Hemeretzi denboraldiz lehiatu da triatloian Gurutze Frades (Durango, Bizkaia, 1981), horietatik hamalau profesional gisara. «Ibilbidea luzea izan da, urte asko izan dira. Orain, lasaiago egon nahi dut, ez dut hainbeste bidaiatu nahi». Ironmaneko Munduko Txapelketan sei aldiz lehiatu da, eta bost aldiz irabazi du Espainiako Txapelketa.
Zergatik erabaki duzu erretiroa hartzea?
Adinak eragina du erretiroa hartzeko garaian. Uste dut berezko bidea hartu dudala. Oso kontziente naiz dudan adinaz eta egin dudan ibilbide luzeaz. Hala ere, azken urtea oso zaila izan da. Lasaiagoa izatea nahi nuen, baina ez da hala izan.
Zergatik diozu urte zaila izan dela?
Joan den urtearen amaieran arazo batzuk izan nituen: aita hil zitzaidan, eta umetokian ebakuntza bat egin behar izan zidaten. Ebakuntza konplexua izan zen, eta osatze prozesua ere zaila izan zen. Nire adinean, gorenean aritzea nahiko zaila izan da. Hemeretzi denboraldiz aritu naiz lehian, eta ez dut arazorik izan lesioei dagokienez. Hori ezin du edonork esan. Baina orain 44 urte ditut, eta azken urtea oso zaila izan da.
Pena duzu horrela uzteagatik?
Pena dut azken urtea oso gogorra izan delako. Askoz errazagoa izan zitekeen: alaiagoa eta eramangarriagoa. Baina, aldi berean, argi nuen lehiatuz amaitu nahi nuela. Iaz zera erabaki nezakeen: «Honaino iritsi naiz». Baina ez nuen hori erabaki, ez nuen amore eman.
Hawaiin jokatzen den Ironmaneko Munduko Txapelketa izan al da gorenean korritu duzun lasterketarik garrantzitsuena?
Bai, eta orain konturatzen naiz bete-betean sartuta nengoela horretan. Ez dut beste ezertan pentsatu. Nire bizitza horretara bideratu dut, eta orain jabetu naiz zer-nolako erritmo neraman. Oso sartuta nengoen, ia obsesionatzear.
«Nire bizitza horretara bideratu dut, eta orain jabetu naiz zer-nolako erritmo neraman. Oso sartuta nengoen, ia obsesionatzear»
2021eko Munduko Txapelketan bederatzigarren egin zenuen. Emaitzarik onenak, baina, 2023an lortu zenituen. Urte hartan Cozumeleko (Mexiko) eta Gasteizko Ironmanak irabazi zenituen. Nola dituzu gogoan?
Ibilbidea oso luzea izan da, urte asko izan dira. 2023an brontzea eskuratu nuen Triatloiko Nazioarteko Batasunak antolatzen duen Munduko Txapelketan. Urte hartan lortu nituen nire ibilbideko emaitzarik onenak. Hiru Ironman jarraian irabazi nituen distantzia luzeko Munduko Txapelketan. Urtez urte hobetuz joan naiz, eta gero eta emaitza hobeak lortu ditut. Prestakuntzan buru-belarri aritu naiz beti, eta lehen emaitzak lortu nituenean, gehiago nahi nuen, eta lanean jarraitu nuen. Horixe dut gogoan. Urtez urte haziz joan naiz, eta beti saiatu naiz egoera txarretatik ateratzen lan gehiago eginez. Ez dut inoiz amore eman. Horrez gain, asko gozatu dut alde batetik bestera bidaiatzen, jendea ezagutzen...
Burutik ere badu zure kirolak, ia bederatzi orduz aritu behar baituzu lehian. Nola moldatu zara horretan?
Oso kirol exijentea da, baina egunerokoa askoz ere exijenteagoa da. Hainbeste urteren ondotik, orain ohartu naiz akituta amaitu dudala. Urte asko izan dira nire onena ematen, eta alde horretatik, zera sentitzen dut: ezin dudala gehiago eman, gehiegi zukutu dut neure gorputza. Gutxi gorabehera astean hogei ordu entrenatu naiz. Dedikazio handiegia da. Gainera, ez dira bakarrik entrenatzen ematen dituzun orduak; entrenamendua amaituta ere, kirolaria zara, eta ezin duzu nahi duzuna egin.
«Ez dira bakarrik entrenatzen ematen dituzun orduak; entrenamendua amaituta ere, kirolaria zara, eta ezin duzu nahi duzuna egin»
Zein izan da korritu duzun lasterketarik bereziena?
Gasteizko Ironman txapelketa izan da bereziena. Halako lasterketa bat Gasteizen egitea sekulakoa izan zen. Etxean korritzea berezia izan zen, eta irabaztea, are gehiago. Urteak neramatzan munduan bidaiatzen, urrutira joaten; jendeak jarraitzen ninduen, eta gozatzen zuen nirekin batera, baina urrutitik. Etxean aritzea eta gertuko jendea inguruan izatea oso berezia izan zen.
25 urterekin hasi zinen triatloian, baina aurretik, saskibaloian jokatzen zenuen.
Bai, zaletasun hori nuen, taldekako kirola zelako. 25 urterekin, baina, normalean emakumezkoen taldeak desegin egiten dira; jendea unibertsitatez aldatzen da, herritik joaten da... Orduan, bakarkako kirolak egiten hasi nintzen. Triatloia kirol modernoa da, eta geroago iritsi zen. Triatloi klubak garai hartan hasi ziren sortzen. Probatzen hasi nintzen, eta pixkanaka gero eta distantzia luzeagoak egiten nituen. Jendea ezagutzen hasi nintzen, gero eta lehiaketa gehiagotara joaten nintzen, eta distantzia luzean nire lekua topatu nuen. Korrika oso ondo moldatzen nintzen, baina bizikletan eta igeriketan hutsetik hasi behar izan nuen. Bizikletan txirrindulari handia bilakatu naiz; igerian, ordea, gehiago kostatu zait. Esfortzu handiagoa egin behar izan dut goian mantentzeko.
Pribilegiatua al zara triatloilari profesionala izan zarelako?
2011. urtean Espainiako Txapelketa irabazi nuen, eta babesleek aukera eman zidaten profesionaletarako pausoa emateko. Erretiratu arte Imedusa enpresarekin aritu naiz. Aukera bat eman zidaten, eta pribilegiatua sentitu naiz beti. Babesle batekin goi mailan lehian aritzea sekulakoa izan da, eta beti izan dut aukera jarraitu ala ez erabakitzeko. Hala ere, ardura handia izan dut. Triatloia kirol minoritarioa da, are gehiago emakumea izanda. Lan asko egin behar izan dut, eta zama handia da.
Orain zer egingo duzu?
Orain atseden hartzen ari naiz, batez ere fisikoki. Azken urtean asko kostatu zait mailari eustea. Entrenamenduetan lan karga jaitsiz joan naiz pixkanaka. Kirola egiten jarraituko dut, korrika, baina ez dut uste triatloian lehiatuko naizenik. Etorkizunean zer egin nahi dudan erabaki behar dut.