Izotz hockeyko Txuri-Urdin taldeko entrenatzaile ohia

Irene Senac: «Pena dut, baina orain uztea da zentzuzkoena eta zintzoena»

Txuri-Urdinen emakumezkoen taldea entrenatzen lau urte eman eta gero utzi du kargua. Bi liga irabazi ditu tarte horretan. Garaikurrei baino gehiago, horiek lortzeko bideari eman dio garrantzia. Nabarmendu du jokalari multzoak oinarri «sendoak» dituela.

Irene Senac. GIOVANNI BATISTA
Irene Senac. GIOVANNI BATISTA
ainara arratibel gascon
2026ko ekainaren 25a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hala pistan nola aulkian bizia da Irene Senac (Zaragoza, Espainia, 1994), orain arte izotz hockeyko Txuri-Urdin taldean emakumezkoen lehen taldeko entrenatzaile izan dena. Baina, hortik kanpo, patxadaz jarduten du. Gauzak ondo hausnartuta mintzatzen da. Halaxe egin du oraingoan ere.

Egun batzuk igaro dira entrenatzaile kargua uzteko erabakiaren berri eman zenuenetik. Zer moduz egun hauetan?

Ondo. Nahiz gertukoek bazekiten, lasaitua hartu dut esan dudanean, uste baitut zentzuz jokatu dudala, zer sentitzen dudan kontuan hartuta. Ez zen erabaki erraza, eta, agur oharren esan nuen moduan, ondo hausnartuta hartu nuen. Bi urte neramatzan horretan pentsatzen. Izan ere, iruditzen zitzaidan gauza batzuek bestela behar zutela. Ez da hala izan, eta denboraldi honen erdialdean jada argi nuen hau izango nuela azken denboraldia. Sentipen eta oroitzapen onenak hartu nahi ditut gogoan, proiektu hau oso garrantzitsua izan baita niretzat, bai pertsonalki eta bai profesionalki. 

Aipatu duzu gauza batzuek bestela behar zutela. Zeintzuek? 

Ez nuke sakondu nahi horretan. Izan ere, klubari asko eskertzen diot lau urte hauetan eman didan aukera. Hazteko eta ikasteko modua izan dut. Baina, askotan, emakumezkoen talde bat zuzentzean, etengabe aritu behar duzu borrokan lanerako oinarrizko baldintza batzuk izateko egunerokoan. Nik jokalariei eskatzen badiet anbiziotsuak eta lehiakorrak izateko, eta horretarako esparru egokiak eta sanoak sortzen ahalegintzen banaiz, niretzat ere hori behar dut. Baina sentipena izan dut bi pauso eman ditugula aurrera, baina gero bost atzera. 

Zure borrokarik handienetakoa entrenatzeko ordutegiena izan da, besteak beste. Baina oraindik ere oso berandu entrenatzen zarete. Horretaz ari zara?

Esan bezala, gauza onak hartu nahi ditut gogoan. Baina bai, oinarrizko kontuak dira. Adibidez, gertatu zaigu gizonezkoen taldeak asteburuan neurketarik ez edukitzea, guk larunbat eguerdian Puigcerdan jokatu behar izatea, eta oso goiz bidaiatu behar izan arren entrenamendua ia gauerdian amaitzea. Gu arratsaldean entrenatzea zatekeen zentzuzkoena.

Esan duzu gauza onak hartu nahi dituzula gogoan. Zeintzuk nabarmenduko zenituzke?

Jokalariekin eta oro har multzoarekin izandako lotura. Multzo oso gaztea da, eta oztopo eta zailtasun asko izan dituzte. Baina horiek gainditzeko gai izan dira, eta txarrenari onena atera diote beti. Karbono monoxidoarekin istripu bat izan genuenean nola erantzun genuen ikustea besterik ez dago. Aurre egin genion egoerari, eta Espainiako Koparako sailkatzea lortu. Teknikoki eta taktikoki gauza ikusgarriak egin dituzte, baina, batez ere, elkarbizitza nabarmenduko nuke, eta gaztetxoak izanda ere ardurak hartzeko eduki duten gaitasuna. Luxua izan da haiekin lan egitea eta haiekin batera haztea. Jokalarietako batzuk 15 urterekin hasi ziren, eta ni jokatzen ari nintzen oraindik ere. Ederki ulertu dute Txuri-Urdinek zer balio izan behar dituen.

Eta zuri zer eman dizu Txuri-Urdinek arlo profesionalean eta pertsonalean?

Ni Zaragozan jaio nintzen, eta, ondoren, Madrilera joan. Baina sekula ez nuen sentitu errotzeko moduko toki bat zenik. Donostian, ordea, sentitu dut banuela horretarako modua; lehen egunetik, gainera. Hori jende askori zor diot, eta esker hitzak baino ez ditut haientzat. Hori dela eta, nahiz eta aulkia utzi, beti saiatuko naiz taldearen partidak ikustera joaten. 

Zer ikasi duzu lau urte hauetan?

Neure buruarengan konfiantza handiagoa izaten. Jokalariei beti esan diet huts egitea ikasketaren parte dela, ez zaiola beldurrik izan behar horri. Bada, jokalariek ere berdin jokatu dute nirekin. Haiekin asko hitz egin dut horretaz. Halaber, beti izan dute konfiantza nik esandakoan edo proposatutakoan. Hori opari bat da entrenatzaile batentzat. Haiei zor diet egun naizen horren parte bat. 

«Askotan, emakumezkoen talde bat zuzentzean, etengabe aritu behar da borrokan  lanerako oinarrizko baldintza batzuk izateko egunerokoan»

Nola duzu gogoan entrenatzaile izatea proposatu zizuten eguna? Eta aldagelan izan zinen azken eguna?

Erronka handia zen. Izan ere, multzoa guztiz berria zen, eta oso gaztea. Jokalari gutxi genituen, taldea osatzeko adina ozta-ozta. Beraz, nik ere lizentzia atera nuen badaezpada. Partida guztiak galdu genituen, baina oraindik ere jokalari askok esaten didate denboraldirik edo urterik onena hura izan zela. Ikasi genuen galduta ere gozatu egin daitekeela, eta prozesuari eta izandako hobekuntzari eman genion balioa. Hori ikusteak eta sentitzeak indarra eta konfiantza eman zizkidan, bai lanean jarraitzeko eta bai arduradunei behar genituen baldintzak eta gauzak eskatzeko.

Azken egunari dagokionez, pena dut, baina uztea da egokiena eta zentzuzkoena. Onena opa diet, eta zera eskatu nahi diet: har ditzatela erabakiak taldeak hobetzeko duen gaitasunari erreparatuta. Argi dut etorkizun oparoa duela, eta nik harmailatik ikusiko dut hori.

Lehen urte hartan jarri zenituzten bi aldiz txapeldun izateko zutarriak?

Hala uste dut. Erabaki zailak hartu behar izan genituen, zuzendaritzan ere aldaketak izan ziren eta. Nik argi nuen nondik jo behar genuen.  Etorkizunari begira gazte gehiago erakartzea zen helburua, eta, horretarako, erreferentziak behar genituen, ereduak. Egun, lehen taldeko jokalari asko eredu dira gaztetxoentzat. Beti izan dut argi, halaber, aldagelak toki sanoa eta segurua izan behar duela jokalari bakoitza bete-betean egoteko eta aritzeko, gauza onekin eta txarrekin. Multzoak ondo barneratua du zer den eta zer izan nahi duen, eta, alde horretatik, lasai eta harro nago. Zutarri horiek ondo jarrita daude. 

Zer oroitzapen dituzu irabazitako bi ligez?

Garaikurrak baino gehiago, prozesua hartua dut gogoan. Lehenengoan, eguneroko lanak asebete ninduen gehien, eta garbi ikusi izanak horretan onenak izan behar genuela. Jokalariek sekulako gaitasuna erakutsi zuten lehiatzeko. Ez dut berehalakoan ahaztuko lehen finaleko azken partida hasi baino minutu batzuk lehenago hasierako gure hamaikakoa aldatu nuela, aurkariak ezohiko gauza bat egin zuela-eta berean. Inor ez zen kexatu. Edozertarako prest zeuden. Ikasgai handia izan zen.

Bigarrena irabaztea zailagoa izaten dela esan ohi da. Zuentzat ere hala izan zen?

Bai. Gure liga luzea da, eta ohikoa izaten da entrenatzaileok txandakatzeak egitea, edo jokalari batzuei atseden ematea partida batzuetan; bestela nekea pilatzen delako, baina baita goi mailako kirola ikasketekin eta lanarekin uztartzea gogorra delako ere. Baina gu txapeldunak ginenez, aurkari guztiek jokalaririk onenen alde egin zuten gure kontra jokatzeko. Laudorio moduan hartu genuen hala izatea. Zailagoa izan zen irabaztea, baina onenei irabazi genien. Gorabehera asko izan genituen, baina sufrituz ere gozatzen ikasi genuen pistan.

Klubak aholkua eskatu dizu entrenatzaile berria aukeratzeko? Zer ezaugarri izan behar ditu?

Nire ustez, entrenatzaile batek jokalariei entzuten jakin behar du, lehenik pertsona moduan, eta gero kirolari moduan. Izan ere, jokalariak pertsonak dira beste ezeren gainetik. Emozioei garrantzi handia eman behar zaie. Uste dut hilekoak jokalariengan duen eragina ere kontuan hartu behar duela: funtsezkoa da. 

«Entrenatzaile batek bere jokalariei entzuten jakin behar du, lehenik pertsona moduan, eta gero kirolari moduan. Izan ere, jokalariak pertsonak dira beste ezeren gainetik»

Gomendiorik emango zenioke?

Egunero jokalariengandik ikasteko gogoz joateko entrenatzera. 

Zuk zer asmo duzu etorkizunerako?

Egia da beti erreparatzen diodala etorkizunari, nahiz eta unean unekoa bizitzea den garrantzitsuena. Aukera batzuk baditut, baina denboraldi gogorra izan da bai fisikoki eta bai buruz, eta, orain, beharrezkoa dut atseden hartzea, gertukoenekin gustuko gauzak egitea, baita ditudan zaletasunez gozatzea ere. Horren ondoren, buruak eta bihotzak zer dioten kontuan hartuta, iritsiko da erabakiak hartzeko garaia. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA