Txirrindularitza

Peter Sagan Tourretik kanporatu dute

Esprintean Mark Cavendishen erorikoa eragiteagatik zigortu zute. Arnauld Demarek irabazi du etapa. 

Peter Saganek, ezkerretara, Mark Cavendish lurrera bota duen unea. ROBERT GHEMENT / EFE
Mikel O. Iribar.
2017ko uztailaren 4a
19:08
Entzun

Frantziako Tourreko zuzendaritzak Peter Sagan kanporatu du gaurko etapako esprintean Mark Cavendish lurrera botatzeagatik. Eslovakiarrak maniobra arriskutsua egin du eta ukondoarekin bota du Cavendish. Lasterketako zuzendaritzak irudiak aztertu ditu, eta hasieran zigor bigunagoa ezarri dion arren, iritziz aldatu eta itzulia uztera behartuko du. Cavendish ospitalera eraman behar izan dute sorbaldan kolpe handia hartuta.

Etapari dagokionez, Arnauld Demare (FDJ) frantziarrak bi besoak altxatu ditu helmugan Mondorf-Les-Bains-etik abiatu eta Vittelen amaitu den Frantziako Tourreko laugarrengo etapan, Alexander Kristoffi (Katuxa) eta Andre Greipeli (Lotto Soudal) gailenduta. Esprint zalapartatsua izan da, bi eroriko egon baitira azken bi kilometroetan.

Gaurko ibilbideak 207 kilometro izan ditu eta etapa lasaia izan da azken zuzengunera arte. Lehen erorikoan hainbat txirrindulari gelditu dira moztuta, tartean Geraint Thomas (Sky) liderra. Bigarrengo erorikoa larriagoa izan da. Peter Saganek (Bora) ukondoarekin Mark Cavendish (Dimension) bota du eta kolpe handia hartu du sorbaldan. John Degenkolb (Trek) eta Ben Swift (UAE) ere jokoz kanpo utzi ditu.

 

Dena den, eguneko protagonista Guillaume Van Keirsbulck (Wanty) izan da. 160 kilometroko ihesaldiaren ondoren, helmugatik 17 kilometrotara ehizatu du tropelak.

 

Erorikoak azken hiru kilometroetan izan direnez, ez dago aldaketarik sailkapen nagusian. Geraint Thomasek jarraitzen du elastiko horiarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.