Olinpiar Jokoetan aritzeko ametsa bete baina min hartu ostean, orain hiru aste ekin zion John Cabangek entrenatzeari (Madril, 2001; 2010etik Iruran bizi da, Gipuzkoan). Hurrengo hilabeteetako lehiaketa ugari dauzka begiz jota, eta berriro atletismoaz «gozatzea» du helburu.
Urtebete pasatu da Parisko Olinpiar Jokoetan lehiatu zinenetik. Nola bizi izan zenuen?
Atletismoari lau urtean ematen ez zaion garrantzia Olinpiar Jokoetan ematen zaio. Ondorioz, atleta moduan presioa sentitu nuen, baina horretarako prest joan ohi gara. Ordurako, puntako atletekin lehiatua nintzen, eta, beraz, ez zitzaidan arrotza egin. Ez genuen espero, ordea, lesioa izatea Parisen lehiatu baino bi egun lehenago.
Pubiseko lesioa izan ostean, zer pasatu zitzaizun burutik?
Aurretik, faszitisa izan nuen oinazpian, eta, ondorioz, infiltratu egin behar izan nuen. Olinpiar Jokoen aurreko bi hilabeteetan pentsaera ezkorra izan nuen, eta, okerrena pasatua zela pentsatzen genuenean, errekuperatu eta bi egunera pubiseko lesioa etorri zen. Hori gertatu zenean, pentsatu nuen lehenengo lasterketan ezingo nuela parte hartu. Hala ere, Filipinetako selekzioko fisioarekin lan egin eta sendagaiak hartuta, lasterketa egin ahal izan nuen, minez egin banuen ere. Bigarrenean, ordea, ezin izan nintzen atera.
Nolakoa izan da suspertzeko prozesua?
Zaila izan da. Oinazpiko faszia erabat osatuta zegoela uste nuen, baina urrian berriro handitu zitzaidan, eta urtarrilera arte egon nintzen horrela. Gainera, ez naiz guztiz osatu, eta oraindik errekuperatzeko ariketak egiten nabil. Pubiseko lesioari dagokionez, etorri bezala joan zen, eta, unean bertan sufritu banuen ere, prozesu azkarra izan zen. Apirilean, berriz, bi orpazurdak handitu zitzaizkidan; beraz, zoritxarrez, mota askotako lesioak izan ditut.
«Diru laguntzak direla medio, atletismoaz bizi naiteke. Orain nire erdigunea atletismoa da, eta gogo handiz ari naiz»
Buruz nola kudeatu zenuen?
Nik neure buruari jarritako presioaren ondorioz, gaizki pasatu nuen. Hara iristea zaila da, eta zure mailarik onena eman nahi duzu. Momentuan ez nuen ongi kudeatu, eta pentsatu nuen ez nuela merezi Olinpiar Jokoetara iristea. Eliteko atletismoa oso exijentea da, eta normala da lesioak edukitzea, eta niri han tokatu zitzaidan.
Non bilatu eta eduki zenuen babesa?
Olinpiar Jokoak amaitu ostean, Filipinetara joan behar izan nuen hilabetez. Han familia dut, baina ez dut inolako harremanik haiekin. Bakarrik joan nintzen, eta bakardadean egotea zaila izan zen, eta, momentu txar batean nengoenez, ez nuen kudeatzen jakin. Triste nengoenetan, gurasoei deitu ohi nien, eta, gaizki egonda haiei ongi nengoela esaten banien ere, hitz egiteak lasaitasuna ematen zidan.
Asko aldatu al zaizu bizimodua?
Bai, aldatu zait. Gaur-gaurkoz, diru laguntzak direla medio, atletismoaz bizi naiteke. Orain nire erdigunea atletismoa da, eta gogo handiz ari naiz.