezia baliatu. Ziurrenik, liderrak ere ez zuen sobera handirik izango. Pidcockek, berriz, sendo eutsi dio sailkapeneko hirugarren postuari.
Gaur arazorik gabe osatu dute etapa, baina Palestinaren aldeko mobilizazioak ataka estuan ipini du Espainiako Vuelta. Ez dago erabat garbi lasterketa Madrileraino iritsiko den edo ez. Dagoeneko bi etapa kimatu behar izan dituzte antolatzaileek, eta tropelak planto egingo du aurrerantzean ziklisten segurtasuna arriskuan badago. Hainbat txirrindularik bilera egin dute gaurko etapari ekin aurretik, Vueltan parte hartzen ari diren 23 taldeen izenean, eta bozketa egin dute egoeraren arabera zer egin erabakitzeko. Ziklisten asmoa Vuelta amaierara arte lehiatzea da, baina bizikletatik jaitsiko dira arriskupean daudela ikusten badute. Etapak bertan behera uzteko aukeraz hitz egin dute; egoera oso larriren bat gertatu beharko litzateke lehiatzeari guztiz utz diezaioten.
Azkenean, protesten ordez, haizeak jarri du mehatxupean gaurko etaparen amaiera. Haizeak oso bizi jotzen zuen Morredero mendatearen tontorrean, eta antolatzaileek azken kilometroak ibilbidetik kentzeko erabakia har zezaketen. Zain egon dira, egoera baretuko zen itxaropenez. Ziklistek, berriz ere, bidelagun izan dute ziurgabetasuna. 25 kilometro falta zirenean jakinarazi zaie hasierako bide orriari eutsiko zitzaiola.
Saririk gabeko kontrola
Mendate bakarreko etapa izan da ia, Morredero aurretik hirugarren mailako koska bat besterik ez baitute igo. Kilometro askoan, sokatira izan da tropelaren eta hamabi txirrindulariko multzo baten artean. Vingegaard ez zuen kezkatzen ihesaldiko inork, baina, hala ere, kontrol zorrotza ezarri du Visma taldeak; asko jota bi minutuko abantaila eman die lasterketa burukoei. Vueltako liderrak, itxura batean, etapa garaipena lortu nahi zuen Morrederon. Tropela gertu zutenez, iheslariak erasoz eraso ibili dira Morrederora hurbiltzen ari zirela. Haietatik lau nabarmendu dira: Antonio Tiberi (Bahrain), Harold Tejada (Astana), Gijs Leemreize (Picnic) eta Sergio Samitier (Cofidis). Haatik, mendatea hasterako harrapatu dituzte.
Vingegaardek ezin izan du biribildu taldekideek egun osoan egindako lana. Anbizioa baino gehiago, indarra falta izan zaio ziurrenik liderrari. Almeidak ere neke zantzuak erakutsi ditu: kostata harrapatu ditu aurkariak Hindleyk helmugatik sei kilometrora eraso egin eta gero, eta hurrengo erritmo aldaketek ere sufriarazi egin dute. Bi onenek hitz batzuk trukatzeko tartea hartu dute. Bien bitartean, Pellizzarik lau kilometroren faltan egin du alde. Hindleyk lan bikaina egin du atzean, kontraeraso guztiei erantzunda.
Bizikleta adarduna hartuko dute bihar txirrindulariek, 27 kilometroko erlojupekoa jokatzekoak ziren Valladolid inguruan, baina azkenerako erdira murriztu dute. Bakarka egin beharreko saio bakarra izango da, eta alde garrantzitsuak egon zitezkeen sailkapen nagusian. Baina erdira murriztuta ikusi beharko da. Lehia estua izan liteke Vingegaard eta Almeidaren artean, biak moldatzen baitira ondo erlojuaren aurka. 50 segundoren aldea dago bien artean