Hernaniko frontoian hasiko da heldu den larunbatean Berria Txapelketa, afizionatu mailan geroz eta indar eta sona gehiagoz errotzen ari den lehiaketa. Hirugarren ekitaldia izango da aurtengoa, eta Euskal Herri osoko taldeek hartuko dute parte, beste behin. 24 dira orotara, eta 16 ariko dira lehen kanporaketa saioan. Beste zortziak, bigarren saioan sartuko direnak, iazko zortzi talde onenak dira. Hiru hilabetez, afizionatu mailako puntako pilotariak elkarren kontra ikusteko aukera izango da Hernaniko eta Altzako frontoietan.
Lehiaketa sistema urterokoa da. Kadete, gazte eta nagusien mailako bina bikote aurkeztuko ditu talde bakoitzak, eta aurrera ez du egiten elkarren kontrakoan kanporaketa gehien irabazten dituenak, tanto gehien pilatzen dituenak baizik. Hori da Berria Txapelketaren ezaugarri nagusienetakoa. Kanporaketa bakar bat irabazi gabe ere egin daitekeela aurrera, alegia, kontrarioak baino tanto gehiago pilatuz gero. Hernani, Altza, Usurbil eta Urnieta aritu dira orain arte antolatzaile lanetan, baina azken biek kale egin dute aurten eta lehenengo bien esku gelditu da antolakuntza. Murrizketak eragin ditu horrek parte-hartzaile kopuruan 32 izan ziren iaz, eta murrizketak sarien kopuruan ere hala ere, lehen zortzi taldeek saria jasoko dute aurten dirutan. Txapelketako egutegi guztia zehaztuta dago. Aurkezpenean bertan egin zen atzo kanporaketen zozketa Martxelo Otamendi Berriako zuzendariak atera zituen papertxoak, eta zerrendaburuena izan zen berritasuna. Antolatzaileak saiatu dira talde bati eta besteari galdezka, izendatuko dituzten pilotarien arabera, indartsuenen zerrenda osatzen, baina ordezkariek zalantza asko zituzten oraindik, eta iazko sailkapena errespetatuta ezarri dituzte zortzi zerrendaburuak. Badira aurten lehen aldiz parte hartuko duten taldeak ere: Lasarteko Intza eta Doneztebeko Erreka.
'www.berria.info'-n txapelketari buruzkoak
Berria egunkariak, txapelketaren jarraipena egingo du astero eta www.berria.info bere webgunean ere txapelketari buruzko informazio eguneratua emango du (taldeei buruzko xehetasunak, emaitzak, kronikak, txapelketako argazkiak...) iaz abiatutako bideari jarraiki.
Hernaniko eta Altzako frontoietan jokatuko dira partida guztiak. Larunbatetakoak Hernanikoan, eta igandetakoak Altzakoan. Dena dela, antolakuntzak ematen die taldeei aukera euren partidak euren frontoietan antolatzeko ere. Jaialdia erosi behar dute horretarako, frontoiak araudia betetzen duela ziurtatu, eta epaileak ere ofizialak izango direla bermatu. Final-laurdenak arte dute horretarako aukera, eta astebete lehenago egin behar dute eskaera. Elkarren kontra ariko diren bi taldeak ados jartzen badira, partidako eguna ere alda dezakete, aldaketa horrek txapelketari eragin ezean. Partida guztiak Oteroren pilotekin jokatuko dira.
PILOTA. Hirugarrena, heldutasunarena
Urtarrilaren 14an hasiko da Berria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu