Pierre Rollandek (Europcar) irabazi du Frantziako Tourreko 11. etapa —Albertville eta La Toussuire artean, 148 kilometro—. Thibaut Pinot izan da bigarren 55era, eta Chris Froome hirugarren, denbora berean. Bradley Wigginsek lider postuari eutsi dio.
La Toussuire mendatean izan da helmuga, hemezortzi kilometroko mendatetzarrean. 28 txirrindulariko ihesalditik Kirienka, Sorensen, Kiserlovski eta Rolland iritsi dira aurrea hartuta, faboritoen taldearekiko hiru minutuko aldearekin. Atzean, Sky zen agintean, eta gainontzekoak haren menpe. Faboritoen taldean Pinot, Van den Broeck eta Brajkovic izan dira aurrera jotzen lehenak, eta Froomeek hartu du faboritoen taldearen burua. Nibali izan da jotzen hurrena, eta aurreko hiruekin bat egin du.
Orduan hasi da faborito errosarioa. Froome eta Wigginsen gurpiletik pixkanaka, Evans, Schleck eta oilar guztiak geratu dira. Skyko gizonak eta Nibaliren laukotea nor baino nor jardun dira segidan. Harik eta Froomek berriz ere egoera kontrolpean izan duen arte. Haren gurpilean liderra, eta Nibali, Van den Broeck eta Pinot. Hori zen faboritoen taldetik geratzen zena.
Ordurako Pierre Rolland iheskideei aurrea hartuta zegoen. Ihesaldiko indartsuena izan da, eta garaipen handia lortu du. Europcarren bigarren garaipena da Tour honetan, atzo Voecklerrek irabazi baitzuen.
Liderraren boskotea 55 segundora iritsi da, Pinot buruan. Froomek hainbat momentutan liderra gurpiletik kanpora eraman du; oso indartsu agertu da. Taldeko esprinta ere berak hasi du, eta Pinotekin batera, Van den Broeck, Nibali eta Wigginsi bi segundu atera dizkie. Cadel Evans sailkapen nagusiko bigarren sailkatuak 1.26 galdu du Wigginsekiko. Eta, Mentxov gaur arteko bosgarrena, desagertu egin da lehen postuetatik.
Gauzak horrela, Wigginsek lehen baino sendoago eusten dio lidergoari. Froome da orain bigarren 2.05era, eta Nibali hirugarren, 2.23ra.
Bihar 12. etapa korrituko dute: Saint Jean de Maurienne-Annonay Davézieux, 226 kilometro. Iheslarientzako etapa aproposa. Esprinterrek eta indarrez justu dabiltzanek asko sufritu dezakete etapa denbora mugaren barruan amaitzeko hasieran izango dituzten lehenengo mailako bi mendateetatik helmugara 140 kilometro izango dituztelako.
Etapako sailkapena
1. Bradley Wiggins (Sky) 04:43:54
2. Thibaut Pinot (Fdj) 55era
3. Christopher Froome (Sky) 55era
4. Jurgen Van den Broeck (Lotto) 57ra
5. Vincenzo Nibali (Liquigas) 57ra
6. Bradley Wiggins (Sky) 57ra
7. Chris Sorensen (Saxo) 1.08ra
8. Janez Brajkovic (Astana) 1.58ra
9. Vasili Kirienka (Movistar) 2.13ra
10. Frank Schleck (Radioshack) 2.23ra
16. Haimar Zubeldia (Radioshack) 3.53ra
Salkapen nagusia
1. Bradley Wiggins (Sky) 48:43:53
2. Christopher Froome (Sky) 2.05era
3. Vincenzo Nibali (Liquigas) 2.23ra
4. Cadel Evans (BMC) 3.19ra
5. Jurgen VAN DEN BROECK (Lotto) 4.48ra
6. Haimar Zubeldia (Radioshack) 6.15era
7. Tejay Van Garderen (BMC) 6.57ra
8. Janez Brajkovic (Astana) 7.30era
9. Pierre Rolland (Europcar) 8.31ra
10. Thibaut Pinot (FDJ) 8.51ra
Orain arteko etapak
- Aitzin-etapa (6,4 km-ko erlojupekoa) Irabazlea: Fabian Cancella. Liderra: Fabian Cancella.
- 1. etapa. Irabazlea: Peter Sagan. Liderra: Fabian Cancellara.
- 2. etapa. Irabazlea: Mark Cavendish. Liderra: Fabian Cancellara.
- 3. etapa. Irabazlea: Peter Sagan. Liderra: Fabian Cancellara.
- 4. etapa. Irabazlea: Andre Greipel. Liderra: Fabian Cancellara.
- 5. etapa. Irabazlea: Andre Greipel. Liderra: Fabian Cancellara.
- 6. etapa. Irabazlea: Peter Sagan. Liderra: Fabian Cancellara.
- 7. etapa. (lehen mailako mendatean bukatu da) Irabazlea: Christopher Froome. Liderra: Bradley Wiggins.
- 8. etapa. Irabazlea: Thibaut Pinot. Liderra: Bradley Wiggins.
- 9. etapa (41,5 km-ko erlojupekoa). Irabazlea: Bradley Wiggins. Liderra: Bradley Wiggins.
- 10. etapa.Irabazlea: Thomas Voeckler. Liderra: Bradley Wiggins.
- 11. etapa (lehen mailako mendatean bukatu da). Irabazlea: Pierre Rolland. Liderra: Bradley Wiggins.