Elezkano II.a-Zabaleta Peña II.a-Albisuren aurka. Hori izango da aurtengo Binakako Txapelketa nagusiko finala. Baikok bikote bakarra sartu zuen finalerdietako ligaxkan, baina hura finalera iritsi da gaurko garaipenari esker (22-14 Altuna III.a-Mariezkurrena II.aren aurka). Neurketako jokalaririk onena Albisu izan da, eta zortzi urte geroago berriz ere final bat jokatuko du ataundarrak. Peñak, berriz, bere lehen parte hartzean lortu du finalerako txartela.
Tolosarrak ez du nahi bezala hasi gaurko partida, motz atera baitu lehen sakea. Ez zirudien seinale ona zenik, baina errealitatea bestelakoa izan da: hasieratik aurrea hartu dute Baikokoek. Albisu nagusitu da atzeko koadroetan, eta Altunari ez dio jokoan sartzen utzi. Amezketarrak behin eta berriz ikusten zuen pilota buruz gain igarotzen, eta, gainera, Mariezkurrenak ez du bere arratsalderik onena izan. Hainbat pilota huts egin ditu atzelariak; guztira, zortzi.
Peñak ere ondo baliatu ditu aurrean izan dituen aukerak, eta egin ditu pare bat gantxo ikusgarri. Gauzak hala, denbora gutxian hautsi dute neurketa: 17-7 aurreratu da Baikoko bikotea. Orduan hasi da gogortzen neurketa. Altuna jokoa nahasten saiatu da —lortu ere egin du une batzuetan—, eta Mariezkurrenak ere orduan jo ditu bere pilotakadarik onenak. 18-11 gerturatu dira lehendabizi, eta 20-14 ere jarri dira. Peñak, ordea, asmatu du neurketa amaitzen.
Finala
Gaurko matematikak errazak ziren: irabazten zuen bikoteak eskuratuko zuen finalerako txartela, eta, beraz, Elezkano-Zabaletaren aurka jokatzeko eskubidea.
Printzipioz, faboritoak Aspekoak izango direla dirudi, baina edozer gerta daiteke neurketa bakarrera. Joan den astean Elezkanok eta Zabaletak 22-8 irabazi zieten Peñari eta Albisuri, baina lehen faseko bi neurketak Baikokoentzat izan ziren.