SASKIBALOIA

Perasovicek Baskonia utzi du

Josean Kerejetak jakinarazi du entrenatzaile kroaziarrak eten egin duela kontratua, Anadolu Efesekin sinatzeko. 

Velimir Perasovic, sasoi honetako partida batean. DAVID AGUILAR / EFE
2016ko ekainaren 14a
07:59
Entzun

Velimir Perasovic iragana da Laboral Kutxa Baskonian. Entrenatzaile kroaziarra ez da datorren denboraldian Gasteizko taldearen aulkian eseriko. Beste urtebeterako kontratua zuen, baina eten egin du, Turkian entrenatzeko, Anadolu Efesen. Josean Kerejeta klubeko presidenteak gaur eman du albistearen berri. Kerejetak, beraz, entrenatzaile bila hasi beharra du. Bi izen ageri dira: Sasa Obradovic Alba Berlineko entrenatzaile serbiarra eta Fotis Katsikaris greziarra, Bilbo Basketeko entrenatzaile izandakoa.  

Azken zazpi urteetako daturik onenak lortu ditu Baskoniak Perasovicen gidaritzapean. Batez beste, 81,3 puntu lortu ditu Endesa Ligan, eta saskiratze portzentajeetan ligako bigarren talderik onena izan da: hiruko jaurtiketen %35,7 saskiratu ditu, bikoen %54,8 eta jaurtiketa libreen %80,7. Errebotean, talderik onena izan da ligan. Finalerdietan kanporatu du Bartzelonak Gasteizko taldea, eta Euroligan, lauko finala jokatu zuen.

Tau Ceramicak 2008-09 sasoian lortutako emaitzez geroztik onenak dira aurtengoak. Urte hartan, 86,3 puntu lortu zituen ligan batez beste. Pablo Prigioni, Igor Rakocevic, Pete Mickeal eta Tiago Splitter zeuden talde hartan, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.