Txirrindularitza

Pello Bilbaok «UCIren hipokrisia» salatu du, eta azpimarratu Israel Gazan egiten ari dena «genozidioa» dela

Txirrindulari gernikarrak eskerrak eman dizkie «kalera protesta egitera ateratzen direnei eta euren bizitza arriskuan jarriz Palestinara elikagaiak eramaten dituztenei». 'El Periódico' egunkariak egindako elkarrizketa batean egin ditu adierazpenak.

Pello Bilbao, Bahrain taldeko txirrindularia, proba bateko podiumean. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
Pello Bilbao, Bahrain taldeko txirrindularia, proba bateko podiumean. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
Julen Etxeberria.
2025eko irailaren 16a
13:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pello Bilbaok bere iritzia eman du Espainiako Vueltan gertatu denari buruz, El Periódico Herrialde Katalanetako egunkariak egin dion elkarrizketa batean. Bilbaok aitortu du jarrera «nahiko erradikala» duela Israel Gazan egiten ari denaren inguruan. «Gazakoa genozidioa da, eta hori pentsatzen dut aspalditik. Orain, zorionez, jendea konbentzitzen ari da hori horrela dela. Espainiako Gobernua izan da urratsa egin duen lehena, Europako Batasunean salatu baitu. Badirudi orain neurri eraginkor batzuk hartzen hasi direla», adierazi du.

Espainiako Vueltan izan diren protestei buruz, berriz, Bilbaok txalotu egin ditu «kalera protesta egitera ateratzen direnak eta euren bizitza arriskuan jarriz Palestinara elikagaiak eramaten dituztenak». «Eskerrak badagoela kontzientzia duen jendea eta jende horrek arazoa ikusgarri egiten duela, Gazan jende errugabea hiltzen ari baita, tartean haurrak eta kazetariak. Zarata egin behar da», esan du.

Bilbaoren iritziz, «lasterketa bat» gelditu da, baina ez «mundu osoa». «Honek ez luke izan behar eztabaida nagusia, are gutxiago kontuan hartuta Gazan 60.000 pertsona hil direla eta haietatik 20.000 haurrak izan direla. Zer erru dute haiek Gazan jaiotzeagatik? Ihes egiteko aukerarik ere ez dute», nabarmendu du.

Israel taldeak nazioarteko probetan parte hartzeari buruz, berriz, Bilbaok aitortu du «egoera zaila» dela, taldekide izandakoak eta ezagunak baititu talde horretan, eta bai baitaki haiek «oso gogor» egiten dutela lan. «Egoera oso zaila da. Haiek ere sufritu egiten dute», azaldu du. Horren harira, kritika zorrotzak egin dizkio txirrindularitzaren erakunde nagusiari, Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunari (UCI). Gazprom Errusiako taldeari gertatutakoa gogoratu du «UCIren hipokrisia» salatzeko. «Zergatik kanporatu zituzten haiek, baina beste batzuk ez? Ez dakit uste duten arazoa konponduko ote den Israel eta Sylvan Adams jabea taldetik irten eta Premier Tech Kanadako taldea bilakatzen bada. Agian tarteko irtenbide bat izan daiteke».

Bilbaok, halaber, azpimarratu du Vueltan gertatu denak agerian utzi duela «txirrindularitzaren zaurgarritasuna», haren ustez «ezinezkoa» baita kilometroak eta kilometroak egiten dituen lasterketa bat kontrolatzea. «Oso erraza da hura boikotatzea». Nabarmendu duenez, «tropeleko txirrindulari gehienek» pentsatzen dute hark bezala, baina inork ez du hark bezain argi esaten. «Errazena ez hitz egitea da, egoera deserosoak saihesteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.