Perfekzioaren mugari keinu txiki bat

Roger Federerrek bosgarren aldiz eskuratu du Maisuen Kopa, Rafa Nadali Londresen nahikoa eroso irabazita. Garaipen horrekin, Ivan Lendlen eta Pete Samprasen pare jarri da suitzarra.

unai zubeldia
2010eko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Zer da perfekzioa, bost garaipen jarraian lortzea ez bada? Bost partida horietan set bakarra galtzea ez bada? Eta bakar hori finalean une honetan munduko tenislari onena denaren aurka galtzea ez bada? Zer da perfekzioa, Maisuen bosgarren kopa eskuratzea ez bada? 29 urterekin dagoeneko 60 milioi dolar baino gehiago irabazita edukitzea ez bada? Roger Federer suitzarra ez da egungo munduko tenislaririk onena. Rafa Nadal balearrari dagokio ohore hori. Baina herenegun beste behin erakutsi zuen beste inork ez daukala tenisean jokatzeko daukan klasea. 2010eko beherakadari begira, ilusioa galduta zegoela zioten batzuek. Baina ilusiorik gabe ez dago horrelako jokorik egiterik. Esnatu da berriz ere Federer. Zaleen zorionerako.

«Leher eginda nago». Hala onartu zuen Nadalek herenegun, Federerren aurkako finala hasi aurretik. Egiari zor, finalerdi gogorra jokatu zuen 24 ordu lehenago, Andy Murray eskoziarraren aurka. Baina balearrak bera maisuen pare geratu zen ondoren: «Ez dut aitzakiarik jarri nahi. Legez irabazi du, izugarri jokatu baitu». 6-3, 3-6 eta 6-1. Ordubete eta 37 minutu eskasean. Keinu gehiago perfekzioari: Federerrek 32 kolpe irabazle lortu zituen; lehen sakearekin hiru puntu besterik ez zuen galdu; azken setean Nadalek joko bakarra irabazi zion; inoiz baino oldarkorrago jokatu zuen...

16. garaipena pista estalian

2007an irabazi zuen Federerrek azkenekoz Maisuen Kopa. 2003, 2004, 2006, 2007 eta 2010. Boskotea osatuta, Ivan Lendl txekiarraren eta Pete Sampras estatubatuarraren parean jarri da suitzarra. Haizerik eta eguzkirik eza du babes. Pista estalian ez du aurkaririk. Hamasei torneo irabazi ditu jada haizerik eta eguzkirik ez dagoen pistan -24 final jokatu ditu-, eta kontuan hartzekoa da belar gainean eta lur gainean baino askoz txapelketa gutxiago jokatzen direla pista estalian -aurten, 62 torneotik 14 besterik ez-. Nadalek, esaterako, torneo bakarra irabazi du ezaugarri horiekin: 2005ean, Madrilgo Mastersa. Federer azkarra da pista azkarrean, eta dotorea pistatik kanpoko dotoretasunean. Eta, begiratu batera, perfekzioak ez luke ezaugarri horietatik urruti ibili beharko.

Grand Slameko hamasei titulu; 2004tik 2009ra, bost urtez, ATPko zerrendaburu -2008an Nadalek kendu zion zerrendaburu postua-; aurten ia zazpi milioi dolarren irabaziak; 66 titulu besapean; 743 partida irabazita eta 174 soilik galduta... Perfekzioaren mugari keinuka ari da Federer.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.