Unai Lasok ez du jokatu binakako ligaxkaren azken jardunaldia, giharretako lesioa baitu. Ez da igarri haren hutsunea. Jon Ander Peña aritu da haren ordez, ondo aritu ere. Hark eta Jon Ander Albisuk 22-14 irabazi zieten atzo Jokin Altunari eta Joseba Ezkurdiari, Iruñean, Nafarroa Arenan. Garaipen horri esker, Baikoko bikotea sendotu egin da beste astebetez sailkapenaren buruan: hamar garaipen lortu ditu 11 jardunalditan. Ikusgarri ari dira Laso eta Albisu, eta horren saria jaso dute jada: ziurtatu egin dute finalerdietako ligaxka jokatzea.
Oso bestelako egoeran daude Altuna III.a eta Ezkurdia: seigarren postuan daude, eta lau garaipen dituzte; hau da, buru-belarri ari dira kanporaketarako sailkatzeko lehian. Azken-aurreko bikotearekin berdinduta daude, Iñaki Artolarekin eta Ander Imazekin. Gora begira, berriz, garaipen bakarrera dituzte Erik Jaka eta Martxel Iztueta. Altuna III.a eta Ezkurdia, baina, bolada txarrean daude, galdu egin baitituzte azken hiru neurketak. Suspertu beharra dute.
Atzo, kontrakarrean aritu ziren partida hasi eta buka: inoiz ez ziren joan aurretik. Hala ere, gai izan ziren neurketaren erdia jokatu arte eusteko: 15-13. Baina hor jo zuten kolpea Baikokoek. Eta inork kolpea jo baitzuen, Albisuk jo zuen. Atzelaria bikain aritu zen berriro. Hura izan zen onena lau pilotarien artean. Azken txanpan nabarmendu zen batez ere. Horri esker, irabazleek 7-1eko partzial erabakigarria lortu zuten, eta garaipena erabat bideratuta utzi.